Nekane Alzelairen partehartzea Gasteizko Parlamentuan
Eusko Alkartasunak Lege Proiektu honi bere aldeko botoa emango dio.
Lege Proiektu
hau arrazoitzeko, ezinbestekoa da 2002.urteko aurrekontu orokorren eztabaida
gogoratzea. 2001.urteko urriaren 30an Jaurlaritzak, 2002.urterako aurrekontu
orokorren lege proiektua Legebiltzarrera igorri zuen, eztabaidatua eta bere
kasuan onartua izan zedin. Osoko bilkuran nahikoa quorumik lortzen ez zelako,
osoko zuzenketak ez ziren abenduaren 31rarte eztabaidatuak izan, orduan hasi
zelarik lege proiektu honen eztabaidaren tramitea. Honela, 2002.urtea, aurrekontu
orokorren legea onartu gabe hasi zen. Horregatik berez jarri ziren indarrean
luzapen arauak.
Baina, 2002.urteko
aurrekontuen lege proiektuak bere tramitea jarraitu zuen. Urtarrilaren 23an
ospatutako osoko bilkuran, legebiltzar honetako gehiengoaren borondatez, hainbat
sailen aurrekontuak onartuak izan ziren. Honela,

– Lehendakariordetza

– Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerkuntza saila

– Etxebizitza eta Gizarte gaietarako saila

– Justizia, enplegua eta Gizarte Segurantza saila

– eta Osasun sailaren

aurrekontuak onartu ziren, bai eta EITB eta Osakidetzaren aurrekontuak ere.
Honela gizarte gastuarekin zer ikusia duten sailen aurrekontuak onartuak izan
ziren. Aurrekontuen ia %70 onartua izan zen. Ala ere, gainontzeko sail eta baltzu
publikoen aurrekontuak deuseztatuak izan ziren, eta hauek, luzapen arauen arabera
finkatuta gelditu ziren, hau da urtarrilaren batetik indarrean zeuden bezala
gelditu ziren.
Lege proiektu
honen arrazoia ez da deuseztatu zen hura berriro ere eztabaidatu eta onartzea.
Esan bezala, onartu gabea luzapen arauen arabera finkatuta gelditu zen. Baina
badira hainbat ekimen, egun bizi dugu egoera politikoaren ondorioz, hainbaten
bizitza bermatzeko ezinbestekoak direnak. Badira hainbat plangintza, ekonomiaren
sustapena bermatu al izateko eta horrela inguruko herrialdeen adinako lehiakortasun
maila eskaintzeko aurrera eraman beharrezkoak. Lurraldeen arteko kohesioa lortu
al izateko hainbat azpiegituretan inbertsioak ere ezinbestekoak izango dira.
Luzapen arauek guzti hau ez dute bermatzen, horregatik ekimen berezi batzuk
onartzea beharrezkoa da. Hori da lege proiektu honen arrazoia.
Ez ditut banan
banan lege proiektu honek barne biltzen dituen ekimen guztiak azalduko, baina
bai gure ustez aipagarrienak direnak.
ETA-k indarkeria
alde batetara uzten ez duen bitartean segurtasun neurriak indartzea ezinbestekoa
da. Uste dut neurri honek ez duela bestelako argibiderik behar.
Terrorismoaren
biktimei laguntzako bulegoa sortu berria da. Bulego honen ardura, terrorismoaren
biktimei eta indarkeria edo jazarpen mota guztiak jasan dituzten pertsonei,
etengabeko eta zuzeneko laguntza ematea da. Bere ekintza nagusiak hiru hauek
dira:

– kalteak jasandako pertsonei zuzeneko laguntza eskaintzea

– laguntzak jasotzeko espedienteen tramitazioa

– biktimen aldeko diru-irabazi asmorik gabeko erakundeentzat laguntzak tramitatzea.

