Larunbatean, hilak 18, Baionan egingo den ekitaldian emango dizkie Ohorezko Lauburuak.
Nestor Basterretxea eskultoreak, Libe Goñi andereñoak, Ugutz Robles diziplina anitzeko artistak eta Andoni Iturrioz kultura-sustatzaileak jasoko dituzte 2010ean Alkartasuna Fundazioak urtero ematen dituen ‘Euskal kultura eta euskara sustatzeagatiko eta defendatzeagatiko Sariak’.
Euskal Herriko zenbait jendek eta kolektibok gure hizkuntzaren eta kulturaren alde egindako lana saritzeko sortutako sarien bigarren edizio honetan, Alkartasuna Fundazioak aitortu egin nahi du lau saridunek gizartearen zerbitzura egin duten ibilbide luzea; izan ere, saria jasoko duten pertsona horiek gure Herrialde txikitik denboraldi zailetan egin duten etengabeko lana eta lan isila (gizarte-aintzatespena errazagoa den unetan) direla medio ekarpen garrantzitsuak egin dizkiote kultura unibertsalari, euskal kulturaren alde lan egitea abarkaduna izatearen edo xede txikiak izatearen sinonimoa dela dioen tristea bezain faltsua den topikoa hautsiz.
Rafael Larreina Alkartasuna Fundazioaren presidenteak emango dizkie ‘Ohorezko Lauburuak’ eta ‘Ohorezko diplomak’ saridunei abenduaren 18an (larunbata) Baionako Trinquet Moderne-n 11:00etatik aurrera. Ekitaldi horretan Jean Mixel Bedaxagar eta Mitxel Etxecopar musikariek, Luis Laka eta Fermin Mihura bertsolariek hartuko dute parte, eta, bukatzeko, bazkari bat egingo da saridunen omenez.
Saridunak:
Nestor Basterretxea Arzadun.
Eskultorea, margolaria eta euskal zinema-zuzendaria.
Libe Goñi.
Iparraldeko ikastoletako lehen andereñoa eta euskal eskola publikoaren andereño aitzindarien kolektiboaren kide nabaria.
Ugutz Robles-Aranguiz.
Lapurdiko diziplina anitzeko artista (antzerkia, musika, olerkia, balleta)
Andoni Iturrioz.
Senpereko Larraldea kulturgunearen sustatzailea; bertsolaritza-arloko ekitaldiak, pintura- eta eskultura-erakusketak eta euskarari eta euskal kulturari buruzko hitzaldiak egiten dira gune horretan.
Jatorria: Eusko Alkartasuna