Martin Aranburu Carrera. Legebiltzarkidea
Administrazioaz eta politikaz aritu nahi dut gaur, izan ere, Naval auziaren inguruan PPk publiko egin duen jarrerak, harriduraz gain, larritasun punttu bat ere sortu dit. Logikoa da hauteskunde usaina aireratzen hasi eta berehala, alderdi politiko guztiek, batzuek beste batzuek baino sarriago eta lotsagabekiago halere, iritzi publikoarentzat kaltegarriak diren adierazpenak ezkutatzea eta erabaki politiko ezatseginak atzeratzea. Logikoa izanagatik, ez du esan nahi zilegi denik, eta are gutxiago edozer aitzakia erabilita egin daitekeenik. Bestela esanda, jarrera ulergarritzat jotzen badugu ere, etikak eta zintzotasunak mugak jartzen dituztela onartu beharko dugu.
Bada, PPk etikaren eta zintzotasunaren muga gainditu du oraingoan. Eta horretaz gain, iritzi publikoa inozotzat jo du, lotsa ñimiñoena sentitu gabe. Navalen krisialdiak soluziobide zaila duenik ezin da uka, eta Estatu espainoleko Gobernuaren ardurapean dagoela ere ez, eta, beraz, neurri handi batetan, Gobernu horren ardura duen alderdiak zeresan handia duela. Ados. Horregatik, baina, atzo arte Gobernu horren ardura zuen alderdiak zeresanen bat baduela azaldu beharko zaie hemengo PPko arduradun politikoei. Eta zein zen alderdi hori? Hara! PP bera zen eta!
Azken egunetan entzungai diren arduradun politiko popularren esanak entzunda, badirudi 2004ko martxora arte dena ondo egin zutela ordura arteko arduradunek; arazoa, antza, gero jaio zela. Ondorioz, beren burua aske sentitzen dute gaur egungo kudeaketa kritikatu eta Ezkerraldeko biztanleei beren babesle legez aurkezteko. Kritika horietan, aldiz, gauza txiki bat ahaztu zaie PPkoei: zortzi urtetan zehar Navalen jarduera ahalbidetuko zuten eskaeren ardura beraiek zuten, gaur egungo krisialdi egoerak beren garaietatik ondorioztatu diren iturriak eta jatorriak baitituzte. Hitz gutxitan, orduko ez-eginak, gaurko saminak. Ziur naiz, gainera, Navaleko langileek gaurko egoeraren zergatia non dagoen soberan dakitela, eta inozo itxurak hartuko dituztela PP-ren adierazpenak entzunda, Ezkerraldeko langileriaren babesle eta defendatzaile rola bere gain hartu nahian.
Edozer gauza esan al daiteke boz baten truke? PPk ezin die Ezkerraldeko langile horiei guztiei muzin egin horrelako lotsagabekeriaz eta arduragabekeriaz. Gutxienik, ez luke beren ardura zuzenaren pean sorturiko egoera baten ondorio lazgarria tresna politiko legez erabili behar.
Azken hitzak aspalditik konpontzeke dagoen gatazka bat gogoratzeko erabili nahi ditut, Caballito enpresako langileek greban jarraitzen dute eta. Hamaika hilabete jada. Eta soluziobidea oraindik ere urrun. Animo.
Jatorria: Martin Aranburu