Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak adierazi duenez, beharrezkoa da elkartasunaren etikan oinarritutako ekonomia-eredu baterantz aurrerapausuak ematea. Beharrezkoa da ekonomia solidarioago bat lortzeko politikak ezartzea, gizakiaren zerbitzura dagoen ekonomia bat, eta ez alderantziz, adierazi du.
Europako ITUN ekimenaren parte diren laneratzeko 15 enpresak aurkezteko Bilbon izandako ekitaldian, ekonomiaren hazkundeak gizarte-desberdintasun gehiago edo ingurunerako ondorio jasanezinak ez sortzeko neurriak ezartzeak duen garrantzia aipatu du Joseba Azkarragak. Neurri horien artean, sailburuak azpimarratu ditu enplegua banatzeko eta finantzazio solidariorako neurriak .
Testuinguru horretan egiteko garrantzitsua dute laneratzeko enpresek. Lan sailburuak adierazi duenez, enpresa mota horrek 200.000 lanpostu inguru sorrarazi ditu Europan azken urteotan. Gure erkidegoak lanari ekin dio jadanik, eta oraindik hastapenetan gauden arren, ziur gaude bide horretatik aurreratzeko borondatea eta gaitasuna dugula, adierazi du Joseba Azkarragak.
Sarturen aitzindaritzapean dagoen ITUN proiektuaren bidez, enpleguaren eta gizarteratzearen egungo baliabide guztiak bateratu nahi dira laguntza behar handia duten bederatzi zonaldetan (Aiara, Vitoria-Gasteiz, Deba Barrena, Donostialdea, Oarsoaldea, Enkarterriak, Meatzaldea, Ezkerraldea eta Bilbao). Horretarako, autoenplegurako eta gizarte-ekonomiako formula berritzaileak jarriko dira abian, hala nola, gizarte-bankuak edo elkartasun-bonoak.
ITUN proiektuak 1.130.000 euroko aurrekontua du guztira, eta Eusko Jaurlaritzak eta Europako Gizarte Funtsak ordainduko dute erdibana. Baliabide ekonomiko horiekin 140 lanpostu sortuko dira, eta horietatik, ehuneko 60 laneratzeko enpleguak izango dira.
Jatorria: Joseba Azkarraga