Plana bi ardatz nagusitan egituratzen da: Lehenengoak gizarte-babeserako sistema bat bermatzen du. Eta bigarrenak baztertuen gizarteratzea eta laneratzea errazten ditu, berariazko neurri zuzentzaileen bitartez.
Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako Gizarteratzeko Euskal Planak Eusko Legebiltzarraren agindu bati erantzuten dio, eta esku-hartzeko bi ardatz nagusitan oinarritzen da.

Horietako lehenengoa gizarte-babeserako sistema bat bermatzea da, hala aldizkako oinarrizko diru-sarrera unibertsalen bidez ¾eta hori, Gizarte Eskubideen Agiriari buruzko 2000ko Legea onartu zenetik, Oinarrizko Errenta deitzen da¾ nola aldizkakoak ez diren eta aurreko horien osagarri diren laguntzen bitartez (gizarte larrialdietarako laguntzak, GLL).

Hirurteko plan horren bigarren ardatz nagusiaren xedea, berariazko neurri zehatzak ezarriz, baztertuen gizarteratzea eta laneratzea erraztea da. Lan hori, gizarteratzeko programen eta hitzarmenen bitartez bideratu nahi da.

Izan ere, Joseba Azkarraga sailburuak adierazi duenez, “gizarte-bazterkeria gero eta jende gehiagok jasaten duenez, horri aurre egitea mendebaldeko gizarteen erronka handienetako bat da”. “Gaur aurkezten dizuegun Plan honekin ¾adierazi du sailburuak¾ Jaurlaritzak irmotasunez eta bere osotasunean ekin nahi dio Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokari. Eta horretarako, baztertuta dauden, edo egoteko arriskuan dauden, guztiei zuzendutako gizarte-babeserako eta gizarteratzeko sistema bat jartzen du abian”.

AURREKARIAK ETA EAEko GIZARTERATZE-EREDUA

Plana 80ko hamarkadaren bukaeran EAEn sartutako sarrera-bermeen ereduaren barrua kokatzen da. Garai hartan, 1989an, Familiaren Gutxieneko Diru-sarrera onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, beranduago, maiatzaren 3ko 2/1990 legea onartu ondoren Gizarteratzeko Gutxieneko Diru-sarrera (GGD) deitu zena. Diru-sarrera hori berretsi eta arautu zuen Gizarte Bazterkeriaren aurkako 12/1998 Legeak, maiatzaren 22koak, eta Oinarrizko Errenta izena hartu zuen, 2000ko abenduan Eusko Legebiltzarrak onartutako Gizarte Eskubideen Agiria finkatu zenean.

Horren ildotik, baliabideak bermatzeko euskal ereduaren ezaugarri bat pobretasunaren aurkako borrokari bere osotasunean ekiteko aukera da, prestazioak duen alderdi soziala barne. Horrela, biztanle guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea muturreko pobretasunak jotako pertsonei egoera hori gainditzearekin lotuta dator, haien gizarteratzea bideragarri egiteko.

Euskal administrazio publikoek pobretasunaren inguruko gaiekiko sentitzen duten kezka argi eta garbi islatzen da, kontuan hartzen bada gure Erkidegoa aitzindaria dela oinarrizko errenta ezarri zenetik, 1989an, gaur arte.

Erkidego honek oinarrizko errenta igo egin du. Izan ere, lanbide arteko gutxieneko soldataren ehunekoa kontuan harturik, ehuneko 55,1etik ehuneko 81,0ra, pertsona bakar baten kasuan.

Onuradunen kopurua lehen halako 4,5 da –4.091 1989an eta 18.423 2002an-, eta hori gertatu da, zati batean, pobretasun era berriak agertu direlako, eta, batez ere, errenta lortzeko irizpideak malgutu direlako eta bermatutako diru-sarrerak igo direlako.

