Asteburuan Iruñean burutuko den X Biltzar Nagusiaren lema da Alkartasuna indartuz!

“Alkartasuna indartuz” da Eusko Alkartasunaren X. Biltzarraren leloa. Datorren asteburuan bilduko gara Iruñean, Barañainen, eta “Alkartasuna indartuz” lelo horrek Biltzarrean egingo ditugun planteamenduen bi ardatzak laburbiltzen ditu.

Planteamendu horiek euskal gizartearekiko gure konpromisoa aintzat hartzen dute, une honetan geldiune onartezina pairatzen ari diren hiru esparrutan aurrerapausoak ematearen aldeko konpromisoa, hain zuzen ere: normalizazio politikoan, egoera sozioekonomikoan eta erabakitze eskubidearen aitortzan.

Gure Biltzarra heldu da eta une honetan zaila da arlo horietan baikorrak izatea, esparru horietan egiten ari den kudeaketa politikoa agerian uzten ari delako geldialdi honetan jarraitzeko interes argia dagoela, atzera egiteko interesa ez bada.

Gure Txosten Politikoak erantzuna eman nahi die gatazkaren eta erabakitze eskubidearen inguruko atalei, eta txosten sozioekonomikoak konponbideak proposatzen ditu eredu sozialdemokrata bati jarraituz, eta erakusten du politika neoliberalak aintzat hartu gabe ere posiblea dela egoera honi aurre egitea. Islandia horren adibidea da.

Genioenez, “Alkartasuna indartuz”, txosten politikoan konplexurik gabeko aldarrikapena egiten dugulako. Azkeneko lau urteotan egin dugun bidea, duela sei urte abian jarri genuena, alegia, aldarrikatzen dugu, burujabetzaren bidean eta indar subiranisten metaketaren bidean aurrerapausoak ematea ahalbidetuko luketen bideen alde.

Eta “Alkartasuna indartuz”, elkartasuna sozialdemokraziaren oinarrietariko bat delako, elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa delako krisi ekonomiko egoera honetan.

Lehenengo atalari dagokionez, Printzipio Demokratikoaren aldeko apustua berretsi egiten dugu, independentzia lortzeari begira. Printzipio Demokratikoa aurreko biltzarretan onartutako txosten politikoetan ere jaso egiten genuen; horixe da gure inguru geopolitikoan ere hartu duten bidea. Eskozian, Quebecen, Katalunian horren aldeko apustua egiten dute, herritarrek beraiek aurrebaldintzarik gabe euren etorkizuna erabaki dezaten.

Horixe da Printzipio Demokratikoaren oinarria: herri baten etorkizunari begira baldintza bakarra herritarren erabaki demokratikoa izan dadila.

Horrela izan behar du, azkeneko lau urteotan zerbait ikasi baldin badugu, hori delako, Estatua dela baldintza gehien jartzen dituena burujabetzaren aldeko prozesu demokratikoak abian jartzerakoan. Lehenik eta behin, indarkeriaren desagerpena; gero, zeharkako akordioen beharra; beti, gehiengo kualifikatuen beharra… Prozesua baldintzatzeko ahaleginak azken batean, erabakia herritarrengandik urrundu nahian.

Katalunia horren adibide argia dugu: han ez dago indarkeriarik eta zeharkako gehiengo osoa dute. Baina horrek ere ez du balio, antza.

Batzuek herri borondateari mugak jarri nahi dizkioten bitartean, Eusko Alkartasunak, ordea, demokrazian sakontzearen aldeko apustua egiten du.

Behin baino gehiagotan esan dugu jada Eusko Alkartasunak argi duela hausnarketarako denbora amaitu dela eta orain prozesu subiranista aktibatzen hasteko garaia dela. Hori dela eta, Biltzarrean eztabaidatuko dugun Txosten Politikoak burujabetzarako bidea zehaztuko du, Eusko Alkartasunak ikusten duen moduan: etapak, Euskal Herriko errealitate administratibo ezberdinetan hartu beharreko abiadura, horretarako behar ditugun tresnak.

Txosten Politikoak, zuzenketak zuzenketa, hiru abiadurako burujabetza proposatzen du. Kontraesanak egon daitezkeen arren, ikuspuntu praktiko batetik bide horrek aurrerapausoak norabide egokian ematea ahalbidetuko du, eta printzipio demokratikoaren oinarriak aintzat hartzen ditu. Mailaz mailako prozesua izango da, eta tresna ezberdinak, Biltzarrean zehaztuko ditugunak, beharko ditu garatzeko.
Halaber, azpimarratu behar dugu Eusko Alkartasunak bere kapital politiko osoa eskainiko duela eskubideak urratzen dituen edozein ekimen edo ekintza errotik desagertarazteko, biktima guztiei, salbuespenik gabe, aitortza eta erreparazioa eskaintzeko, eta Euskal Herriak nahi eta behar dituen elkarbizitzarako eremuak eraikitzeko. Horregatik, Biltzarrak eztabaidatuko duen Estatutuen Txostenak Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Idazkaritza sortzea proposatzen du. Idazkaritza horren zeregina elkarbizitzarako estrategia bat zehaztea izango da.

“Alkartasuna indartuz” leloak jasotzen duen bigarren atalari dagokionez, elkartasunaz aritu behar dugu, elkartasuna delako sozialdemokraziaren oinarria, eta sozialdemokratak direlako instituzioetatik bultzatzen diren ezkerreko politikak. Sozialdemokraziaren printzipioak eta baloreak berretsi egiten ditugu, eta erreferentzi historikotzat jotzen dugu europar eredu soziala, zehatzago, Ongizate Estatuko Eskandinaviako Eredua.

Elkartasunaz hitz egiten dugu Euskal Herrian eraiki nahi dugun Ongizate Estatuko eredu sozialaren oinarria herritarren oinarrizko beharren estaldura unibertsala delako, arretaren kalitatea eta babes sistemaren iraunkortasuna bermatuz. Oinarrizko beharrak gizarte eskubidetzat hartu behar dira eta, beraz, hala jaso behar dute marko konstituzionalek eta, horri jarraituz, Estatuak berak bermatu behar ditu.

Sozialdemokraziaren printzipioak inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur egun, sozialdemokraziak, prestazioak kudeatu baino, elkartasuna eta justizia soziala sustatzen dituelako.

Gure ustez, sozialdemokraziak bi lehentasun ditu gaur: okerren dauden sektoreekiko elkartasuna eta sistema publikotik aukera berdintasuna bermatzearen alde lan egitea.

Esparru sozioekonomikoa eta politikoa oso estu lotuta daude, eta Kataluniako prozesuak argi uzten du euskal independentismoari ere bere diskurtsoa argudio sozioekonomikoetan oinarritzen hasteko ordua iritsi zaiola sektore sozial berriak erakartzeko, sektore batzuk ikusten ari direlako Espainiak ez duela bermatzen Ongizate Estatua, eta independentzia dela bidea horretarako.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna