Joseba Azkarraga sailburua pozik agertu da enpresa berriak sustatzeko joera bultzatu duen mintegi batean parte hartzeagatik. Izan ere, berton, enpresa-sortzaile berriei laguntzeko ‘on line ekintzailea’ informazio-atariaren emaitzak zabaldu dira; ataria www.lanbide.net orrian dago, ACCENT sarearen proiektuaren baitan, eta Equal ekimenak finantziatua da.

Orobat, eskertu egin du proiektuan –zeinean Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila ekimenaren ordezkatzaile aritzen baita eta Garapen, berriz, kudeatzaile– parte hartutako erakunde guztiek egindako lana. Hala, ildo horretan, tokiko garapeneko agentziak aipatu ditu, eta, baita ere, finantza-erakundeak, merkataritza-ganbarak, irabazteko asmorik gabeko erakundeak, ikerketa-zentroak, Eudel, Emakunde eta foru aldundiak.

Sailburuak esan duenez, “enpresak sortzeko atariaren emaitzak zabaltzea eta norberak bere enplegua sortzeko bestelako baliabideak aurkeztea jardunaldiaren helburu zehatzak izanik ere, anbizio handiagoak dituen proiektu baten parte dira, gogoeta egiteko eta denen guztien artean erabakitzeko eremu zabalagoa eratu nahi duen proiektuarena, hain zuzen, eta, ezinbestean zenbait gai aintzat hartu behar dituenena: enpresak sortzearen aldeko joera sustatzea; enpresa-proiektuak lagundu eta abiatzea; finantziazioa lortzea; eratutako enpresak sendotzea; eta emakumeek enpresak sor ditzaten sustatzea”.

“Ahaleginak bateratzearen ondorioz –Azkarragak azpimarratu lez–, teknikak, baliabideak, ezaguerak eta antzea, jakiten egitea, konpartitu ditugu, erakundeok koordinaturik, konbentzituta baikaude proiektuetan lankidetzan aritzea, batera ahalegintzea, funtsezko oinarria dela enplegua eta ongizatea areagotzeko”.

Ekimen hau eta beste antzeko batzuk, teknologia berriak baliatuta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzearen aldeko joera bultzatzeko egiten ari direnak, Enplegua Sustatzeko Erakunden Planaren (2003-2006) eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren sorreraren baitan kokatu behar dira, planaren funtsezko oinarriak diren aldetik.

“Izan ere, –Azkarragak gogorazi du– Lanbidek ondorengo atalak abiapuntu dituen joku eremua definitzen du: enpresa berriak sortzeko gogoa bultzatzeko prestakuntza; enpresa-plana egiteko zein laguntzak eta maileguak lortzeko aholkularitza; enpresak sustatu, zuzendu eta kudeatzeko prestakuntza; norberaren enpresa ezarri eta abian jartzeko laguntza; horiek guztiak autoenplegua bultzatzeko oinarrizko urratsak direlarik”.

AFCENT sarea proiektuaren bidez, sailburuak esandakoaren arabera, “esku hartzeko baliabide erkideak garatzen ari gara, eta seguru nago etorkizunean hori lagungarri izango dela enpresak sortzeko behar diren baliabideak eskuratzeko langabetu guztiek aukera izan dezaten, berdintasun-baldintzetan. Eta “berdintasun-baldintzen” kontzeptua azpimarratu gura dut, funtsezkoa delakoan bainago”.

Amaitzeko, sailburuak berriro ere eskertu diet egindako lana “proiektu erkide batean ados jartzeko gauza izan diren erakunde guztiei, batzen gaituen kontzeptuari heltzen jakin dugulako: enpresak sortzeko joeraren kontzeptuari hain zuzen”.

“Jardunaldi hau guztioi bide horretatik aurrera egiteko baliagarria izatea espero dut, hau da: teknologia berriak baliatuta erronka berriei heltzeko, eta, horrenbestez, enplegua eta ongizatea areagotzeko”, amaitu du Azkarragak.

Jatorria: Joseba Azkarraga