Arrantza jarduera ekonomiko errentagarri eta iraunkorra bihurtzeko, eta ekoizpen-kostua ordaintzeko, gutxieneko prezioak arautzeko neurriak behar direla esan du Idurre Bideguren, EH Bilduko senatariak gaur Senatuko Osoko Bilkuran Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroari egindako galdera batean. Arrantzak Euskal Herrian duen garrantzia gogorarazi du Bidegurenek, eta jasangarritasuna eta klima aldaketaren ondorioen erronkari aurre egiten dagoen sektorea dela ere gogorarazi du.
Hori dela eta, eta Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Araudi berria laster onartuko dela kontuan hartuta, harrapatutako arraina biltegiratzeko mekanismoa aktibatzea bultzatu duen galdetu dio EH Bilduko senatariak ministroari. Era berean, gutxieneko prezioak bermatzeko mekanismoak egonez gero, nola izango liratekeen jakin izan du.
Bidegurenek azaldu duenez, prezioaren bilakaerak ez du aurrera egin eta ezegonkorra da. Izan ere, antxoaren kanpainaren batez besteko prezioa, (arrantzaleen diru iturri nagusia, iparraldeko hegaluzearekin batera) azken bi urteetako batez bestekoa baino baxuagoa izan da (87 zentimo, 1,25 euroren aldean), eta 2010eko prezioa baino askoz baxuagoa, orduan 2,72 eurokoa izan baitzen.
Arrantza-sektoreak, 2020an, Covidaren ondorioak arintzeko laguntzak jaso zituen, batez ere produktua biltegiratzeko, baina aurten ez dago horrelako laguntzarik. Otsailean ere sektorearen kezka helarazi zion ministroari, eta orain, esan du,  “kostaldeko arrantzak zailtasun handiak ditu, belaunaldien arteko erreleboa, stockei eustea, eraginkortasun energetikoa eta Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik inportatutako arrainen lehia, besteak beste”.

IMG-20190530-WA0011