Josu Erkiaga, Bizkaiko zerrendaburua
EAko Bizkaiko hautagaiak argi du ETAk Katalunian su-etena aldarrikatu izanak ez diola «mesede izpirik» egin, ez ERCri eta ez bere alderdiari ere. Halaber, Carod-Rovirak erakunde armatuarekin izandako elkarrizketaren gainean, gatazkari konponbidea emateko elkarrizketa baino ez duela ikusten berretsi du. Horrezaz gain, Bergarako proposamena gauzatu ahal izateko denbora eskatu du.
Josu Erkiagaren arabera, Eusko Alkartasunaren asmoa Nafarroako «bloke nazionala gainerako herrialdeetan ere eratzea» izan zen, baina EAJk ez zuen ideia hori argi ikusi, eta aurrekoan ez bezala, oraingo hauteskundeetan nor bere aldetik ariko da. «EAJk ez du izan interes berezirik ezer sakontzeko, ez gurekin eta ez besteekin», azaldu du orain, kanpaina hasieran.
Eremu abertzalean, berriro ere, nor bere aldetik arituko da hauteskundeetan. Pixka bat bada ere, EAk ez al du sentitzen Bergarako proposamenak planteatutako batasuna ez dela lortu?
Proposamen gisa aintzat hartzekoa da, ezbairik gabe. Beste kontu bat da une egokian egin den edo halako proposamen batek ez lukeen behar denbora gehiago sakontzeko. Ez dugu behar besteko denborarik izan, bakoitza bere dinamikan baitzetorren hauteskundeei begira. Gu lanean ari ginen martxoko hauteskundeetarako, eta esparru abertzalean, behintzat, alderdi guztiekin egon garen bakarrak garela uste dut. Haiek ere argi esan dute, orain denboragatik ezin izan dela lortu, baina proposamen irekia dela, gerora ere indarrean egongo de- na. Batasunarekin bildu izan gara, eta esan diegu gutxiengo batzuetarako elkarlanean aritzeko betiko oztopo handia dagoela, muturreko ezker abertzaleak behingoz har dezala gidaritza politikoa.
Ulergaitzagoa dirudi EAJrekin Estatuko hauteskundeetarako zerrenda bakarrik inoiz lortu ez izana. EAk zergatik ez zuen hori nahi izan?
Nafarroan gauzaturiko «bloke nazionala» hemen eratzea zen gure asmoa. EAJren aldetik benetako borondaterik izan balitz, formulak egon zitezkeen hori sakontzeko. Dena den, eta nahikoa berandu, EAJk argi esan zigun Erkidegoan ez zuela «blokearen» formula hori argi ikusten. Ez zaio interesatu ezkerreko koalizio bat sortzea; gure ustez EAJk ez zuen gogo handirik edo interes berezirik ezer sakontzeko, ez gurekin eta ez besteekin. Imazek modu formalean hartu duen alderdi bakarra, adibidez, Aralar izan da. Eta gu hirukoan egonda eta aurreko aldian elkarrekin joanda, zer gutxiago presidente berria kontaktuekin gurekin hastea baino! Arraroa egin zaigu.
EAJk esan du Madrilen azken legealdian inoiz baino garrantzi gutxiago izan duela. EAk, diputatu bakar bat izanik, zer egin dezake Kongresuan?
350 ordezkari daude Kongresuan eta horien aurrean, zazpi, bat edo hamabost ordezkari izatea oso erlatiboa da, askoz ere gehiago oraindik gehiengo absolutua alderdi batek duenean, PPk, esaterako. Kantitatea baino gehiago, kualitatea da garrantzitsuagoa. Kataluniako Esquerrakoekin dugun harreman onarengatik, nahiz eta ez dakigun hauteskundeek zein emaitza izango duten, argi dago aukera izango dugula talde parla- mentario propioa izateko. Horrelako talde bat sortuko dugun nazionalitate historikoko alderdi bakarrak gu gara, EA eta ERC. Hori boto-emaileek ere argi izango dute.
