Jueces para la Democracia elkartearen biltzarra ireki du gaur goizean, Gasteizen, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. Hasiera ekitaldian biltzarra egiteko Arabako hiriburua aukeratu izana eskertu du Joseba Azkarragak; izan ere, esan duenez, euskal gizartearen gogo demokratiko agortezina saritzen da horrela, eta sostengu zuzena ematen zaio Euskadiko herritarrek bakearen alde eta helburu politikoak biolentziarik gabe lortzearen alde egin duten apustuari.
Hurrengo bi egunetan Justizia, Elkarrizketa eta Bakea izango dira hizpide nagusiak. Azkarraga sailburuaren ustez hiru gai horiek giltzarri izango dira Euskal Herriarentzat tragikoa izan den garai bat amaitzeko eta etorkizuneko bizikidetza bermatzeko. Ezin da konponbiderik egon edo ezin izango zaio izen hori eman Justizia ez bada hori definitzen duen ezaugarria. Eta hori horrela diot, adibidez, ezin izango dugulako pentsatu ere egin tuneletik irtetea lortu dugula biktimek jasandako sufrimenduagatik justizia egin zaiela pentsatzen ez badute.
Sailburuak gaineratu duenez, begien bistakoa da elkarrizketaren bidetik baino ez dugula arazoen konponbidea aurkituko. Hitz egitea eta iritziak trukatzea konprometitzen gaituzten oinarrizko ekintzak dira, eta horiekin bermatu ditzakegu akordioak. Horren ildotik, epaileen elkarteko kideei gogorarazi die euskal erakunde publikoek urteak daramatzatela elkarrizketa irekia, mugarik eta bazterkeriarik gabekoa, eskatzen; hori baita elkartzeko eta etorkizunean elkarrekin bizitzeko alternatiba baten alde lan egiteko herritarrek, alderdiek eta gizarte-erakundeek aurkitu dezakegun bide bakarra.
Horrez gain, Joseba Azkarragak aitortu duenez, bakea biolentziarik eza baino askoz gehiago da; izan ere, bakeaz hitz egitea errespetatzen diren eta defenditzen diren eskubideez, askatasunaz eta berdintasunaz hitz egitea da, eta proposamen demokratikoekin lan eginez izango dugu bizirik egon nahi duen edozein gizartetan dagoen oinarrizko gatazkari aurre egiteko aukera. Eta bakeaz hitz egitea, noski, justiziaz hitz egitea ere bada.
Epaileei zuhurtzia eta inplikazioa eskatu die bake prozesuan, izan ere, justizia ematen dutenei bertuteren bat eskatu behar bazaie, bertute hori zuhurtziarena da zalantzarik gabe. Hala ere, gaineratu du haren hitzekin ez duela epaileen independentzia eta inpartzialtasuna kolokan jarri nahi legea aplikatzerakoan. Ez da hori, inola ere, nire asmoa zehaztu du. Besterik gabe, gizartearen egoera martxoaren 22tik asko aldatu dela uste dut. Nire ustez ezer ez da lehen bezalakoa, pertsona askoren finean, gizarte osoaren askatasunari egiten zitzaion mehatxu ikaragarria desagertu delako.
Azkenik, Azkarragak goraipatu nahi izan du haien lanean euskal epaileek erakutsi duten zintzotasun eta profesionaltasuna, eta, bestalde, arauak interpretatzerakoan uneko egoera eta testuinguru soziala kontuan hartzeko eskatu du. Oker daude egungo egoeran ere epaileak denboratik eta gizartearen egoeratik at arauak aplikatzen ikusi nahi dituztenak. Hala ere, onartu du politikoen lana dela legegintza-boterearen bidez, epaileei tresna egokiak ematea, egungo garaiekin eta printzipio eta askatasun demokratikoekin bat datozenak.
Jatorria: Joseba Azkarraga