Ia bider hogei biderkatu dira, baita ere, prestazio hori finantzatzen erabilitako baliabide ekonomikoak, neurri handi batean, onuradunen kopurua igo delako, eta onuradun bakoitzari urtero ematen zaiona igo delako, 1.032 eurotik 4.501era. Azpimarratu beharrekoa da onuradun bakoitzak urtean jasotako batez besteko kopurua arinki jaitsi zela 2002an, 2001ekoarekin alderatuz, onuradunen artean sartu zirelako erretiro-pentsioak jasotzen zituzten adinduak eta lanen bat egiten zuten pertsonak, Oinarrizko Errentaren bitartez haien baliabideak osatzen zituztenak.

Halaber, epe horretan gutxiago igo dira oinarrizko errentaren osagarri diren gizarte-larrialdietarako laguntzak, hala ere igoera nabarmena da, ehuneko 128, eta hori finantzatzeko baliabideak ehuneko 206.

Hirugarren maila honek, arlokako neurriei dagokienak, ez zeukan, beste bietan aurreikusitakoa ez bezala, aurrekontu osagarririk islatuta aurreko Plan Integralean, ekintzak inplikaturiko sailetako aurrekontu arruntetan jaso behar zirelako. 2003-2005 Gizarteratzeko Euskal Planarekin estaliko dugu aurrekontuetako hutsune hori.

BAZTERKETA ETA POBRETASUN EGOERAREN DIAGNOSIA

Pobretasun eta gizarte-bazterketako arazoen inguruan Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen egoera ona da, Estatuko gainerako erkidegoekin alderatuz behintzat, INEren txostenetik ateratako datuek islatzen duten bezala.

1998an egindako azterketa horietatik ondorioztatzen da gure erkidegoko pobretasun portzentajea 3,52koa dela. Espainiako batez bestekoak, berriz, 15,49koa..

PLANA OINARRITZEN DUTEN IRIZPIDEAK

Plana oinarritzen duten irizpideak Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legea eta Gizarte Eskubideen Agiria oinarritzen dituzten berberak dira, eta ondoko puntuetan laburbildu daitezke:

· Gizarte-bazterkeriaren dimentsio-aniztasuna.
· Erakunde arteko eta sail arteko koordinazioa, eta pertsonen partaidetza eta inplikazioa gizarteratze-prozesuetan.
· Gizartearen elkartasuna eta kohesioa gizarteko sektore babesgabeenekiko.
· Irisgarritasunaren sustapena.

LAGUNTZA-EREDUA

Gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko dugun laguntza-ereduak prestazio ekonomikoak (Oinarrizko Errenta, Enplegurako Pizgarriak eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak) politika aktiboekin konbinatzen ditu, gure aurrekariei eta Europar Batasuneko gomendioei jarraituz. Horretarako, egitura ordenatu eta osagarria sortu da, oinarrizko beharrak (etxebizitza, hezkuntza, enplegua, osasuna, errenta baten bermea) asetzeaz haratago doana.

Izan ere, apustua izan da ibilbide pertsonalizatuekin bat datozen neurri multzoa abiaraztea, pertsonei bazterketa-prozesuetan ez sartzen, edo gizarteratzeko prozesuetan eraginkortasunez parte hartzen, laguntzeko. Azken finean, eredu baterantz doan egoera bat sustatu eta garatu nahi da.

Bi eskubideren eredu batean oinarritzen den sistema bat: Oinarrizko Errentaren eskubidea eta laneratzeko eta gizarteratzeko eskubidea. Bi eskubideak oinarrizkoak dira, eta elkarri lotuta daude. Gizarteratzeko hitzarmena da, kasu honetan, biak lotzen dituen tresna.

HELBURU OROKORRAK

Planak areago eramaten du gizarte-babesa, azken maila eraikiz: Gizarteratzea eta laneratzea erraztea, baztertuta dauden edo egoteko arriskuen daudenak gizarteratzeko programa eta hitzarmenen bitartez. Eta dagokion aurrekontu-dotazioa.

Hirugarren maila horrek, aldizkako eta guztientzako oinarrizko diru-sarreren bermearekin (Oinarrizko Errenta) eta aldizkakoak ez diren laguntzekin (gizarte larrialdietarako laguntzak) batera, Gizarte Babeserako eta Gizarteratzeko sistema bat osatzen du.

PLANAREN JOMUGA DIREN GIZA TALDEAK

Ondorioz, honako giza taldeei dago zuzenduta plana:

· Oinarrizko beharrei aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikorik ez duten elkarbizitza unitateak.

· Gizarte-segurantzaren babesetik kanpo dauden pertsonak. Iraupen luzeko langabetuak, lehen enplegurik izan ez duten gazteak, lanean egonkortasunik ez duten langileak.

· Kotizazio gabeko pentsioak, alarguntza-pentsioak edo Gizarte Ongizateko Fondokoak jasotzen dituztenak.

· Eta lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten herritar guztiak, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak, banandutako emakumean, etorkinak, preso ohiak.

PLANAREN MUGAK

Beharrezkoa da Gizarteratzeko Planaren mugak aipatzea:

Lehengoa, planak bere nolakotasun eta zabaltasunaren ondorioz, dauzkan kalitate- eta prozesu-adierazleen multzoa. Planaren jarraibideen arabera, inplikatutako administrazioek diseinatu eta sustatutako programa zehatzean erantsi behar dira emaitzen adierazle horiek.

Bigarrena, planaren eremua euskal erakundeen eskumeneko gaiei lotzea, eta gure gizarte-baseko sistemaren barruan, eta Erkidego honetan gizarte-bazterkeriari aurre egiteko lehen mailako eragina duten baina erkidegoz gaineko administrazioen eskumen direnak kanpoan uztea. Horien artean daude INEM eta INSS, agerikoenak aipatzearren.

Gizarteratzeko Euskal Planak bere egiten ditu arlo bakoitzak garatutako planetako diagnosiak, helburuak, neurriak eta aurrekontuak, eta baztertuta daudenekin zuzenean loturiko ekintzak koordinatzen ditu.

AURREKONTUA

2003-2005 Gizarteratzeko Euskal Planaren aurrekontua 2.586,076 milioi eurokoa da. Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak 1.057,276 milioi eurokoak; udalenak 362,198 milioi eurokoak; foru-aldundiek 1.100,315 emango dituzte; eta INEMek eta Gizarte Segurantzaren Fondoak 66,287 milioi euro.

PLANAREN EGITURA

Plana esku-hartzeko bi ardatzetan egituratzen da. Lehenengoan, bazterkeria-arriskuan dauden pertsonei berariaz zuzendutako proposamen guztiak sartzen dira. Horien kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Gizarteratze Sailburuordetzari dagokio.

Eta hiru esku-hartze arlotan dago antolatuta: marko operatiboa, prestazio ekonomikoak eta berariazko programak.

Bigarren ardatzean jasotzen dira, baztertuta dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen behar berezien arabera politikak birbideratu eta egokitzeko, babes-sistemek egiten dituzten proposamenak.

Eta bost arlotan dago antolatuta: Gizarte Zerbitzuak, Prestakuntza eta Enplegua, Hezkuntza, Etxebizitza eta Osasuna.

Planaren barruan gauzatzen diren ekintza guztiekin batera, berariazko aurrekontuak eta lortu nahi diren helburuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazle batzuk jasotzen dira.

ESKU-HARTZEKO LEHEN ARDATZA. BAZTERKERIA-ARRISKUAN DAUDEN PERTSONENTZAKO BERARIAZKO NEURRIAK

Eusko Jaurlaritzako Gizarteratze Sailburuordetzaren helburuak ondokoak dira: Plana indarrean dagoen bitartean, gizarteratze-sistema hobetzen jarraitzea, lan-esparrua zabaltzea eta eraginkortasuna areagotzea, esku-hartzeko hiru arlotan bildu diren hainbat neurri aplikatuz.

· Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako plantillak aldi baterako indartzea, eta birbideratzea, gizarteratzeko hitzarmen eta prozesuen sustapen, kudeaketa eta ebaluazioari ekin diezaieten.

· Bigarren egitekoa aldizkako prestazio ekonomikoen (oinarrizko errenta eta enplegurako pizgarriak) eta une jakinekoen (GLL) ingurukoa da.

· Hirugarrenean, bazterkeria-arriskuen daudenentzako prestakuntzako eta laneratzeko programak ezartzen dira.

