Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak antolaturiko mintegiaren hasierakoan Joseba Azkarraga sailburuak emandako Hitzaldiaren laburpena
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak adierazi duenez, Europako Ongizate Estatuaren nondik norakoak eta Globalizazioak interes handia pizten dute euskal gizartean, hiru arrazoi direla medio:
´Lehenak estaturik gabeko herrialde bat, nazio bat (hala nola Euskal Herria) Europako Eraikuntzan nola sar daitekeen moduarekin dago lotuta´.
´Bigarrena zalantza batekin dago lotuta; martxan jartzen ari den Europak bermatu ahalko ote duen gizarte-justizian eta elkartasunean oinarrituriko ongizateko gizarte-eredu bat, edo politika globalizatzaileen menpe geratuko ote den, neurririk gabeko lehiakortasuna nagusi dela gizarte-babesaren kaltetan´.
´Eta hirugarren puntuak bi aurrekoak batzen ditu, eta Europa eta Euskal Herria Ongizate Gizarteari eusteko gai izango ote diren du aztergai, edo, aitzitik, gizarte-murrizketak garaituko diren, edo garaituko zaizkigun, lehiakortasun handiagoaren bila ´.
Azkarragaren iritziz, ´Europar Batasunaren Itun berriak oztopo nabarmenak ditu estaturik gabeko nazio bati, hala nola Euskal Herriari, bere etorkizunaren jabe izateko eskubidea aitor diezaioten, gu geu izateko eskubidea aitor diezaguten. Hau da, beste edozein herriri bezala dagokigun Autodeterminazio Eskubidea. Izan ere, Europa eraikitzeko prozesuan parte hartzeko gure ikuspegiak jarrera aktiboa eta bi estaturen menpe ez dagoena biltzen baitu. Baina, eta hori onartu beharra dago, Itun Berriak Estatuen Europa eraikitzen du, ez herrien Europa´.
Ildo horri jarraiki, honako hau ere adierazi du: ´herri bati, eta Euskal Herria hala da, modu demokratikoan adierazitako borondateari mugak jartzea defizit demokratiko handia da. Izan ere, Europak aurrera egiteko duen modu bakarra, une hauetan planteatuta dauzkan erronka ugariei aurre egiteko modu bakarra, Giza Eskubide guzti-guztien errespetua abiapuntutzat hartuta da, norberarenak zein kolektiboak. Aurkakoa egitea, herrien zein horiek osatzen dituzten herritarrei mozala jartzea da ´
´Gure konbikzio europeista sakonak abiaburutzat hartuta, eta, gauzak horrela, horiei buruz inork leziorik eman ezin digula argi utzita, ozen eta garbi esan behar dugu ezin dela arlo zibil, sozial eta politikoan Europa demokratikorik eraiki herrien eskubideak errespetatzen ez badira. Ezin da Europa bidezko eta solidariorik eraiki herri batek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea errespetatu gabe. Egungo estatuek herrien gain duten tutoretzak ez du jada izateko arrazoirik, herri horren balio kulturalak, sozialak eta ekonomikoak babesteko murrizketa izateaz gain. Demokratikoa izan nahi duen edozein prozesuren aurka doa hori´.
´Europaren baitan biltzen diren herri eta nazioekin, eta nortasun eta hizkuntzekin errespetuzkoa den Europaren gure ideia;… Europa batu eta kohesionatuaren eremuan bilduriko gizaki librez eta herri subiranoz osaturiko Europaren gure ideia egiteke dago oraindik. Dena den, egunen batean eredu horretara iristeko itxaropena ez dugu galtzen´.
Euskal sailburua ez da itxaropentsu agertu, ez baitu uste ´Europak gizarte-justiziatik eta berdintasunetik definituriko globalizazio alternatibo eta solidarioaren alde egingo duenik´. Eta gauzak horrela, nire hitzaldiaren bigarren zatiari ekingo diot. Ongizatearen Europarekin zerikusia duen zatiari´.
´Nire ikuspuntutik -adierazi du Azkarragak- globalizazioa eragin negatiboa izaten ari da gizarte-kohesioan, eta Europan ere egungo aldeak areagotu egin ditu, herri batzuen eta besteen artean zein Estatu bereko herritarren artean´.
´Globalizazio-modu bakarra enpresen deslokalizazioa, lan-merkatua desarautzea eta ongizate-estatua desegitea dela dirudi. Eta hori ez da horrela´.
Eta honako hau gehitu du: ´badira globalizatzeko beste modu batzuk, lehen ere mundualizatzeko beste eredu batzuk izan ziren moduan; politika neoliberalei aurka egiten diete, eta mundua mugiarazi duten hiru printzipio handitatik abiatuta finkatzen dira, betiere jarrera progresistetatik begiratuta, hau da: elkartasuna, berdintasuna eta gizarte-justizia. Eta, nola ez, estatuek euren gizarte-politikekin aurrera jarraituko duten bermea´.
Doinu kritiko horrekin jarraituta, sailburuak onartu duenez, ´egia da estatu-nazioak euren subiranotasunaren zati bat galtzen ari direla Europaren eraikuntzan, baina ez estaturik gabeko herrien, autonomia-erkidego edo eskualdeen mesedetan, multinazional handien mesedetan baizik´.
Eta adierazi duenez, ez du onartzen ´globalizazio neoliberal hau Europa Berria ulertzeko modu bakartzat, besteak beste jarrera horiek Europa Zaharra ordezkatzen dutela uste dudalako, eta horiekin ez dugu aurrera egiten, atzera baizik, eta ez diogu etorkizunari begiratzen, baizik eta iraganera itzultzen´.
