Genero-biolentziaren biktimak diren eraildako emakume guztiak izan ditu gogoan sailburuak, eta bere eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa erakutsi du gure elkarbizitza erasotzen duen gangrena hori amaitzeko
Familia biolentziari buruzko biltzarraren hasiera-ekitaldian, Estatu espainolean 2003ko hasieratik genero biolentziaren ondorioz eraildako emakume guztiak gogoratu eta omendu ditu, hunkiturik, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak esandako aurreneko hitzetan. ´Sentimendu hori helarazten diet benetako gangrena hori, gure elkarbizitza erasotzen duena, nozitu duten eta nozitzen ari diren ―askotan isilpean, guztiok ahaztuta―emakume guztiengana´, esan du Azkarragak.
Emakume horientzat guztientzat, erantsi du, ´lehenengo eta behin, gure laguntza eta gure konpromisoa eskaintzen diet; ezinbesteko helburu baitugu, sufritzen dituzten tratu txarrak eta biolentzia errotik kentzeko´. Azaldu duenez, ´genero-biolentziari buruzko estatistikak emandako datu kezkagarriek gizartearen muinaraino sartuta dagoen arazo bat erakusten digute, eta horri aurre egiteko botere publikook tinko eta berehala erantzun behar dugu´.
Orobat, itxaropentsu agertu da, urrats berriak egiteko eta hartu beharreko irtenbideak eta baliabideak aurkitzeko biltzarra baliagarria izango delakoan, ´gizarteak horixe eskatzen baitigu´.
Ildo horretatik, ´biolentzia mota hau desagertaraztera bideratutako politikei dagokienez Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Sailak duten konpromiso aktiboa eta eraginkorra´ argi azaldu du. ´Konbentziturik baikaude gizonezkoon eta emakumeen arteko berdintasuna, elkarrekiko errespetuarekin batera, edozein jardueraren oinarrizko premisa dela´, esan du Eusko Jaurlaritzako sailburuak.
Azkarragak gogorazi du Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan zela, aurrenekoa, ´Etxeko tratu txarren eta eraso sexualen biktimak diren emakumeei laguntzeko erakundeen arteko akordioa´ egiten, 2000ko azaroaren 25ean. Eusko Jaurlaritza, Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusia, Fiskaltza, foru aldundiak, Euskal Herriko Udalen Elkartea (EUDEL), Legekarien Euskal Kontseilua eta Medikuen Euskal Kontseilua izan ziren horren sinatzaile.
Justizia Sailak bere gain hartu ditu zenbait eginbehar, izaera juridikoko kontuekin harremana dutenak, zabalkundekoak, ikerkuntzakoak eta epaitegietan biktimiei aholkularitza ematekoak.
Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak, gure erkidegoan 1990ean sortu zena, generoren biolentziaren kontrako borrokan oso sendotuta dagoen jarduera garatzen du. Zerbitzu horrek zuzeneko eta banan banako laguntza ematen du; biktimak lege prozeduraren aurrean duen ziurtasunik eza leundu nahi du, eta, ahal den neurrian, bigarren mailako biktima bihurtzea saihestu.
Aintzindari gisa joan den urritik aurrera ofiziozko txanda bat dabil lanean etxeko biolentziaren edo eta sexu-erasoen biktimentzat. Ekimen hori Justizia Sailaren eta Legekarien Euskal Kontseiluaren lankidetzaren fruitua da, erkidegoko hiru abokatuen elkargoen partaidetza dauka, eta abokatu-laguntza bermatzen du; izan ere, orain arte biolentziaren eta erasoen ehuneko 20tan bakarrik egon da laguntza hori.
Horrela, biktimei laguntzeko obligazioa betetzeko Ofiziozko Txanda lanabes eraginkorra da. Abokatuen elkargoek, euren kabuz eta goraipatzeko moduko borondateaz, egiten dituzten zenbait ekimen sistematizatzen hasiak dira, berehalako laguntza, osoa eta kalitatezkoa emateko.
Ofiziozko txanda horrek ´gauzatzen du erasoak sufritutako pertsonei doako justizia ematearen alde egiten dugun apustua, askotan biktimak egoera ekonomiko tamalgarrietan baitaude´, nabarmendu du sailburuak.
Jatorria: Joseba Azkarraga