Gizarte-babeserako esku-hartzeko hiru arlo horien aurrekontua 512,539 milioi eurokoa da, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitekoa da horren garapena. Planaren lehen arlo honetan jarritako helburuak 8 dira, jasotzen dituen neurriak 17, eta aurreikusten diren ekintzak 69.

aLehen arloa. Marko operatiboa: prestazio ekonomikoak eta politika aktiboak.

Planaren indarraldian (2003-2005) gizarteratze-hitzarmenak hedatzeko ahalegina egingo da. Konpromisoa honakoa da: gizarteratze-hitzarmenen sinatzaileen eta oinarrizko errentaren titularren artean, hitzarmenen indizea egungo %0,22tik %0,50era igotzea.

2002ko lehen seihilekoan 18.780 elkarbizitza-unitatek jaso zuten oinarrizko errenta. Urriko lehen egunetara arte ¾ordukoa da egin den azken ebaluazioa¾ sinatutako gizarteratze-hitzarmenak 4.158 izan ziren.

Marko operatiboa hobetzeko arlo honetan planak ezarritako helburu zehatzak, 20,655 milioi euroko kostua dutenak, ondokoak dira:

· Lehenengoa: Oinarrizko gizarte-zerbitzuetako plantillak aldi baterako indartzea, sendotzeko teknikariak kontratatuz, behar adinako dimentsioa izan arte.

· Bigarrena: Lan-moldeak hobetzea, laguntza integrala, pertsonalizatua, etengabea, partaidetzazkoa eta kalitatezkoa emateko.

· Hirugarrena: Gizarteratze-arloko jarduerak ebaluatzeko sistemak diseinatu eta abiaraztea, etengabeko hobekuntzarako plan bat ezarriz.

· Laugarrena: Gizarteratzearen inguruko programak eta prestazioak kontrolatu eta kudeatzeko administrazio-tramiteak erraztea.

aEsku-hartzeko bigarren arloa: prestazio ekonomikoak

Planean prestazio-ekonomikoen arlorako ezarritako helburu zehatzak 446,895 milioi euroko kostura iristen dira, eta ondokoak dira:

· Lehena, oinarrizko errentaren zenbatekoa arian-arian igotzea da, lanbide arteko gutxieneko lan-sariaren %86ra iritsi arte. 2001ean portzentaje hori %75ean zehaztu zen, eta aurreko urtean, berriz, %60ren inguruan zegoen. Portzentaje horrek igotzen segitu du ondoko urteetan (%79 2002 urtean, eta %81 2003an). Plan honekin lortu nahi da, halaber, Oinarrizko Errenta jasotzen dutenen %35 2005ean enplegurako pizgarrien onurez baliatu ahal izatea. 2002an, neurri horretaz baliatzen ziren oinarrizko errentaren hartzaileak ¾lan-merkatuan txertatuak¾ %17,6 ziren.

· Bigarrena gizarte-larrialdietarako laguntzen aldaketa lortzea da, haien jatorrizko helburuarekin hobetu uztartu daitezen, hau da, aldian aldiko eta behin-behineko izaera, beti ere, etxebizitzarekin eta aparteko beharrekin erlazionaturiko egungo laguntzei eutsiz.

· Hirugarrenaren bitartez, larrialdi-egoerak leundu nahi dira, izaera ekonomikoa ez duten neurriak ezarriz.

Hirugarren helburu hori gauzatzeko, Estatuan aitzindariak diren bi neurri jasotzen ditu planak: Lehenengoa, larrialdiko mailegu edo kredituen programa bat abiarazteko bitartekaritza eta sustapena egiteko aukera da, aurrezki kutxekin lankidetzan, krisi ekonomikoa pairatzen duten pertsonentzat. Bitartekaritza sistema hori “banka etikoa” izenez ezagutzen da Europan.

Horren ildotik, lege-aldaketa batzuk aztertzea ere aurreikusten du programak, zorpetzeari buruzko xedapenen zorrak kitatzeko baldintzen negoziazioaren gogortasuna leuntzeko.

aEsku-hartzeko hirugarren arloa. Politika aktiboak

Politika aktiboen arloen helburua baztertuta daudenei komunitatearen zerbitzu normalizatuetan parte hartzeko aukera ematea da, haien gizarteratzea eta laneratzea lan normalizatu baten bitartez lortzen saiatuz.

