Teoriatik praktikarako jauzia egin behar dugu
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Arenys de Munt Kataluniako udalerrian igandean irekitako bideari jarraitzera dei egin die indar abertzale guztiei, Arenysen Kataluniako independentziari buruzko kontsulta egin baitute. Urizarrek nabarmendu duenez, “giro politiko egokia” sortu behar da “teoriatik praktikara pasatzeko”, eta ildo honi jarraituz, “kontsulta bat egiteko aukera errepikatzen baldin bada, aprobetxatu beharko” dela adierazi du.
Agintari abertzaleak gizarteari independentzia bezalako gaiei buruz galdetzea ona dela adierazi du eta Katalunian horrelakoak Euskal Herrian baino normaltasun handiagoarekin egin ahal izateak “nolabaiteko inbidia” ematen diola aitortu du Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean. “EA horrelako kontsultak egitearen alde egon da beti eta duela gutxi Kontsultaren Legea Madrilen geldiarazten zutela ikusi dugu”, gogorarazi du.
Horrelako urratsak eman ahal izateko lehenengo baldintza gainontzeko alderdi abertzaleekin akordioetara iristea da, Urizarrena buruz, gero ekimen zehatzak martxan jartzeko.
Pasa den legealdiari buruz, EAko agintariek lehen ere esandakoa berretsi du Urizarrek: EArentzat herri kontsulta egitea ezinbesteko baldintza izan zela Jaurlaritzan sartzeko. Emaitza, ordea, ez zen EAk espero zuena izan, “EAJk ez zuelako espainiar Gobernuari aurre eman nahi eta EB bestaldera begira zegoelako”. EA izan zen, beraz, aurrera jarraitzeko prest zegoen bakarra.
Azken urteotako zatiketa ikusita, EAko idazkari nagusiak “alderdi abertzaleek akordioak lortzeko gutxienezkoak proposatu behar” dituztela esan du, “batik bat alderdi espainolak horixe egiten ari baitira”. Zentzu honetan, Lizarra-Garaziko Akordioaren balioa ere goretsi du, “garai hartan izan zelako espainiar Estatuak Euskal Herriko etorkizunari beldur izan zionean; PSOEk eta PPk egoera kontrolatzeari uzten ziotela ikusi zuten orduan eta geroztik euren estrategia aldatu da Jaurlaritzara heltzeko”. Urizarren iritziz, Lizarrakoa bezalako hitzarmen bat berriz ere gauzatu ahal izateko, “ETAren oztopoa gainditzea ezinbestekoa izango da; ETAri gatazkaren atal teknikoa negoziatzea besterik ez zaio egokituko”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna