Gasteizko Matxete Plazan egin den ekitaldi politikoarekin ospatu du Alkartasun Eguna Eusko Alkartasunak, Pello Urizar, idazkari nagusiak, Miren Larrion, EH Bildu Gasteizen izendatu duen alkategaiak eta Aitziber Salazar, Gazte Abertzaleak-eko ordezkariak hitz egin dute ekitaldian. Ondoren Campillo polikiroldegian ohikoa den bazkaria egin da. Manex Pagola alderdikidea eta Ipar Euskal Herriko kultur aitzindariari omenaldi hunkigarria egin zaio ekitaldian.
Alderdiko liderrak esan duenez, Eusko Alkartasuna marko juridiko-politikoaren aldaketa egi bihurtu dadin lan egiteko prest dago, “orain EH Bildu parte garenean, Ibarretxe lehendakariarekin koalizioan gobernatzen genuenean bezala; eta orain Hego Euskal Herriko bi parlamentuetan beharrezkoa den aldaketan sakontzeko gehiengo nahikoa dago”.
Nafarroan ematen ari den aldaketaren inguruan hitz egin du Urizarrek, eta “Nafarroan posible dena zergatik ez den EAEn posible” galdetu du. Nafarroako aldaketari buruz, EH Bildu PSNrengatik aldatzeko tentazioei buruz aritu da eta EAk “ez duela PSNren aurkako aurreiritzirik, izan beraiekin aldaketa egiten saiatu ginen, baina memoria daukagu”.
EAko idazkari nagusiak abertzaleen arteko elkarlanaren alde egin du, aurreko esperientziak oinarritzat hartuta, “Lizarra-Garazin edo EAJ, EA eta EHren arteko Legegintzaldi Hitzarmenean posible izan bazen, zergatik ez orain: biolentzia politikatik at dago eta zenbakiek ematen dute, borondate politikoa falta da”.
Estatus aldaketa defendatu du bere hitzaldian Urizarrek, “Estatu espainiarrean gutxiengo bat garen artean eskubide politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak galtzen jarraituko dugu, Estatuak gehiengo eta gutxiengoen araberako balorazioak egiten baititu”. EAko idazkari nagusiak Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Amejoramenduak alde positiboak izan dituela aitortu du, “baina ez da egia euskal oasi batean bizi garenik ezta egun ditugun baliabideak gure etorkizuna bermatzen dituztenik”.
“Gure autogobernu gaitasuna murrizten dituzten lan arautegiak, pentsioak, lege ekonomikoak, eta beste hainbat kontu Madrilen erabakitzen diren bitartean, ezingo dugu Euskal Herriko gizon emakumeen ongizatea bermatu”, ohartu du Urizarrek, horregatik “Euskal Herriak aldaketa sakona behar du, bai sozioekonomikoa baita politikoa ere, marko juridikoaren aldaketa, alegia, Estatu espainiolarekin aurrez aurre hitz egiteko”.