EH Bilduren ekimenez, gehien erabiltzen diren tresna digitaletan euskara ager dadin, legez besteko proposamen bat ez du onartu Legebiltzarrak.
EH Bilduko legebiltzarkidea eta EA kidea den Lore Martinez Axpek azaldu duenez, gaur egun, Google eta Meta bezalako teknologia digital enpresa erraldoiek “euskara diskriminatzen jarraitzen dute, eta hori bukatu behar da. Esparru guztietan gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea dugu”.
Neurriak hainbat ekintza zituen. Eusko Jaurlaritzak euskararen presentzia digitalari buruzko azterketa egitea. Txostena enpresa teknologikoei emango zitzaien, hizkuntzaren presentzia bermatuko luketen neurriak ezartzeko bidean. Azkenik, erabiltzaile euskaldunen artean, beren gailuak beren hizkuntzan konfiguratu ditzaten kanpaina bat martxan jartzea eskatzen zen.
Gai honetan bidai luzea egiteke dago Martinez Axpek azaleratu duen bezala. Googleren kasuan, Google Search bilatzean ez da euskara sartzen. Google Chromen nabigatzailearen interfazea 47 hizkuntzatan dago, baina ez dago euskaraz. Google Adwords-ek ez ditu euskarazko iragarkiak onartzen. Ondorioz, euskal enpresek edo merkatariek ezin dute euskarazko iragarkirik txertatu Googlen. Euskal komunikabideek ere ezin dute erabili monetizazio-sistema hori.
Bestetik, Metari dagokionez, munduan gehien erabiltzen den mezularitza-aplikazioa, WhatsApp, ez dago oraindik euskaraz, eta gauza bera gertatzen da Instagram aplikazioarekin. Gainera, gazterian eragin berezia duten eta euskara ere kontuan hartzen ez duten beste operadore garrantzitsu asko ere badaude, hala nola, Tik Tok.
“Egoera eskas honi buelta emateko ekintzak egin zitezkeen, baina gobernuak ezer ez egitea erabaki du. Euskarazko digitalizazioari dirua emateak ez ditu diskriminazio horiek konpontzen”, bukatu du Martinez Axpek.