Sabin Intxaurraga Nire ustez, joan zen maiatzaren 25eko emaitzek 2001eko EAEko autonomia-hauteskundeen ondorioz sortutako indar korrelazioa eta horietatik sortu zen hiru alderdiko Eusko Jaurlaritza sendotu dituzte. Eta, aldi berean, agerian utzi dute PP eta PSOE alderdiek sustatutako Batasunaren ilegalizazioak hauteskunde-mapa beren mesederako aldatzea zuela funtsezko helburu, baita Hego Euskal Herriko erakunde nagusietako agintera iristea edo horri eustea ere, betiere AuB eserlekuen banaketatik bazter utziz. Izan ere, bide horretatik beren aldekoagoa den indar korrelazioa lortu dute, azkeneko lau urteetan PP eta PSOE buru izan dituzten erakundeetan gobernu alternatiboak eratzea eragozteko.
Garai bateko Euskal Herritarrok/Batasuna eta AuB alderdietako bozeramaileek hauteskunde-kanpainan zehar defendatutako tesien aurka, Batasuna/AuB alderdien ilegalizazioaren onuradun nagusi ez da PNV -EA koalizioa izan, PP eta PSOE alderdiak baizik, boto baliogabeei esker buru izango baitira Nafarroako Gobernuan, Arabako Foru Aldundian eta, biztanleriaren kopuruari begiratuta garrantzitsuak diren Ezkerraldeko hainbat udaletan, Portugalete eta Santurtzin esate baterako, baita Gipuzkoako beste zenbaitetan ere, Andoainen eta Pasaian adibidez.
Bestalde, joan zen maiatzaren 25eko hauteskundeek garbi adierazi dute, terrorismoaren biktima zuzenez gain, Batasuna edo AuB edo talde horrek hauteskunde-marka gisa erabilitako beste edozein izan direla, lehenik eta behin, ETA berriz ere jarduera armatura itzultzearen kaltetu politiko nagusiak, boto baliogabeak kontatuta 1999an lortutako botoen erdira jaitsi baitira. Bigarrenik, indar abertzaleak ere izan dira kaltetu, izan ere, ETA/Batasunaren estrategia politikoari ´esker´ ez dira erabakitzaile izango eta ez dira buru izango lurraldetasunean eta subiranotasunean oinarritutako edozein prozesutarako giltzarri izango diren erakundeetan (esate baterako, Nafarroako Gobernuan eta Arabako Foru Aldundian).
Horrenbestez, bada garaia ETAk onar dezan, behingoz eta behin betiko, bere estrategia armatuari eusteak dakarren kalte handia: biktima errugabeen heriotza, Zangotzako atentatu terroristak eragindako azkeneko bi biktimena esate baterako; PP alderdiaren onurarako baino ez den politika-krispazioa; Espainian euskal izenondoa daraman edozer gorrotatzea; eta beste hainbat. Gero eta nabarmenagoa da ETAren estrategia armatua estrategia antzua dela eta ez duela balio nazionalismoaren/subiranotasunaren bidetik aurrera egiteko. Gero eta nabarmenagoa da estalki politikoa baino ez dela estrategia armatua, herri garen aldetik euskaldunok etorkizunaren inguruan erabakitzeko dugun gaitasuna onartzeko prest ez daudenentzat.
Maiatzaren 25eko hauteskundeek erakutsi digute, halaber, indarrak batzeak eta alderdi abertzaleek kasu honetan PNV eta EAk batera jarduteak emaitzak ematen dituela, horiek izan baitira garaile EAEko hiru herrialdeetako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, eta Nafarroan ere emaitza duina lortu baitute. Emaitza horiek are handiagoak izango ziratekeen kasu egin baligute jardun bateratu hori beste indar abertzale batzuetara ere zabaldu behar zela defendatu genuenoi, hain zuzen ere Aralarren antzera giza eskubideak urratzen dituen estrategia ororen aurka daudenetara. Eta ez naiz Nafarroaz bakarrik ari, nahiz eta hor PSOErekin ibil gintezkeen lehian hauteskundeetan bigarren tokia nork lortuko. Horri dagokionez, ezin ditugu beste lurraldeak ahaztu, horietan ere pisu handiagoa lortu baikenezakeen, baita batzarkide, zinegotzi eta alkate gehiago ere.
