Eusko Alkartasunako idazkari nagusiaren ustez, PSEk publikoan erakusten duena baino jarrera positiboagoa du zabaldu berri den prozesuaren inguruan.

Euskal Herrian irekitako prozesuari buruz PSEko agintariek egiten duten hausnarketa publikoki adierazten dutena baino baikorragoa dela uste du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, eta espainiar presidenteari arduraz jokatzeko eskatu dio. Zapateroren egoera ez dela erraza onartu du Urizarrek, “edozein keinu eginez gero, PP gainera etorriko zaiolako”, baina mugimenduak egongo diren konfiantza aitortu du “PSOEren barruan Eguigurenen gogoetarekin ados dagoen jendea egon badagoelako”.

PSEk haren hitzak neurtzen ditu iritzi publikoari begira, adierazi du EAko buruzagiak, baina benetan pentsatzen dutena bestelakoa da. “Pastorrek berak esan du urrats bat eman dela, eta PSNko idazkari nagusiak ere ematen ari diren urratsak positiboak direla aitortu du”, gogorarazi du. “Jakin badakigu hori pentsatzen dutela, ofizialki beste gauza bat esaten duten arren”.

PPren presioak presio, Euskal Herrian abian dagoen aldaketa politikoak oxigenoa eman diezaioke Zapaterori; izan ere, “ekonomiaren aldetik ez du konponbiderik eta karguan jarraitzeko duen aukera bakarra prozesu honi behingoz heldu eta konpontzea da”.

Urizarrek pazientzia eskatu du eta ETAren mugimenduak norabide egokian dauden arren, urrats gehiago ematea beharrezkoa dela nabarmendu du. Bere esanetan, “ETAk badaki konponbide politikoa alderdi eta eragile politikoei bakarrik dagokiela”.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna