Guztiok onartu beharreko oinarri politikoak, baketsuak eta demokratikoak izan beharko dituen indar subiranisten batasunaren aldeko apustuari eusten dio EAk, Ikerne Badiolak berretsi duenez.
Ikerne Badiolaren iritziz, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak gaur goizean EAri egin dion eskariak “agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak eta PSOE osoak beldur diotela indar independentisten batasuna gauzatzeari, batasun horrek oinarri politikoak, baketsuak eta demokratikoak bakarrik izanda ere“. Izan ere, Aresek batasun hori egituratzeko helburuari uko egiteko eskatu dio EAri.
“Aresen hitzek independentista guztiok bultzatu behar gaituzte ekintza batasunaren alde lanean jarraitzera eta ildo estrategiko horretan sakontzera”, nabarmendu du EAko Komunikazio idazkariak. Bere esanetan, “Herrizaingo sailburuak jakin badaki geure apustuak berebiziko garrantzia duela eta sekulako aukera politikoak irekitzen dituela, bai eta euskal politika errotik alda dezakeela ere”. Badiolaren irudiko, “horixe da, hain justu, PSOEk eta PPk nahi ez dutena, gauzak aldatzea; beraiek eroso daude egungo egoera honetan, Alderdien Legeak Euskadiko herrietan eta hirietan benetan ez duten gehiengo instituzionala ematen dielako. Geure ekimenari dioten beldurra kezkagarria da, ekimen zilegia eta demokratikoa delako eta, are gehiago, gatazka politikoa behin betiko konpontzeko bidean jartzeko ahalmena izan dezakeelako”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna