JUANJO AGIRREZABALA Eusko Alkartasunak parte hartuko du bihar ETAk hildako 15 ertzainen aldeko omenaldian.

Ertzaintzaren lehenengo promozioaren 30. urteurrena dela-eta Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak Arkauten biharko deitutako ekitaldia Euskal Herrian garai politiko berria ireki dela eta indarkeria iraganeko kontua dela onartzea da, adierazi du Eusko Alkartasunak. EAk parte hartuko du ekitaldi horretan; bertan ETAk hildako 15 ertzainen omenez piztutako suontzia behin betiko itzaliko da, eta haien oroimenez monolito bat inauguratuko da.

Eusko Alkartasunak biktima guztiak, salbuespenik gabe, aintzat hartu eta elkartasuna adieraziko die beti. Hori dela-eta, Juanjo Agirrezabala legebiltzarkideak parte hartuko du omenaldian, ezinbestekoa delako urratsak ematea biktima guztiak aintzat hartzeko eta adiskidetzea lortzeko bideak zabaltzeko.

Eusko Alkartasunak, beti bezala, Ertzaintza defendatu eta haren beharra aldarrikatzen du, benetako polizia integrala izan dadin eta giza eskubide guztiak errespetatu eta berma ditzan.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA