Azaroaren 20ko hauteskudendeetara elkarrekin aurkezteko hitzarmena aurkeztu dute Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzaleak, Alternatibak eta Aralarrek.
Eusko Alkartasunaren, Ezker Abertzalearen, Alternatibaren eta Aralarren arteko Akordio Proposamena azaroaren 20ko Hauteskunde Orokorretarako
1.- Sarrera
Espainiar Estatuko Hauteskunde Orokorrak Euskal Herrian irekitako fase politiko berrian sakontzeko aukera bat dira eta, horren ondorioz, gizartearen atxikimendua eta eztabaida politikoa sendotzeko abagunea ere badira, betiere bai bake prozesua eta konponbide demokratikoak lortzeko bidea, bai ikuspuntu subiranista, independentista eta ezkerreko batetik aldaketa politiko eta sozial baten alde eman beharreko aurrerapausoak atzeraezin bihurtze aldera.
Estatuko politika mugitzen den zalantza ekonomiko eta politikoek eragin nabarmena dute Euskal Herriko garai politiko berrien bilakaeran, baina ezin dute baldintzatu, inolaz ere, Euskal Herrian abian dagoen aldaketa politiko eta sozialaren aldeko apustua.
2.- Edukiak eta konpromisoak
Koalizio hau osatzen dugunok espainiar Estatuko hauteskunde orokorrei Herri gisa aurre egiteko konpromisoa dugu: Kongresuan zein Senatuan euskal herritarren ordezkari gisa arituko gara. Gure jardunak Euskal Herriari dagozkion nazio eskubideak aldarrikatzea izango du helburu, bereziki gure nazioaren aitortza eta hari dagokion erabakitzeko eskubidea.
Halaber, pairatzen ari garen krisi ekonomiko larria aintzat hartuta, politika sozioekonomikoek, alegia, euskal langileengan eta gure gizartearen sektore sozial kaltetuenengan eragiten duten gaiek, protagonismo handia izango dute. Koalizioko ordezkariok Lan Harremanen Euskal Esparrua exijituko dugu, euskal erakunde eta eragile ekonomiko eta sozialek enplegu eta gizarte babeserako politika subiranoak ezartzeko tresna eta eskumen juridikoak izan ditzaten; enplegu duin eta kalitatezkoaren aldeko neurriak defendatuko ditugu, eta pertsona guztien arteko berdintasun eraginkor eta benetakoaren alde lan egingo dugu.
Gizarte politikei dagokienez pertsona guztien arteko berdintasun eraginkor eta benetakoa lortzen ahaleginduko gara, bai eta gizarte babesa indartuko duten politika publikoak bultzatzen ere. Halaber, eredu publikoen aldeko zalantzarik gabeko defentsa egingo dugu bai hezkuntzan, bai osasunean, bai gizarte politiketan.
Ingurumen eta ekologia-iraunkortasunak gidatuko du gure jokaera politikoa, eta Euskal Herria egituratzen lagunduko duen egitura eta azpiegitura sozial oro defendatuko dugu.
Euskarari eta euskal kulturari zor zaien berehalako onarpena lortzen ere ahaleginduko gara.
Hauteskunde hauetan izango dugun parte-hartzea bat etorriko da egun bizi garen prozesu politikoaren fasearekin. Fase horren ezaugarri nagusia aldaketa politiko eta soziala bultzatu beharra da, eta hori garatzeko bidea behin betiko bake prozesua izango da, Euskal Herriaren eta espainiar Estatuaren arteko izaera politikoko gatazka historikoari konponbide demokratikoa emateko.
Azkeneko urte honetako gertaera politikoek erabakitzeko eskubidea euskal gizartearen agendan dagoela erakutsi dute, euskal gizartea ez dagoela ez eroso ez konforme agorturik dagoen eta nazio aldarrikapenari erantzunik ematen ez dion marko juridiko-politiko honekin. Jakin badakigu Euskal Herriaren etorkizunaren gaineko erabakia euskal gizartearen eskuetan dagoela, bera baita horren inguruko erabakiak hartzeko zilegitasuna duen bakarra, baina badakigu, baita ere, bakeari eta normalizazio politikoari dagokionez lehentasunezkoak diren zenbait arlotan espainiar Estatua beharrezko aktorea dela.
Ildo horri jarraituz, Bakea eta Normalizazioa aldarrikatuko ditugu Gernikako Akordioak jasotzen dituen baldintza guzti-guztien defentsa, sustapen eta garapen osoaren arabera.
Hortaz, azaroaren 20ko hauteskundeei begirako aliantza ezaugarrituko duten oinarrizko edukiak honako hauek dira:
-Normalizazio politikoa – bake eta konponbide demokratiko prozesua -: Gatazka behin betiko eta modu iraunkorrean gainditzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat sustatu beharko dugu. Prozesu horrek euskal gizarte osoa barne hartuko duen akordio demokratiko bat bilatuko du, eta akordio horren oinarrian egongo dira euskal nazioaren aitortza zein bere etorkizuna, indarrean dagoen egoera juridiko-politikotik abiatuta, modu aske eta demokratikoan erabakitzeko duen eskubide zilegia.
-Euskal Herria eskubide demokratiko nazionalak dituen nazio gisa aitortua izateko eskakizuna eta aldarrikapena.
-Euskal subjektu nazional horren defentsa “Euskal Herriak du hitza eta erabakia” printzipioari jarraituz. Hau da, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako gizon-emakumeen borondate demokratikoa errespetatzeko eskakizun demokratikoa, betiere Nafarroako errealitate politikoa kontuan hartuta, erritmoak eta abiadurak errealitate horri egokituz eta nafarren erabakiak errespetatuz.
-Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena dimentsio integral batean kokatu beharra, euskal gizarteari proiektu ekonomiko eta sozial baten sinonimo izango den proiektu nazional bat aurkeztuz, gizarte justu, aske eta solidarioago bat egituratzearren.
-Eredu alternatibo berri baten aldeko gure apustu internazionalistan aurrera egiteak herrien eskubideak errespetatuko dituen eta merkatuen inposaketari aurre egingo dion proiektu europar bat sustatzea esan nahi du; alegia, Europa osatzen duten herrietan, ez estatuetan, oinarritutako Europa demokratiko eta sozial baten apustu egitea. Zentzu honetan, espekulatzaile ekonomiko eta finantzieroek bakarrik sortu duten krisi ekonomikoari aurre egiteko, ez ditugu onartuko langileen eskubide ekonomikoak eta sozialak suntsitzea xede duten neurri eta politika ekonomikoak.
3.- Azalpena
Aitormena eta eskubideak exijitzen duen nazioaren erreferentzia bezala aurkeztea posible egingo duen tresna elektorala nahi dugu. Bizi dugun une historikoan espainiar eredu politiko, ekonomiko eta kulturalaren aurrean bere etorkizunaren jabe izan nahi duen nazioa badela esango dugu argi eta ozen, aldaketa politiko eta sozialaren prozesuan behin betiko bakea, aitorpena eta konponbide demokratikoen eskenatokia eskatzen duen nazioa.
Horrela, Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek partida Euskal Herria eta Espainiako estatuaren artean jokatzen dela aldarrikatzen dute. Horregatik, Euskal Herria nazio adela aitortzen duten kultura politiko guztiei zabalik dagoen tresnaren aldeko apustua egin dugu hauteskundeei begira. Eta, koalizioa egiteak suposatzen duen ahalegina onartuz, Euskal Herriaren gehiengoaren eskariari erantzun egiten dion hautagaitza bateratua aurkezten diogu euskal gizarteari.
Jatorria: Eusko Alkartasuna