Elkarrizketa Begoña Erraztiri BERRIAn Baikorra eta zuhurra da aldi berean Begoña Errazti. Gatazka konpontzeko aukera dagoelauste du, saiatzeko giroa dagoela, baina errezeta zaharrekin sumatzen ditu eragile batzuk.

Tafallan ospatuko du gaur EAk alderdiaren eguna, «Nafarroan UPNren eta PSNren eredu nabarristarekin bat ez datozenak badirela adierazteko». Alderdiko lehendakari Begoña Errazti (Barakaldo, 1957) izango da hizlari nagusia, ohi bezala. «Denon artean irtenbidea bilatzea posible dela izango da nire mezuaren mami nagusia. Aukera hor dagoela, eta ezin dugula alferrik galdu».

Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko harremanei buruzko albisteak eta gezurtatzeak, espetxe politikaren gaineko eztabaida… Zeren seinale da aste honetako zarata hau guztia?

Kontuz ibili behar da zaratarekin edo entzuten den guztiarekin. Aurreko fase batean gaude, alderdi politikoen artean mintzaidetza sendoak lortzeko garaian. Fase hau ez dago bukatua. Hasten ari da. Isilean lan egin behar dugu. Eskuzabal jokatu besteekin harremanetan, eta mintzaidetza horiek ahalbidetu, orain arte zenbait alderdiren artean apurtuta zeuden elkarrizketa bide horiek eraiki.

Borondate ona sumatzen diezu alde guztiei, Patxi Lopezek bezala?

Aukera ikusten dut. Aukera dugula, eta ezin dugula galdu. Hori ikusten dut. Ez dut beste ondoriorik. Borondatea alde guztietan? Nahiko nuke. Baina erakutsi behar da. Bazterketa defendatzen bada, ez dakit borondatea non dagoen. Kezkagarria da norbaitek pentsatzea bazterketarekin irtenbidea bilatuko dugula. Badakigu hori ez dela gertatuko. Udan zenbait diskurtso antzinakoak izan dira, eta hor kezkatzeko arrazoiak daude.

Antzinako diskurtsoez ari zarenean, zeri edo nori buruz ari zara?

Bazterketaren diskurtsoa entzun dugu. Ez dakit zer indar politikok ez duela egon behar, indarkeria gaitzetsi beharra dagoela… Diskurtso hori erabiltzeko unea ez da. Joan diren urteetan ez dugu gatazka konpondu. Alderantziz, gehiago korapilatu da. Une historikoa da, eta orain arteko mekanismoak ahaztu behar ditugu.

Alderdi sozialistaz ari zara, edo EAJz ere bai?

Alderdi sozialistaz, edo PPz. Ez du zentzurik batak beste batzuk baztertzea, eta besteak bere burua baztertzea. Baina uste dut planteamendu horiek aldatuko dituztela. Hau aurrera doa. Saiatzeko giroa badago, hori bai. Baina ez da matematika.

Baina, matematika izan gabe, helburu jakin batzuk ere izango dituzue fase honetan, konfiantza eraikitzeaz gain. Elkarrizketa mahairako metodologia edo oinarriak hitzartzeko ahaleginean ari zarete?

Gauza oso sinpleak egin behar ditugu. Alderdi bakoitzak zer pentsatzen dugun elkarri esateko gaitasuna behar dugu. Egoera normalizatuan oso sinplea litzateke, baina gurea ez da egoera normalizatua. Kontrako egoeratik gatoz. Alde guztiok egoera eta gatazka nola definitzen ditugun adierazi behar dugu, eta gakoak zein diren. Horretarako da une hau. Espero dut hortik ateratzea ezaguera zehatza, serioa, eta horrekin gai izatea, mahai erabakitzailera heldu baino lehenago, definizio sinpleak hitzartzeko. Baditugu esperientziak: hor dago Eztabaidagunea, eta beste neurri batean, Elkarri-ren mahaia, lagungarri.

Aurreko fase hau zenbateraino luza daiteke, zure ustez?

Epeak ipintzea oso arriskutsua da. Prozesu hauek ez dira errazak, eta ez dira motzak, normalean. Mintzaidetza arrazoizkoa bideratzen dugunean, orduan bai, epe batzuk beharko dira. Dagoeneko udazkenean gaude, eta hilabete batzuk beharko ditugu.

Prozesu osoari begira, 2007ko udal hauteskundeak aipatu ohi dira mugarri gisa.

Nahiago dut lehenago zerbait ikusiko dugula pentsatu. Aurrerapausoak lehenago espero ditut. Keinuak eta gauza gehiago ikusi behar dira, baina posible da. Astia badago, 2007a arte ez itxoiteko.

