Eusko Alkartasuna pozik agertu da Altsasuko hiru gazteri hirugarren gradua ezarri dietelako, baina horrek ez duela bere kasuaren bidegabekeria ezkutatzen azpimarratu du. Alderdi sozialdemokrataren arabera, bidegabekeria nabariagoa da, izan ere, ia lau urtez kartzelan egon ondoren, espetxe-sistemak ez die bizitza garatzen uzten.
Eusko Alkartasunarentzat argi dago neurriak gazteen eta beraien familien egoera arinduko duela, baina ahal den neurrian konpondu behar den egoerarentzat partxe bat baino ez da. Ahal den neurrian, izan ere ezerk –ezta Europatik irits daitekeen neurria ere- ez baititu galdutako urteak konpentsatuko.
Espainiako Estatuan Justiziaren oinarriak aldatzeko beharraren adibide argia da Altsasu auzia, baina ez da bakarra. Eusko Alkartasunaren ustez, Espainiako Gobernu aurrerakoiak erronka horri heldu behar dio legegintzaldi honetan. Guardia Zibilaren txosten faltsuen agerpenen aurrean, beraiek egindako akusazio guzti-guztiak berrikustea erabat beharrezkoa da, baita horiek izan dituzten ondorio larriak ere, hala nola gazte horiek jaso duten 13 urteko kartzela-zigorra.
Eusko Alkartasunak behin eta berriz esan du bere burua demokratikotzat jotzen duen Estatua ezin dela bidegabea izan. Espainiako Gobernu berriak Euskal Herriaren bakegintzaren eta normalizazioaren aldeko ekarpena egin behar du eta horretarako Guardia Zibilaren demokratizazioa edo zilegi diren aldarrikapenak jazartzeari utzi behar zaioala aitortzea bezalako neurriak behar dira.
Eusko Alkartasunak, euskal gizartearen gehiengoak bezala, Altsasuko gazteentzat justizia eskatzen jarraituko du, argi baitago hori ez dela justizia.