Ildo horretan adierazi duenez, ´Europako herritarren parte-hartzea, eta askotariko bizikidetza eta multikulturalitatea funtsezkoak dira eraikuntza-prozesuan, estatuen gailur elitistetik haratago, eta bost urtean behin hautestontzi batean boto bat sartzetik haratago´.
´Azken Europako hauteskundeetan izandako abstentzio maila handiak seinale behar du izan egungo Europako eraikuntzaren parametroak alderantzikatzeko, sektore askok, gero eta gehiagok, prozesuari legitimitate demokratikoa ken baitiezaiokete. Eta hori amaieraren hasiera litzateke´.
Sailburuaren ustez, ´Europa sozialak bidea egin behar du Europa ekonomizistaren aurrean. Eta zenbait gastuk ez dute inoiz ere eskaintzaren eta eskariaren legeen menpe egon behar. Eta gobernuek bermatu behar dituzte gizarte-gastu horiek. Gizarte-politika egin behar baita, eta ez gizarte-laguntza´.
Globalizazio neoliberala tarteko ezarri nahi ziguten eta nahi diguten errealitate politiko eta sozial horri aurre egiteko, gizarteratzeko eta gizarte-babeseko sistema aitzindaria abiarazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoak duela hiru bosturteko, herritar guztiei duintasunez bizirauteko moduan oinarrizko diru-sarrerak modu erregularrean jasotzeko eskubidea bermatuta.
Eskubide bikoitzeko ereduan oinarritzen da euskal sistema: Oinarrizko Errentarako eskubidea, eta gizarteratzeko eta laneratzeko eskubidea. Bi eskubide elkarlotuta, biak ere oinarrizkoak.
Euskal herri-administrazioek pobreziaren eta baztertzearen arazoari dagokionez erakutsitako kezka eta gizarte-konpromisoa nabarmena da, honako hauek kontuan izanda gure Erkidegoari dagokionez 1989tik gaur egun arte:
· Oinarrizko Errentaren zenbatekoa gehitu egin da apurka-apurka, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara arian-arian hurbilduz. 1989an Oinarrizko Errenta Soldata horren % 55,1en baliokide zen, 2003an % 81ena eta 2006an % 86ra iristea dago aurreikusita.
· Hamabost urteotan, pobrezia-modu berriak agertu izanaren ondorioz eta, batez ere, baliatzeko irizpideak malgutzearen eta bermaturiko diru-sarrerak handitzearen ondorioz, jasotzaileen kopurua 5,5ez biderkatu da: 1989ko abenduko 4.091 bizikidetza-unitatetik 2003ko abenduko 22.134 bizikidetza-unitatera iritsi gara, edo nahiago bada, 25.645 bizikidetza-unitatek jaso dute prestazioa urte horretako hilabete batean gutxienez.
· Aldi berean, halaber, ia hogeita bostez biderkatu dira prestazio hori finantzatzeko baliabide ekonomikoak, neurri handi batean onuradunen kopuruaren igoera dela-eta. 4,2 milioi eurotik 105 milioi eurora igarota, aurrekontu-sail hori 2003ko Oinarrizko Errentaren guztizko gastua izan zela kontuan izanda.
· Eta, era berean, lauz biderkatu da onuradun bakoitzeko urteko ekarpena, 1989an 1.032 euro izatetik 2003an 5.116 euro izatera igaro baita. Aurten 6.447 euro jasoko ditu onuradun bakoitzak.
Eskuragarri dauden azken datuen arabera (1999. urtea), biztanleko 3.479 euro jorratu zituen EAEk gizarte-babesean, eta Estatu espainol osoan, aldiz, 2.858 euro jorratu ziren, % 21,8ko aldea, alegia.
Baztertuentzako arretaren arloan izandako lorpenen errepasoa egin ondoren, Azkarragak gogorarazi duenez, ´gizarte-konpromiso honen beste atal bat, aurrekotik bereiztezina, gizarteratzeko eta laneratzeko zailak diren talde eta pertsonekin loturiko enplegu-politiken aldeko gure apustu irmoa da. Emakumeez, gazteez eta luzarorako langabetuez ari naiz. Eta horiei gorantz datorren problematika batu beharko litzaieke – etorkinena, alegia- , baita ez-aktiboen taldea ere, batez ere emakumeak´.
´Oinarrizko Errenta eta gainerako laguntzak bermatzen jarraitzea, eta gizarte-baztertzean edo horretarako arriskuan daudenak gizarteratu eta laneratzeko ekintzak sustatzen jarraitzea da gure apustu irmoa, dagokion Espainiako Gobernuaren zikoizkeriari aurre egin behar bazaio ere, ez baitizkigu transferitu nahi Lan eta Gizarte Segurantza arloan dagozkigun eskumenak´.
Jose Antonio Agirre propio aipatu ondoren, bere egin du euskal lehendakari hark duela ia berrogeita hamar urte esandakoa: ´ezin uler daiteke bakea nahi duen Europan eta haren antolamenduaren sareetan nazio zanpatuak harrapatuta geratzea. Federazioa da askatasun-bidea, berdinen arteko konpromisoa baitu abiaburutzat´. Gogoeta horrek erabateko gaurkotasuna eta iraunaldia duela adierazi du.
Azkarragak bere hitzaldia amaitzeko esan duenez, ´XXI. mendeko euskaldunak konbentzituta gaude gauzak beste modu batean egin daitezkeela, eta lagundu egin nahi dugu herritarren eta herrien Europa bat eraikitzeko, sozialagoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa´.
Jatorria: Joseba Azkarraga