Guzti honetarako bulego hau diru nahikoz hornitu behar da.
Egun, informazio
eta teknologia berrien iraultza bizi dugu. Atzean gelditzerik nahi ez badugu,
aldaketa hauetara egokitzea ezinbestekoa izango da. ONUK urtero kaleratzen duen
Giza Garapenerako txosnenak ere horrela zioen, Internetek aberats eta txiroen
arteko distantzia oraindik gehiago areagotzen duela. Izan ere informazio iturrietara
iristeko aukera izateak giza garapenarekin erlazio zuzena du. Eta egun informazio
iturririk garrantzitsuena internet dela esan genezake. Erronka honi erantzuteko,
Jaurlaritzak ‘Euskadi Informazioaren Gizartean Plana’ garatzeko konpromisoa
hartu zuen. Plan honen helburua, euskal gizartea era digital berrira egokitzea
eta teknologia berriak pertsona guztien eskura jartzea zelarik. Helburu hau
lortzeko hiru ildo nagusi jarraituko direlarik:

– internet guztiontzat

– enpresen lehiakortasuna informazio eta komunikazioen teknologia berriak erabiliz
lortzea

– hezkuntza maila guztietan teknologia berrien ezagutza eskaintzea
Programa honen
jarraipena bermatzea garrantzitsua dela diogu eta beraz diru nahikoz hornitzea
beharrezkotzat jotzen dugu.
Garapen teknologikoa
da epe luzera produktibitatearen eta enpleguaren hazkunde faktore nagusia. Herrialde
batetako enpresen garapen maila teknologikoaren artean, enpresa horien lehiakortasun
mailaren artean eta herrialde horren hazkunde ekonomikoaren artean lotura zuzena
dago. ‘Teknologia Berrikuntzako 2001-2004 Plana’ garatzeak eskaintza
teknologikoa finkatzeko aukera zabalduko du. Plan honen ildo nagusiak honako
hauek dira:

– ezagutza teknologikoa sortu eta sustatzea

– ETORTEK programaren bidez ikerketa estrategikoa sustatzea

– Unibertsitatetan sortutako ahalmenez, enpresak baliatzea

– garapen teknologikoari laguntzea
Inguruko herrialdetako
enpresekin lehian aritu al izateko, besteak beste, honelako inbertsioek garrantzi
itzela hartzen dute eta beraz plan honi behar adinako garrantzia eman behar
zaio.
Uraren arloan,
uka ezina da, egun baliabide honen kudeaketari ematen zaion garrantzia, izan
ere, geroz eta urriagoa den baliabide bat bai da. Horregatik ura modu eraginkorrenean
erabiltzeko estandarrak lortu al izateko, beti ere ingurumenarekin errespetutsua
izanik eta europar iradokizunak jarraituz, ur plangintza egokia diseinatu beharko
da eta beharrezko diren obra Hidraulikoak burutu beharko dira. Obra hidrauliko
hauen helburua lerro nagusiak honako hauek izango direlarik:

– populazio osoarentzako ur dotazio nahikoa lortzea

– hirietako ur hondakinen tratamendua

– uholdeen aurkako defentsarako neurriak zehaztea
Inbertsioekin jarraituz,
portuetako instalazio eta azpiegiturak hobetzeko ahalegina azpimarratu nahiko
genuke, ekonomiaren sustapenerako beste ardatzetako bat ere badelako. Arraina
manipulatzeko, izotz fabrikak eta oro har teknologia berriaz hornitutako instalazio
berrietan inbertsioak egitea ezinbestekoa izango da ekonomiaren sektore hau
hobetu nahi bada behintzat. Eta era berean portuen egoera hobetu al izateko
kai eta dikeak konpontzeko beharrezko inbertsioak egin beharko dira bai eta
dragatze lanak burutu beharko dira.
Guzti hau finantzatzeko
zorpetze eragiketen aukera eskaintzen du lege proiektu honek. Baina erabaki
hau testuinguru zabalago batetan ulertu behar da. Ezin ahaztu dezakegu Jaurlaritzaren
diru sarrera erabat finkatua dagoela, besteak beste Aldundien aportazioengaitik.
Bestalde urtarrilaren 23an Jaurlaritzak aurkeztutako lege proposamenaren %70
onartua izan zen. Eta batez ere aintzakotzat hartu behar dugu egungo, mundu
mailako, testuinguru ekonomikoa. Kontutan izan behar da kanpo eskaerak, kontsumoak
eta inbertsioak izan dezaketen murrizketa. Zentzu honetan Jaurlaritzak egoera
honi bere esku dituen tresnak erabiliz egingo dio arre: gizarte gastua eta inbertsiorako
ahalegina areagotuz, zikloaren kontrako aurrekontuak aurkeztuz, defizit maila
batekin eta zor publikoaren jalkia aurreikusiz.
Arrazoi guzti hauengatik
Eusko Alkartasunak Lege Proiektu honi bere aldeko botoa emango dio.

Jatorria: Eusko Alkartasuna