Baina aurrerapauso zehatzik ez da ikusten azkenaldian. Une zehatz honetan, eragile nagusiek, zure ustez, zer urrats edo zer keinu egin beharko lituzkete?

Alderdi politikoak dira eragile nagusiak, instituzioetan ere alderdiak daudelako. Batetik, diskurtsoek desberdinak izan behar dute. Bazterketa diskurtsoek bukatu egin behar dute. Bestetik, badira keinu asko egiteko, baina ez du izan behar «nik hau ematen dizut» eta «zuk hau». Ez dut horrela ulertzen. Gatazka zer den, zergatik jasaten dugun eta konpontzeko zer egin behar dugun zehazteko sakondu behar dugu. Ez da truke batean aritzea bezain sinplea.

Jose Antonio Alonsok eta Mercedes Gallizok espetxe politikan aldaketarik egiteko asmorik ez dutela ziurtatu dute. Ez transferentziarik ez gerturatzerik. Sinesten?

Sinesten diet espetxe eskumena ez dutela transferituko, eta une honetan sakabanaketa defendatzen dutela, eta eusten diotela. Baina mugimenduak egin beharko dituzte. Eta guk garbi utzi behar dugu: edozein kasutan, eta noski gatazka politikoa konpontzerakoan ere bai, estatu espainolak ez du eskubiderik arauak ez betetzeko, eta nabarmena da presoen sakabanaketa espetxe arautegiaren aurkakoa dela.

Miguel Buenek aitortu berri du sakabanaketa zigor erantsia dela presoen senideentzat. Hori berria da sozialisten artean.

Konturatu bada, oso ondo. Baina orain arauak bete behar dituzte, eta sakabanaketa bukatzea posible egin.

Prozesua luzea, zaila eta gogorra izango dela esan du Rodriguez Zapaterok. Zer ulertzen diozu?

Begi bistako kontuak. Denok dakigu hori. Batez ere hemen bizi garenok, eta gatazka sufritzen dugunok. Baina ona da hori aitortzea. Seriotasunez hartzea. Baina nahiko nuke, luzea, zaila eta gogorra izango dela esatearekin batera, beste hau ere esatea: «Euskal gatazkari irtenbidea emateko prozesuan parte hartzeko konpromiso osoa dugu, euskal gizartearen erabakien errespetuan oinarrituta».

Ez du ematen oraingoz esango duenik. Estatuan agintean direnek konpromiso hori hartu gabe, euskal herritarren erabaki eskubideari errespetua adierazi gabe, badago irtenbiderik?

Normalizazio politikoa aitortza horretatik etorriko da, azken batean. Beraz, hori gabe, zaila da normalizazioa imajinatzea. Gatazkak badu jatorri bat, eta jatorri horretara ez bagoaz, ez dugu ezer lortuko. Baina parte horretan ez dago Espainiako Gobernua bakarrik. ETAk ere garbi eduki behar du errespetatu behar duela euskal gizartearen borondatea. Euskal gizarteak, baketzearen arloan, lasai bizi nahi du. ETA desagertzea nahi du. ETAk ere badu bere lana egiteko, alderdi politikoek ere lana dugun bezala, hori ahalbidetzeko.

Gerta liteke normalizazioaren arloan aurrera egitea zailagoa izatea bakegintzan baino?

Baina batera doaz. Jatorrirantz joan behar dugu. Aztertu behar dugu gatazka nola sortzen den, non dagoen une honetan, eta zergatik. Bata eta bestea oso lotuak doaz. Ez da indarkeria indarkeriagatik. Orain, ETAk bihar bertan erabakitzen duela desagertzen dela, eta betirako? Zer ondo! Oraintxe sinatuko nuke. Oso ondo, zeren indarkeriarik ez izatea oso garrantzitsua da gure herriarentzat. Baina hausnarketa serio batean, beste guztia gaineratzen dut. Une honetan, hausnarketa osoa egin behar da.

ELAk zalantzak agertu ditu alderdien mahaiak izan ditzakeen emaitzez. Besteak beste, alderdi sozialistari beto eskubidea emateko arriskuaz ohartarazi du.

