Justizia sailburuak uste du «hipokresia» dagoela, eta solaskideak ezin Batasunako 23 kideren atxiloketa «normalizazio politikoa trabatzeko ahalegina» da Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua eta EAko zuzendaritzako kidearentzat, «botere judizialaren esku hartzea gai politikoetan». Azkarragarentzat, atxiloketak gertatutako unea oso garrantzitsua da testuingurua ulertzeko. «Aukera politiko baten aldeko politika egitea erabakitzen dutenean, orduan hori galarazten zaie?»,
galdetu zuen atzo, prentsarekin izaniko solasaldian.
Egoera Jaime Mayor Oreja Espainiako Barne ministroa zenekoarekin parekatu
zuen Azkarragak, eta solaskideak atxilotzearen kontraesana salatu. «Gauzak okertzen direnean, solaskideak atxilotzen dituzte. Horrek nora garamatza?». Eta jarraitu zuen: «Elkarrizketak geldituta daude, blokeo egoera dago, baina goiz edo berandu berriro hasi beharko dute hitz egiten. Orduan, zer berme izango dute solaskideek baldin eta atxilotuak izan
daitezkeela badakite?».
Horregatik, azken egunotan entzuten ari diren adierazpenetan «hipokresia»
dagoela nabarmendu zuen kontseilariak. «Irlandan, edo Hegoafrikan, ez da inoiz horrelakorik gertatu. Eta hemen PPren eta PSOEren arteko lasterketa eroa gertatzen ari da, latorrizko bularra ea nork handiagoa. Horrek, ordea, ez garamatza inora. Boto batzuk lortzera, besterik ez», gaineratu
zuen.
«POLITIKA EGITEKO UNEA».
Azkarragak unea baliatu zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren proposamenaren garrantzia eta balioa aldarrikatzeko. Politika egiteko unea zela, eta ulergaitza zela proposamenari eman zaion erantzuna. Erantzun horiek «kezkaz» hartu dituela esan zuen. «Ulergaitza litzateke ate danbatekoarekin erantzutea», azaldu zuen. «Guk txertaketa bilatu nahi dugu, ez dugu ukatzen akordioa egon daitekeela, baina akordioa errespetuaren bidez lortu behar dugu, bestela ez da elkarlana egongo». Horregatik, elkarrizketarik eza ulergaitza zela nabarmendu zuen.
Lehendakariak egitasmoarekin aurrera jarraituko duela berretsi ondoren,
Espainiako Gobernuari PPren presiopean aritzea leporatu zion Joseba
Azkarragak. Eta Barajasko atentatuaren ondoren ere, negoziazioak egon
zirela gogoratu zuen. Ildo horretan, Espainiako Gobernua ETAren
su-etenaren amaiera atzeratzen ahalegindu zela esan zuen, «udal
hauteskundeetan irabazteko».
Kontsulta legezkoa dela esan zuen, baina «beldurra» zegoela. Itxaropen
mezua zabaldu zuen. «Ez dut uste Rodriguez Zapaterok atea itxiko dionik
elkarrizketari».
Jatorria: Joseba Azkarraga