Egiturazko bortizkeria jasaten dugu emakumeok Euskal Herrian, eta mundu osoan zehar. Emakume izate hutsagatik diskriminatuak, mespretxatuak, zokoratuak, bortxatuak, jipoituak eta erahilak gara; egunero.
Azaroaren 25aren inguruko egunak datuz betetzen dira, emakumeonganako bortizkeria deskribatzeko: aurten 4.519 emakumek eraman behar dutela bizkartzaina, salaketek %3,4 egin dutela gora, sexu bortizkeria kasu gehienak etxe barruan ematen direla…
Zenbaki guzti hauek latzak dira, baina errealitatearen argazki gordina erakusten dute; oso urruti gaudela benetako bake egoeran bizitzetik. Eta kasu guzti hauen jabe ez ginateke izango emakumeek era ausartean gertatutakoa kontatuko ez balute.
Beraz, lehenik eta behin, Eusko Alkartasunatik gure eskerrik beroena helarazi nahi diegu emakumeei egoera honen jabe egiten laguntzen gaituztelako.
Bigarrenik, bortizkeria kasuak salatzen jarrai dezaten eskatzen diegu.
Eta azkenik, erakunde publikoei, epaitegiei, komunikabideei, eta gizarte zabalari errealitate honi begiak eta belarriak ez ixteko eskatzen diogu, behingoz, gizarte bezala, lehentasunez artatu dezagun emakumeenganako bortizkeria.
Emakumeen aurkako bortizkeria existitzen da, egiturazko biolentzia da, urteko 365 egunetan emakume jaiotze soilagatik pairatzen duguna gizarteko %50ak. Egoera hau aitortu ezean, eta bortizkeria hau jasaten dutenen errelatoa barneratu eta sinistu ezean, ezin izango dugu emakumeok aske izan ez Euskal Herrian, ez munduko edozein partetan.
Eusko Alkartasunak bat egiten du emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako ekimenekin, eta Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko deia luzatzen du.