Martin Aranburu – Legebiltzarkidea
Joan Paulo II.a aita santuaren osasuna kinka larrian dagoela begi-bistako gauza da denontzat. Egunez egun bere osasunak txarrera egiten du, eta orain dela hilabete batzuk munduko edozein herrialderi egiten zion bisitan nekatu irudia ez bazuen ere, gaur egun egoera areagotu egin da eta hitzaldi bat irakurtzeko ere arazo larriak izaten ditu. Eta hedabideei esker bere osasunaren bilakaeraren berri une oro izateko aukera dugunez, eta horretaz gain telebistan ikus dezakegunez, Aita Santuari buruzko iritzi emaile asko suertatu dira.
Gai horri buruzko ondorioek analisiaren perspektiban dute abiapuntua, iritzi emailearen katolikotasunean edo laikotasunean, alegia. Katoliko askok ezin dute gizabanakoa ikusi, eta 83 urte dituen agurea ikusi beharrean, ardura anitz eta ezinbesteko garrantzia duen eliza katolikoaren burua dakusate; laikoek, ordea, atsedena aspaldian irabazia duen agure zahar nekatu bat baino ez, gainera, estatu baten burua ere badela ahantzi gabe. Bestela esanda, Joan Paulo II.az berba egitean zertaz aritu behar dugu? Gaitasunak murriztuta dituen estatuburu batez, pairamendu fisiko ziurra jasaten duen agureaz edo milioika pertsonaren fedearentzako sinbolo batez?
Lehenengo bi aspektuak kontuan hartuta soil-soilik, hots, edozein estatubururen erantzukizunek exijitzen duten arduretan eta edozein agurek lasai bizi ahal izateko beharrezkoak dituen bizi baldintzetan soilik pentsatuz gero, inork, katolikok zein laikok, ez luke bere burua mindutzat jo beharko Joan Paulo II.aren osasun egoera oztopo izugarria dela esateagatik. Are eta gehiago, estatu ardurak alde batera utzita, agurearengan bakarrik pentsatzen badut, gogorra da, nire ustez, agure bati atseden hartzeko aukera ukatzea, berak gehien estimatzen duen moduan bere patxada fisikoa eta espirituala lortu ahal izateko nahiko lituzkeen bizi baldintzei uko eginaraziz.
Hirugarren aspektua konplexuagoa da. Ordezkagarria al da sinboloa? Eliza katolikoak hartu beharreko erabakia da hori nire aburuz, eta zaila suerta dakidake horren inguruko iritzia ematea. Gutxik ukatuko dute gaur egun bere funtzioak betetzeko zailtasun gaindiezinak dituela, baina hementxe ageri zait kuestio horren gakoa: zeintzuk dira, hain zuzen, bere funtzioak eliza katolikoaren buru legez? Edo bestela planteaturik, zein da bere ekarpena milioika pertsonak sentitzen duten fedean? Agian sinplifikatu gehiegi sinplifikatzen dugu arazoa eta. –
Jatorria: Martin Aranburu