Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Argentinan izango da hilaren bukaera arte. Bidaia honen helburua bertako gobernuarekin bi akordio sinatzea da. Hitzarmen horien bitartez, bertako Lanbide Heziketa eskoletarako teknologia berriak lortzeaz gain, Heziketa Bekak ere bultzatuko dituzte. Iztueta Argentinako Hezkuntza sailburuarekin eta Rosarioko alkatearekin bilduko da, besteak beste.

Anjeles Iztuetarekin batera joango dira Argentinara, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako kontseilariordea, eta hezkuntza munduko beste hainbat ordezkari. Euskal herritik joango den ordezkaritzak bi herrialdeen arteko lotura estutzea du helburu.

Heziketa Beka horien bitartez, ikasleek bi herrietako irakaskuntza desberdinak ezagutzeko aukera izango dute. Aldi berean, Argentinako eskolek teknologia berriak erabiltzeko erraztasun gehiago izango dituzte.

Hezkuntza sailburua Lanbide Heziketako eskola batzuetan ere izango da, horien artean Buenos Aireskoa. Azken hori Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortu zen.

EUSKAL ASTEA

Bestalde egun hauetan Euskal Astea egiten ari dira Rosarion eta hori dela eta hainbat ekitaldi berezi antolatu dira. Horietan guztietan izango dira Euskal Herritik joandako ordezkariak. Aldi berean eta arrazoi berdinagatik, Anjeles Iztueta bertako alkatearekin bilduko da.

Ekintza horiekin Eusko Jaurlaritzaren helburua Argentinako gobernuarekin harremanak estutzea da. Akordio horien bidez, Lanbide Heziketan lanean ari diren irakasle eta ikasleek beste herrialde batzuen esperientziak ezagutu, eta bertako irakasle eta eskolekin elkarlanean aritzeko aukera izango dute.

Jatorria: Anjeles Iztueta