Senatariak PPri eskatu dio behingoz utz dezala estaturik gabeko nazioen aurkako beligerantzia

 

EH Bilduren senatari eta Eusko Alkartasunako kide den Idurre Bidegurenek esan du Kataluniako prozesuan auzipetutakoen amnistia aukera historikoa dela, 78ko erregimenak estatuko nazioekin burutako iruzur demokratikoa konpontzen hasteko. Alde horretatik, Feijóoren PPri eskatu dio normaltasun politiko demokratikoa oztopatzeari uzteko eta Kataluniari eta estaturik gabeko gainontzeko nazioei buruz eztabaidatzen hastea, Euskal Herria barne, jakina. “Eztabaida serioa bermatzeko, ezinbestekoa da gatazkan murgilduta dauden guztiak egotea. Erbestean daudenak eta errepresio-prozedura judizialei lotuta daudenak ere”.

Euskal ordezkari autonomikoak, hain zuzen ere, popularren mozio bat baliatu du Senatuko Autonomia Erkidegoen Batzordean, ekimenari buelta emateko eta irmoki defendatzeko herrien aniztasuna eta berezitasuna errespetatzeak ez duela inolaz ere Estatuko herrien arteko berdintasunari erasotzen. “78ko erregimenak orain arte mahai gainean jarri digun café para todos baino, guk eskatzen dugun kafea elkarrekin hartzea proposatzen diogu, eta hori ez da inondik inora elkartasunaren aurkakoa”, aldarrikatu du.

Feijóoren negazionismoak argi erakusten du orain lurraldetasunaren eztabaida ateratzen duela komeni zaiolako, baina Bidegurenek adierazi du botere politiko guztiek dutela Kataluniako gatazka politikoaren kausak eta ondorioak konpontzeko erantzukizuna. Gatazka konpontzea “bere mozioak ez bezala”, zalantzarik gabe, Espainiako demokrazia eta nazioarteko ospea hobetuko lituzke. “Zergatik baztertzen dute orain Aznarrek eta Rajoyk gobernatu dutenean erabili duten aldebikotasuna? Zer arazo dute Kataluniako edo Euskal Herriko herritarrei ahotsa emateko beren proiektu nazionalaren erakargarritasunaz hain ziur badaude?”, galdetu die senatariak zuzenean popularrei.