Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren iritziz, botere legegilean eta betearazlean egin diren deszentraliazioak ez du dagokion islarik izan botere judizialean, eta horren ondorioz, plurinazionala den Estatu Espainiarrean “konpontzeke dagoen arazoa da hori, etorkizun laburrean Legebiltzarrak aztertu beharko duena”.
Joseba Azkarragak Euskal Herriko Unibertsitatearen uda ikastaro bat inauguratu du Donostian Botere Judizialaren eta Auzitegi Konstituzionalaren erreformei buruz. Bere hitzaldian, 2004ko abenduan Eusko Jaurlaritzak onartutako Estatutu Politiko Berrirako proposamenaren aipamena degin du sailburuak. Horri buruz esan duenez, nahiz eta kritika asko jaso zituen “orain abian dauden erreformek onartzen dute, praktikan, gure proposamenak ez zirela batzuek adierazi zuten bezain okerrak”.
Azkarragak gogorarazi du ekimen horren bidez azken instantzia judiziala izango litzatekeen euskal Botere Judiziala eduki genezakeela. “Gure ekimenaren arabera, Estatua ordezkatu egiten zen gure Erkidegoko justizia-administrazioan, Estatuan aplikatzen diren prozesu-jarraibide berberak eta oinarrizko eskubideak aplikatzeko muga bakarrarekin, eta Estatu zein Europa mailako koordinazio eta lankidetzarako marko bat diseinatuz”.
Gai horri buruz, berriro adierazi nahi izan du egindako proposamenak ez zuela inolako hausturarik ekartzen batasun jurisdikzionalarekiko. “Ikuspuntu politiko zein pragmatikotik begiratuta, guztiz onuragarria litzateke justizia administrazioaren zerbitzu publikoarentzat botere judizialerako botere autonomikoak edukitzea, ahalik eta eskumen gehienekin”.
Azkarragaren ustez, positiboa da, baita ere, proposatutako erreformak “Zigor Arloko Bigarren Instantzia izateko eskubidea normalizatzea”. Hala ere, zehaztu duenez, aurrerapauso bat izan arren, “proposamena motz gelditzen da. Izan ere, badaude goi mailako auzitegien eskumen-sistemari ahalmen osoa emateko garatu litezkeen teknika eta lege arloko hainbat tresna”.
Justizia sailburuaren ustez, instantzia judizialak Autonomia Erkidegoko organo judizialetan bertan agortu beharko lirateke; hala, Auzitegi Gorenari doktrina bateratzeko lana utziko litzaioke eta, Konstituzionalari, oinarrizko eskubideak eta egun dituen gainerako eskumenak.
Horrez gain, zalantzan jarri du Konstituzionalaren inpartzialtasuna, batez ere Estatuaren garapenari buruzko desadostasunen inguruan erabakitzerakoan, “Estatu horrek, nahiz eta plurinazionaltzat jotzen den, ez du organo nagusien ordezkaritza egokia zehazten; izan ere, eztabaidaezina da orain arte Auzitegi Konstituzionala osatzerakoan ez direla kontuan izan haren jardunaren ondorioak zuzenean nozituko dituztenen sentsibilitate guztiak”.
“Orain arte Autonomia Erkidegoen arauak eten egin dira haien konstituzionaltasunari buruz erabaki bitartean, eta oraingo egoera baliatu behar dugu prerrogatiba horrekin amaitzeko, Administrazio zentralak gehiegitan erabili baitu aukera hori” adierazi du Azkarragak.
Justizia Administrazioko langileen egoera ere aipatu du sailburuak. Gai horri buruz esan duenez, Autonomia Estatuak Justiziaren arloan ematen dizkigun eskumenez baliatzeko aurkitu den muga handiena langile horiek kidego nazionaletan kokatzetik dator. “Eta ez litzateke gaizki etorriko orain gogoratzea —zehaztu du Azkarragak— Auzitegi Nazionalak berak onartu zuela behin Justizia Administrazioko kidegoak nazionaltzat jotzea ez zela konstituzioaren ikuspuntutik onargarri zen interpretazio bakarra”.
Azkenik, sailburuak adierazi du izapidetzen ari diren erreformek irekitzen dituzten aukerak baliatu behar direla, konponbide eraginkorrak bilatzeko. Horien artean sartu ditu, adibidez, “hurbileko justizia” izenekoaren erreforma, hainbat hutsegiteren gaineko zigorra kentzea edo hainbat erreklamazio mota epaitegietatik administrazio edo arbitraia-sistemetara eramatea.
Jatorria: Joseba Azkarraga