Martin Aranburu. Legebiltzarkidea
Jakina da alderdietan biltzen diren gizabanako guztiek interes desberdinak dituztela. Asko ideologia determinatu batean oinarritutako proiektu sozial eta politiko bat lortzearren inplikatzen dira alderdietan, eta badira egon ere, beste pertsona askorengan bestelako interesak. Inolako ezbairik gabe gehiengo nabarmena dira lehendabizikoak, interes zintzoak dituztenak alegia, baina halere, izugarrizko tentsioak sortu ohi dituzte alderdi batean helburuak lortzeko militanteek dituzten metodologia desberdinek.
Asteartean Madrilgo Batzarrean gertatutakoa horren isla baino ez da. PSOEko bi militanteen erabakian iritzi zintzo batek eragin zuela abiapuntutzat hartuz, beraien alderdiak darabilen koalizio politika kritikatzea zuten helburu, eta baita beraien uneko boto erabakigarriak ematen zizkieten presio tresna erabiltzea ere. Gertakari honek alderdietan maiz ematen den arazo baten inguruko erreflexio bi sortu dizkit, bata alderdien handinahiaren ingurukoa eta bestea estrategia politikoen ingurukoa.
Alderdi batek beren kideei estrategia politiko orokor baten planteamendua egin, diskusioa ireki, zuzentzeak onartu eta erabakiak hartu egiten baditu, ezinezkoa behar du izan aliantza politiko determinatu batzuen ukazioa gertatzea bozka unean bertantxe. Bietako bat: aliantza, eta beraz, oinarrizko planteamendu politiko baten inguruko debaterik ez da burutu, edo estrategia horren inguruko desadostasun sakonak daude kide horien artean. Lehendabizikoa larria litzake, alderdiek beren buruari aplikatzen dioten demokratikotasunaz ari baikara, baina halere, bigarrena dirudit larriagoa, izatez, estrategi politiko baten gabeziaren isla baita. Handiak diren eta handiak izan nahi duten alderdi askotan gertatzen da estrategia garbi baten gabezia, izatez, helburu eta metodologia irmoak izatea handitasunarekin nahiko kontrajarria den kontzeptua da eta. Alderdietako zuzendaritzek badakite beren postura politikoak gehiegi definitzea kide galera izatea suposa dezakeela, izan ere, zenbat eta gehiago definitu hainbat eta desadostasun gehiago egoten direlako, eta horregatik maiz, handitasuna bera helburu bihurtzen da.
Diskutigarria da noski helburu politiko bat lortu ahal izateko erabili beharreko metodologia, horrek ematen baitu debaterako nahi adina aukera. Baina gauza desberdina da alderdi batek estrategia ezkutatu behar badu edo estrategia horren oinarrizko planteamenduak zalantzan jartzen badira, kasu horretan ez dugu alderdi aberats batez hitz egiten eta, baizik eta sinesgarritasun gabezia latza duen proiektu batez baino. Eta estrategia falta alderdiaren kalterako izanen da ziurrenik, baina zalantzarik gabe kaltetuena beti herria da. Azken finean alderdiak baitira politika egiten duten eragile nagusiak.
Jatorria: Martin Aranburu