Haritza Camblong
Joan den asteartean, 2 Demoen eta 2 Zuzen-eko kideen kontrako epaiketan, frantses epaile eta poliziak berriz ere gogor aritu dira han izan giren guzien kontra. Egia erran, ni oso guttitan izana niz holako egoera batean, CRSen erasoen beha. Orain gehiago jabetzen naiz egoera hori erregularki jasaten dutenen kuraiaz. Bainan justizia jauregiaren barnean, euskararen alde oihuka eta kantuka ari ginenean, beste gauza bat sentitu dut; denak baturik izugarriko indarra ginuela eta CRSek eta epaiketa gelan ziren beste jendeek ere, indar hori sentitu dutela pentsatzen dut.
Hori gertatu baino hiru egun lehenago, Ipar Euskal Herriko 300 bat jende bildu ginen Batera izeneko plataforma berri bat osatzeko. Plataforma horrek, iparraldearentzat, lau helburu argi ditu: Euskara frantsesaren heinean koofiziala izaitea, Unibertsitate bat lortzea, Euskal Herria departamendua sortzea eta Laborantxa Ganbara bat izaitea Ipar Euskal Herrian. Duela 15 urte lau gatu aitzindari abertzalek aldarrikatzen zutena, gaur egun, gure gizartearen parte haundi batek defenditzen edo guttienez onartzen du. Badirudi helburu horiek ontu direla eta fruitu ontuak bezala, biltzeko prest direla. Noski, ez du nehork hain erresa izanen denik pentsatzen. Heldu den hilabeteetan izanen diren ekintzak, Otsailaren leheneko manifestalditik hasirik, lau helburu horiek lortzeko pauso erabakigarriak izanen dira agian. Garbi dena da, Larunbatean sentitu zen berotasunak eta motibazioak iraun beharko duela, aldarrikapen horiek oraino gehiago gizarteratzeko. Eta su horrek iraun dezan, lau eskakizun horien alde girenak bildu beharko gira.
Urte eta pikuren buruan, hauteskunde batzu izanen dira berriz ere iparraldean. Tamalez, baliteke ordurako Batera-ren helburuak ez oraino lortuak izaitea. Orduan, Batera-ren eskaeren alde giren guziak, hauteskunde horietan hautagai amankomunak aurkeztu beharko ginituzkela iduritzen zaut. EA alderdiak, joan den udan, jadanik beste alderdi batzu gomitatu zituen, hauteskunde horietan elgarrekin aurkezteko ideia aztertzeko besteak beste.
Ea ba gai garrantzitsuenen alde denek elgarrekin lan egitea lortzen dugun azkenean. Gure Kazeta maitea salbatzeko ere, denek batera laguntzea ez ote da aukera bakarra?
Jatorria: Haritza Camblong