Ordezkaritza parlamentarioa lortuz gero, beraz, ERCrekin taldea osatzea hitzartu duzue. Carod-Rovirak ETArekin izandako hitzorduak eraginik izan du…
Irakurketa etikoa eta politikoa bereizi behar dira. Etikoa ez da gure lana, baina erakunde armatuak esparru batean atentaturik egingo ez duela esatea ez dugu uste txarra denik, behinik behin, hor sufrimendurik ez baita egongo, zorionez. Baina arlo politikoan, betikoa, aspaldian ETAk kanpainetan beti burua ateratzen du. Oraingoan Katalunian ziri handi bat sartu du. Komunikatuak Kataluniaren alde egin duela dio, baina irakurketa politiko sakona eginez, argi dago ez dela aldekoa. Pentsa, ERCren ilegalizazioaz ere mintzatu dira. ETAk ez dio mesede izpirik egin, ez Esquerrari, eta albotik, ezta guri ere.
EAk1998an ETArekin hitz egin zuen. Bide horren alde egiten al duzue oraindik ere?
Beti esan dugu gatazka konpontzeko bidea elkarrizketa dela eta hori esaten jarraituko dugu, baina elkarrizketaren helburuak argi izanda. ETArekin harremanetan jartzeko arrazoi bakarra, nahikoa dutela esateko izan da eta izango da. Utz iezaguzue alderdi politikooi, eragile sozialei… behingoz herri honen arazoak konpontzen eta desager zaitezte. Madrilera ere hitzaren balioa erakustera goaz, herri honen arazoak berri ematera. Arazoa konpontzeko edonorekin eta edonon hitz egin behar da.
Zertarako eskatzen du botoa Eusko Alkartasunak?
Boza eman behar duenak hiru gauza izan behar ditu kontuan. Bata, autodeterminazioaren aldeko lan sendoa egingo dugula. Bigarrena, normalizazio eta bakegintzaren arloan EAk Madrilgo Kongresuan ere gatazka konpontzeko bidea elkarrizketa dela argi esango duela. Eta hirugarrena, eskubide sozialen arloan gure ahotsa sendo entzungo duela. Kanpainan boto-emaile ezkertzale, bakezale eta abertzaleen mezua bota dugu.
Begoña Erraztiren arabera Mariano Rajoy eta Jose Maria Aznar ez dira berdinak. PPko zuzendari aldaketarekin ba al duzue itxaropenenik?
Ez dut uste beraren hitzak pertsonen ezaugarrien edo praktika politikoaren ildotik joan zirenik. Nire ustez, esan nahi izan zuen aurreko legealdian gehiengo absolutuz jokatzen aritu dela Aznar. Rajoy ezberdina dela esateko, inkestek askotan adierazi dutenez, orain gehiengo absoluturik gabe arituko dela esan nahiko zuen. Espero dezagun berdina ez izatea, baina aipatutako ildo horretatik, ez ideologia aldaketa bat planteatuko dutela pentsatuz.
Rodríguez Zapatero hobea al litzateke?
PSOErekin ezer egiteko baldintza batzuk exijituko genituzke guk, Esquerrak egingo lukeen gisan. Zapaterorekin edo PSOErekin bada elementu ezberdin bat Espainiako faxista horiekin izango ez genukeena: PSC Katalunian Estatutu berriaren proposamenarekin ados dago. Ez gara ausartzen Zapaterori boza emango diogunik esaten, ez genioke emango. Gainera, hiru baldintza nagusi exijituko genizkioke hizketan hasteko, lehenik eta behin. Lehenik, askatasun eta banako eskubideen arloan erakutsi duten bidea baztertu eta ezkerreko bidea hartzea. Bigarrenik, eztabaidatzen has dadila Eusko Jaurlaritzaren Plana: oraingo jarrerarekin nork emango dio, bada, botoa Zapaterori, Legebiltzarrean osoko zuzenketak aurkezten dabiltzanean? Kontraesan batean daude, antzeko markoa exijituz PSC proposamen horren alde baitago. Hirugarrenik, berriz, politika sozialetan ere beste maila bat erakutsi beharko luke, azken boladan erakutsitakoa eskuinekoa da-eta.
Zer proposatuko luke EAk Kongresuak ezker abertzalea legez kanpo utzi eta espetxe zigorrak 40 urtera gehitu ondoren?
Eskuin muturrekoa eta faxista den Estatu baten tresnei aurre egiteko tresna bakarra dugu nazionalitate txikikook. Kontua estrategia inteligenteagoak erabiltzea da. Ezker abertzaleak askotan erakutsi izan du askoz baliabide gehiago dituela horrelakoei aurre egiteko. Eta ez dakit orain zergatik ez duen hori egiten.
Jatorria: Josu Erkiaga