Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Anjeles Iztuetak azken egunotan herritarren aurrean azaldu duenez dagoeneko beteta daude hiru erronka handi, zailak benetan baina gure gizartearentzako beharrezkoak ziren hiru erronka, hain zuzen ere. Legealdi honen hasieran EAko ordezkari gisa hartu zituen hiru konpromiso ziren: Eusko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege Proiektua onartzea, gero Eusko Legebiltzarrean tramitatzeko asmoz, 2002ko Irakaskuntzako Enplegu Eskaintza Publikoa aurreikusitako datak eta epeak betez burutzea eta Haurreskolak Kontsortzioa sortzea, hiru urtetik beherakoen hezkuntza eta asistentzia arreta kudeatuko duena.
Euskadiko herritarrentzako hiru gai garrantzitsu hauen aurkezpen publikoan Anjeles Iztuetak adierazi duenez politika besteen zerbitzurako lan bezala ikusten du, herri baten zerbitzurako lana hain zuzen ere, Euskal Herriaren zerbitzurakoa alegia, biziki maite baitu eta erabateko ustea baitu harengan. Bere ustez politikarien zeregina irtenbideak aurkeztea da, gogotik lan egitea pertsonen bizitza hobetzeko eta erosoago bihurtzeko. Espiritu horrek bultzaturik ari da etengabe lanean Legealdi hasieran ezarritako helburu eta xedeak betetzeko ahaleginean.
Jatorria: Anjeles Iztueta