Baina, erregimen demokratikoetan, hauteskunde-prozesuen helburu bakarra ez da hurrengo urteetan agintean izango direnak hautatzea, baita dagoen errealitatearen aldaketa ahalbidetzea ere. Horrek abertzale independentista baten kasuan lan egitea esan nahi du hori bai, joko demokratikoaren arauak eta gaur egun ditugun markoetako bakoitzaren (Iparraldearen, Nafarroaren eta EAEren) dinamikak eta erritmoak errespetatuz. Euskaldunoi autodeterminazio-eskubidea onartuko digun eta autogobernu-maila eta pertsonen bizi-kalitate handiagoa eskainiko dizkigun politika bizikidetzaren markoaren alde lan egitea. Azkeneko hamarkadetako euskal errealitate sozioekonomikoak erakusten du autogobernua zenbat eta handiagoa izan orduan eta bizi-kalitate hobea izan dugula. Hortxe dugu Osakidetza, Hezkuntza, Etxebizitza bezalako zerbitzuen eta beste hainbaten adibidea. Horiek Estatuko gainerakoak baino hobeak dira nabarmen, kalitateari nahiz kantitateari erreparatuta.
Alabaina, abertzale eta independentista sentitzeaz gain, ezker aurrerakoiaren baloreekin besteak beste, aukera-berdintasunarekin eta etxebizitza, hezkuntza, osasuna, kultura eta antzeko funtsezko ondasunak guztiontzat izatearekin bat gatozenontzat, aurrerapenak erakundeetatik eta euskal gizartea bezalako gizarte aurrerakoi eta solidarioa egituratzen duten taldeetatik lan egitea esan nahi du, sindikatu abertzale eta gobernuz kanpoko erakundeekin batera, betiere kohesio handiagoa izango duen eta berdintasunean oinarrituko den gizartearen alde, hemen Euskadin nahiz munduan, ezkerraldeko espazio abertzalearen artikulazio politikoa lantzen dugun bitartean.
Hori dela eta, Baionako Foroa izenekoa osatu zuten alderdiak elkarrekin lan egiteko animatzera ausartuko naiz. Izan ere, horrek ilusio asko sortu zituen abertzale askoren artean joan zen urteko Aberri Egunean Indarrak uztartzen, zubiak eraikitzen´ agiria aurkeztu zenean. Elkarrekin lan egitea izango da bidea Euskal Herriaren eraikuntza nazionalaren, subiranotasunaren, normalizazioaren eta bakearen alde urrats sendoak emateko. Bide hori bakezalea izango da eta bertan proiektu, ideia eta pertsona guztiek izango dute beren tokia. Gainera, aurrera egin behar dugu espazio abertzale aurrerakoia, indarkeriarik ez bada gure herrian gehiengo izan daitekeen gizarte- eta politika-indarra, politikoki artikulatzeko hasi genuen zereginean.
Hori guztia gauzatzea ez da erraza, guztiok gara eta gure iraganaren, hurbilaren nahiz urrunekoaren, oinordeko, eta iragan horren ezaugarri bereizlea ez da izan, inola ere, estrategiak partekatzea, guztiz kontrakoa baizik. Baina, apaltasunez uste dut gure gizartearen zati handi batek iragana ahazteko benetan uste dut iragan horretan GUZTIOK egin ditugula akatsak eta etorkizunean pentsatzeko eskatzen digula.
Etorkizun hurbilenera begira, nire ustez, erakundeetan osatuko diren gobernu-taldeek programa aurrerakoietan oinarritu beharko lukete, gure herrian bizi diren herritarren arazoak konpontzeko, elkarrizketari eta elkar ulertzeari bide emateko, bizikidetza eta normalizazio politikoaren inguruko arazoen irtenbidea aurkitzeko eta giza eskubideak, banakakoak nahiz taldekoak, zapaltzean oinarritutako estrategietatik eta ´statu quo-ari´ eustea ahalbidetzen duten aurrez aurreko estrategietatik aldentzeko.
Etorkizun hurbilean, gainera, bizikidetza-marko berria egituratzeko egin beharko dugu lan. Horri jarraiki, Ibarretxe lehendakariak konpromisoa hartu zuen, Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdien izenean, Eusko Legebiltzarraren aurrean urrian aurkezteko. Horrezaz gain, 2004an izango diren Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako prestatu beharko dugu, horietan erabakitzaile izateko eta euskal herriak askatasunez eta demokratikoki hartutako erabakiak errespetatzean oinarritutako Espainiako Estatuaren eta euskal erakundeen arteko harremanak sustatzeko. Halaber, abertzale/soberanista eta europazale izango diren beste indar politiko batzuekin egin beharko dugu bat, Esquerra Republicana de Catalunya ERC alderdiarekin adibidez, gisa horretan estaturik gabeko nazioen ordezkaritza duina lortu ahal izango baitugu Europako Legebiltzarrean, Europa federalaren baitan herrien Europa bultzatzeko xedearekin bat etorriz.
Bada, uste dut ezinbestekoa dela abertzaleen jardun bateratua sustatzea, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ahalik eta ordezkaritza politikorik handiena lortzeko helburuarekin. Hori eginez gero, benetan uste dut hautesle abertzaleek eskertuko digutela eta horretan gurekin bat egingo dutela, egoera politikoak hala eskatzen duenean egin ohi duten bezalaxe.
Jatorria: Sabin Intxaurraga