Eusko Alkartasunako herrialdeetako koordinatzaileek, Joseba Gezuragak, Maiorga Ramirezek, Iñaki Ostolazak eta Fernando Velascok sinatutako iritzi artikulua.
Eraldatze sozial sakonak eta egoera ekonomiko kezkagarria bizi dugun honetan inoiz baino beharrezkoagoa da politikatik krisiari aurre egiteko neurriak hartzea, eta eremu progresista eta ezkertiarretik, gizarte eragileekin, etorkizuneko proposamenak eta porrot egin duen eredu sozioekonomiko eta finantzieroari alternatiba bat aurreratzen joatea. Orain artekoak krisian amiltzera eraman baikaitu.
Alternatibak proposatzeko beharrezkoa da egoera zintzoki aztertzea, guztiaren errua beste batzuei bota gabe. Horixe baita sozialdemokrazia azken aldian murgilduta dabilen debatea.
Sozialdemokraziak, ez dago bere egoera onenean baina lorpen garrantzitsuak izateaz harro egon daiteke, ongizate egoera lortzeaz, munduko hainbat tokietan lortutako herritarren eskubide eta askatasun mailaren hobetzea…
Ezkertiar guztiak onartuta eta errotuta duten demokrazia partehartzailea, garapen lokala eta ingurumenaren defentsa sozialdemokraziak garatu eta formulatu ditu. Eta sozialdemokraziarik gabe, zaila litzateke, laikotasun, berdintasun, sexu askapen edota sektore publikoaren defentsa bezalako kontzeptuak ulertzea.
Eusko Alkartasunarentzat ezinbesteko beste kontu bat, politika fiskal mailakatuaren bitartez burututako aberastasunaren banaketa da. Eta hau, sozialdemokraziara batuta doa: ongizate estatuak behar duen dirua bermatzeko fiskalitate mailakatu eta justua.
Zeintzuk dira neoliberalismoak proposatzen dituen alternatibak? Estatu gutxiago, gizarte zerbitzu eta prestazio gutxiago eta herritarrentzat segurtasun gutxiago. Eta honen aurrean zer proposatzen dute aurrerakoiek? Murrizketa sozialen aurka borrokatzea, erreforma fiskal mailakatua, sektore publikoaren defentsa -lanpostu sortzearen iturri eta kalitatezko zerbitzu sozialen berme bezala- eta merkatuaren aurrean ekonomia errealari bultzada. Hau da, sozialdemokraziak orain arte lortutako postulatuen oinarriak.
Aurrerakoitasunak orokorrean onarturiko postulatu hauen defentsan, sozialdemokraziatik hasi eta ezker tradizionalera doan ezkerra kalera atera zen iragan larunbatean. Kalera atera ginen porrot egin duen eredu kapitalistari alternatiba ezartzea nahi dugula pentsatzen dugunak.
Izan ere gizarteari eskaini behar dioguna zera da: instituzioak beste modu batetan gestionatu daitezkeela pentsatzen dugunen artean adostutako alternatiba errealak.
Sozialdemokraziak aipatutako hausnarketa itxi behar duenik ez dugu ukatuko, eta ezker tradizionalak ere egin beharko luke: mahai gainean dugun galdera berrietarako erantzun berriak, inoiz bizi ez dugun egoerari alternatibak. Aurrerakoiak eta ezkerrekoak garen guztiok -alderdiak, sindikatuak, gizarte eragileak- hobe genuke oinarrizko akordioak lortuko bagenitu, indarrean dugun eredu neoliberalari aurre egiteko eta eredu ekonomikoa aldatzeko, gure eredu sozialak lortu dituen aurrerapenak defendatzen ditugun bitartean. Gure ardura da eskuineko indar eta gobernuei horrenbeste erraztasun eman dion gure arteko borroketan indarrak ez galtzea.
Ezkerrak badu, bai, konpondu beharreko auzia. Eta arduraz jokatzeko krisi egoera honetan -krisi ekonomikoa eta eredu krisia- Europan ezkerrak pisu politikoa galdu duela aitortu behar dugu hasteko. Zergatik jarri du gizarteak eskuineko alderdietan une hau gainditzeko konfiantza? Zergatik elkartasunak ez du lehen zuen babesa, aberastasunaren banaketaren oinarria izanda? Lehen Ongizate Estatuarekin harro agertzen baginen, zergatik iruditzen zaigu orain zerga gehiegi ordaintzen ditugula eta “besteek” jasotzen dutela horren onura? Nola esan diezaiokegu gizarteari norbanakoaren askatasunak ez duela indibidualismo itsuarekin zerikusirik? Nola jokatu behar dugu lana eta langileen balioa handitzeko kapitalaren aurrean?
Eta horrez gain Europar Batasuna eta euroaren etorkizunari buruz dauden zalantza guztiak ere hor daude, eta Euskal Herrian subiranotasunaren gaia gehitu behar da ezinbestean.
Gai guzti horiek argitzea beharrezkoa zaigu, ez dugulako nahi krisia nola edo hala gainditzea. Teorikoki eta erakundeen eguneroko kudeaketan aplikatu daitezkeen errezetak atera behar dira hausnarketa horretatik, eta hori errazago lortuko dugu guztion artean lan egiten badugu. Elkarlana behar dugu eta ez bakarrik alderdien artekoa, baizik eta horretarako prest dauden sindikatu eta eragileekin ere, demokrazia partehartzailea, elkartasuna, norbanako eta gizartearen askatasuna eta berdintasuna bezalako kontzeptuak egungo egoeran izan behar duten esanahia denon artean bilatuz.
Eta hori lortzeko, gizarteak adostasunak bilatzeko borondatea eskatzen digu, eta ez bakoitzaren ideiak azken muturreraino defendatzeko gaitasuna. Nazional arloan argi geratu zaigu hori horrela dela eta gai ekonomikoetarako ere errezetarik honena dela uste dugu.
Euskal Herriko ezker subiranistak, abertzale aurrerakoiek ekonomian ere adostasun zabala dugu eta horrek emango digu indarra gizartearekin batera lan egiteko, beti gizartearekin batera, eta egoerari buelta emateko. Nola? Alde batetik, gobernatzen ditugun erakundeetan beste kudeaketa bat posible dela frogatzen; bestetik, kaletik, larunbaterako Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzaleak, Alternatibak eta Aralarrek deitutako manifestazioetatik eta otsailaren 25ean eta martxoaren 29an euskal gehiengo sindikalaren deialdia babestuz; eta, zalantzarik gabe, Madrilek inposatzen digun murrizketa sozialei aurre egiteko subiranotasunaren alde lan egiten.
Joseba Gezuraga, Iñaki Ostolaza, Maiorga Ramirez eta Fernando Velasco, Eusko Alkartasunako herrialde koordinatzaileak
Jatorria: Eusko Alkartasuna