Sakondu behar dut ELAren agirian. Orain ez dut emango iritzirik. Aztertu behar dut, eta haiekin kontrastatu. Beto eskubidea ez du inork. Hor bide bakarra dago: herritarren erabakia, edo gehiengoaren erabakia. Baina horretara heldu baino lehenago, baditugu beste gauza asko egiteko. Prozesu honetako pauso guztiak ez dakit nola emango ditugun. Oraingoz ezin dugu esan hau horrela eta horrela izango dela. Prozesua ixtea izango litzateke. Guk bere garaian planteatuko ditugu gure gakoak: Euskal Herria nazioa dela eta eskubidea duela erabakitzeko. Horren garapena? Nahiago dut hor uztea. Denon artean eztabaidatu behar dugu. Gainera, prozesu osoa nola izango den argi-argi ez dago. Ez du egon behar, gainera. Alde askotako prozesuetan inork ez du, bakarrik, prozesua kontrolatzen.

Diskrezioa behin eta berriro eskatzea, azken batean, ezer gutxi aurreratzen ari dela ezkutatzeko era bat ere izan daiteke?

Diskrezioa beharrezkoa dela diot, baina baita ere argi eta garbi esaten dut aurreko fasean besterik ez gaudela, eta jendeak hori jakin egin behar duela. Jendeak ez du merezi beste gauza bat sinetsaraztea. Herritarrak ezin dute frustazio gehiago jasan. Jakin behar dute prozesua korapilatsua dela. Prozesu hauek luze jotzen dute, eta hau esan egin behar zaio jendeari. Diskrezioa ez da ezkutatzea. Diskrezioa da ez kontatzea beharrezkoa ez dena. Diskrezioa da indar politikoekin mintzaidetza zabalik edukitzea. Eta gehienekin, badugu. Eta uste dut besteek ere badituztela. Ez gara egunero hedabideetan arituko esanez honekin bildu naiz eta honetaz hitz egin dugu, harreman horiek desitxuratzea erraza baita. Konfiantza eraikitzeko prozesuan gaude. Baina konfiantzarena nola azaltzen da?

«Gobernu alternatibaren lidergoa hartu nahi duen erabaki beharra dauka PSNk»

Euskal Alkartasuneko lehendakari izateaz gain, Nafarroako legebiltzarkide ere bada Begoña Errazti. 2007rako gobernu alternatiba bideratzea hartu du helburutzat Nafarroako EAk.

Nafarroan zuen lehentasuna gobernu alternatiba osatzea dela esan duzue urte politikoaren hasiera honetan.

Orain arte bezala. Beti defendatu dugu hori. Baina, hemen, PSNk zehaztu behar du jarrera. PSNk egon behar du horrelako alternatiba batean. Eta, oraingoz, ez du jarrera zehaztu.

Baina zuekin elkarlanerako borondate handirik ez zaio sumatzen Carlos Chiviteri.

Baina guri esker ari da gobernatzen zenbait lekutan! Ez dute irteerarik haiek ere. Alternatiba izan nahi badute, beste batzuk kontuan hartu behar dituzte. Ez dute beste biderik. Alternatiba, gainera, eskuin itxi bati. UPNri! Bestela, ez baduzu izan nahi alternatiba, zertarako zaude politikan? Ez du logika handirik. Hausnarketa horretara helduko dira. Bizitza politikoa oso baldintzatua dago Nafarroan. Parlamentuko ikerketa batzordeak ere ez dira seinale ona. Ez gaude egoera normal batean. Edo, adibidez, Tafallan sare publikoan D ereduan matrikulatzerik ez dago… Gauza batzuk benetan bitxiak dira. Nafarroan alternatiba beharrezkoa da.

Ikerketa batzordeetan diren auziek UPNri benetako kaltea egitera heldu dira, edo ari dira erantzukizunak saihesten?

Espero dut ondorioak edukitzea. Horren atzean ardura politikoak daude. Zigor arloan ardura pertsonena da, baina ardura politikoak ere badaude. Honekin ez dut esaten UPNk duela errua, baina bada errealitate bat. Pertsona batzuk sigla horretan egon dira.

Gobernu alternatiba osatzeari buruz ari zela, Nafarroa Bai koalizioa indartzea proposatu zuen Patxi Zabaletak joan den astean Berrian. Ados?

Indar politiko horiek indartzea, bai. Ados nago horrekin. Baina berriz ere zenbakiekin egiten dugu topo. Eta alternatiba alderdi sozialistarekin egin beste biderik ez dago. Nahiz eta beste indar politiko guztiak indartu, zenbakiak hor daude, eta logika. Benetan aldaketa bat eragiteko Nafarroan, alderdi sozialistak erabaki behar du ea lidergo hori hartu nahi duen. Orain.

2007an Nafarroa Bai koalizioan aurkezteko aukerari buruz galdetzeko goizegi da?

Bai.

Imanol Murua Uria / berria.info
Jatorria: Begoña Errazti