Eba Blancok migratzaileen heriotzak salatu ditu Euskal Herrian
Las Palmas Kanaria Handikoan bildu den Europako Aliantza Librearen Batzar Nagusiak onartu egin du Eusko Alkartasunako idazkari nagusia den Eba Blancok migratzaileen giza eskubideen alde aurkeztutako mozioa. Gainera, Eusko Alkartasunak Esquerra, BNG, Més-Compromis, Nueva Canarias eta PSM-Entesa Nacionalista alderdiekin batera aurkeztutako mozioa ere onartu da, Mendebaldeko Saharak autodeterminaziorako duen eskubidea babesteari buruzkoa, NBEren ebazpenen arabera.
Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak azaldu duenez, migrazio-fenomenoa murriztetik urrun dago. “Gerrak eta horien ondorioak, gosea, abusuak, indarkeria zentzu guztietan, bidegabekeria, presio politikoak, klima-aldaketa, milaka pertsona beren lurretatik irtetera behartzen ari dira, bere oinarrizko eskubideak modu eskandalagarrian urratzen ari direlako”, adierazi du.
Euskal Herrian ere, Bidasoa ibaiak Hegoalde eta Iparraldearen artean marrazten duen mugan, migratzaileak hiltzen direla salatu du, 2015ean Parisko atentatuen ondoren hasi eta Covid-19aren osasun krisiarekin areagotu egin diren Frantziako agintarien kontrol gogorren ondorioz.
Blancok gogor salatu ditu beroan egindako itzulketak eta “migratzaileei ematen zaien tratu arrazista. “Migrazio-politika horiek migratzaileek beharrezkoak ez diren arriskuak hartzera bultzatzen dituzte” esan du, eta, horregatik, “korridore seguruak irekitzeko” eskatu du. Aholkularitza juridikoko, harrerako, osasunarretako eta laguntza psikologikoko programak ere eskatu ditu, “bidaiarekin jarraitu eta beraien bizitzaproiektuarekin jarraitu ahal izateko”.
Gainera, bi aldiz biktima diren emakume migratzaileen egoera azpimarratu du, “derrigorrezko migrazioaren biktima dira alde batetik, eta baita jasaten dituzten bortxaketen eta irainengatik”.
Hori dela eta, asilo-politika birdefinitzeko eskatu die Europako Batzordeari eta Parlamentuari, giza eskubide indibidual eta kolektiboen defentsaren eta babesaren ikuspegitik. Subsidiariotasun-printzipioak aplikatuz, baimena ematea hala nahi duten lurraldeei migrazio-fluxu horiek erkidego-funtsen laguntzarekin toki-mailan kudeatzeko. Eta, azkenik, Europako erakundeek jarduera koordinatua bermatzeko eskatu du, estatuek pertsona horiei tratu duina, bidezkoa eta humanitarioa eman diezaieten.
Mendebaldeko Sahara
Bestalde, Eusko Alkartasunak Esquerrarekin, BNGrekin, Més-Compromisekin, Nueva Canariasekin eta PSM-Entesa Nacionalistarekin batera aurkeztutako mozioa ere onartu da. Bertan, Pedro Sanchezek Mendebaldeko Sahararekiko duen irizpide-aldaketa salatu da, eta gatazkaren konponbidea deskolonizatzeke dagoen lurralde honen autodeterminazio-erreferenduma dela berresten da.