Eba Blancok migratzaileen heriotzak salatu ditu Euskal Herrian
Las Palmas Kanaria Handikoan bildu den Europako Aliantza Librearen Batzar Nagusiak onartu egin du
Eusko Alkartasunako idazkari nagusia den Eba Blancok migratzaileen giza eskubideen alde aurkeztutako
mozioa. Gainera, Eusko Alkartasunak Esquerra, BNG, Més-Compromis, Nueva Canarias eta PSM-Entesa
Nacionalista alderdiekin batera aurkeztutako mozioa ere onartu da, Mendebaldeko Saharak
autodeterminaziorako duen eskubidea babesteari buruzkoa, NBEren ebazpenen arabera.
Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak azaldu duenez, migrazio-fenomenoa murriztetik urrun
dago. “Gerrak eta horien ondorioak, gosea, abusuak, indarkeria zentzu guztietan, bidegabekeria, presio
politikoak, klima-aldaketa, milaka pertsona beren lurretatik irtetera behartzen ari dira, bere oinarrizko
eskubideak modu eskandalagarrian urratzen ari direlako”, adierazi du.
Euskal Herrian ere, Bidasoa ibaiak Hegoalde eta Iparraldearen artean marrazten duen mugan, migratzaileak
hiltzen direla salatu du, 2015ean Parisko atentatuen ondoren hasi eta Covid-19aren osasun krisiarekin
areagotu egin diren Frantziako agintarien kontrol gogorren ondorioz.
Blancok gogor salatu ditu beroan egindako itzulketak eta “migratzaileei ematen zaien tratu arrazista.
“Migrazio-politika horiek migratzaileek beharrezkoak ez diren arriskuak hartzera bultzatzen dituzte” esan
du, eta, horregatik, “korridore seguruak irekitzeko” eskatu du. Aholkularitza juridikoko, harrerako, osasunarretako eta laguntza psikologikoko programak ere eskatu ditu, “bidaiarekin jarraitu eta beraien bizitzaproiektuarekin jarraitu ahal izateko”.
Gainera, bi aldiz biktima diren emakume migratzaileen egoera azpimarratu du, “derrigorrezko migrazioaren
biktima dira alde batetik, eta baita jasaten dituzten bortxaketen eta irainengatik”.
Hori dela eta, asilo-politika birdefinitzeko eskatu die Europako Batzordeari eta Parlamentuari, giza eskubide
indibidual eta kolektiboen defentsaren eta babesaren ikuspegitik. Subsidiariotasun-printzipioak aplikatuz,
baimena ematea hala nahi duten lurraldeei migrazio-fluxu horiek erkidego-funtsen laguntzarekin toki-mailan
kudeatzeko. Eta, azkenik, Europako erakundeek jarduera koordinatua bermatzeko eskatu du, estatuek
pertsona horiei tratu duina, bidezkoa eta humanitarioa eman diezaieten.
Mendebaldeko Sahara
Bestalde, Eusko Alkartasunak Esquerrarekin, BNGrekin, Més-Compromisekin, Nueva Canariasekin eta
PSM-Entesa Nacionalistarekin batera aurkeztutako mozioa ere onartu da. Bertan, Pedro Sanchezek
Mendebaldeko Sahararekiko duen irizpide-aldaketa salatu da, eta gatazkaren konponbidea deskolonizatzeke
dagoen lurralde honen autodeterminazio-erreferenduma dela berresten da.