Horretarako, ibilbide horiek estaltzeko programetan, irabazi asmorik gabeko entitateek eskainiko proiektu-sorta zabala dago.

Enplegu eta prestakuntzarako Auzolan programa toki-mailan garatzen jarraitzea, horrek ateak irekitzen baitizkio soldatapeko lanari. Osagai didaktikoak dituzten gizarteratze-enpresen sustapena, nahiz eta horien egitekoa oinarrian lan-eremukoa izan. Enpresa horiek lan-merkatu arruntera sartzeko zubi-lana egin dezakete.

ESKU-HARTZEKO BIGARREN ARDATZA. BABESERAKO SISTEMA OROKORRAK SENDOTU ETA BIRBIDERATZEA

Bigarren ardatz honek bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonak aintzat hartzeko eta babesteko sistema orokorrak sendotzea eta orientatzea du helburu.

Neurri horiek bost sistematan kokatzen dira: Gizarte Zerbitzuak, Lanerako Prestakuntza eta Enplegua, Hezkuntza, Etxebizitza eta Osasuna.

Horren ildotik, Gizarteratzeko Euskal Planak sailen planetan jasotzen diren diagnosia, helburuak eta neurriak bereganatzen ditu. Beti ere horiek gure gizarteko sektore behartsuenen mesederako badira, gizarteratze hitzarmenen bitartez esku-hartze integrala bideratu ahal izateko.

aEsku-hartzeko lehen arloa: gizarte-zerbitzuen sistema

Gizarteratze-zerbitzuen sistema bi arreta-mailatan egituratzen da, legeen eta eskumenen banaketaren arabera: Batetik, oinarrizkoa dena, oinarrizko gizarte zerbitzuek osatutakoa, bokazio unibertsalekoa da, eta udalen ardurapean dago; bestetik, espezializatua, giza talde jakinen arretari lotutakoa, eta horren sustapena eta kudeaketa foru-aldundiei dagokie.

Planak 8 helburu jasotzen ditu idatz-zati honetan. Horietako bakoitzak bere ekintzak ditu, eta horiek gauzatzeko ardura duten erakundeak, 1.591,483 milioi euroko guztizko kostuarekin:

Lehen helburua: Oinarrizko gizarte zerbitzuen irudia bateratzea, herritarrek horien inguruan duten ezagutza areagotzea.

Bigarrena: Oinarrizko gizarte zerbitzuen normalizazioa lortzea, gizarte zerbitzuen lehen arretarako sarea eta gizarteratzeko marko operatiboa diren aldetik.

Hirugarrena: Bazterkeria-egoeran dauden pertsonek eta giza taldeek haien egoerari eta beharrizanei egokitutako arreta jaso dezaten, gizarte zerbitzu espezializatuen aldetik. Konpromisoen artean, etxeko laguntzan lan egiten duten langileen plantilla zabaltzea, herritarren %0,70 hartu arte. 2000ko abenduaren 31n %0,54koa zen portzentaje hori. Pertsonak haien ingurune naturalean mantendu eta egoitzetako plazak ugaltzeaz gain, herritarren %0,6ko ratiora iritsi arte. Horretarako ahalegin berezi bat egin beharko da, zerbitzu horiek jasoko dituzten herritarren kopurua asko haziko delako.

Laugarrena: Emakumearen aurkako biolentziaren prebentzioa, eta hori nozitzen duten emakumeak guztiz gizarteratu daitezen behar diren baliabideak eskaintzea.

Bosgarren helburua: Europar Batasunetik kanpoko giza taldeekiko, baztertuta dauden gutxiengo etnikoekiko, pasadizokoekiko eta etxerik gabekoekiko esku-hartze integralak abiaraztea.

Seigarrena: Presoentzako laguntza, bazterkeria-arriskuan dauden adingabeak bereziki kontuan hartuz.

Zazpigarrena: Prostituten eskubideen onarpena eta eskubide horien egoera hobetzea.

Eta zortzigarren helburua: Mendetasunak dituzten pertsonen autonomia hobetzea, eguneko zentroak sustatuz.

aEsku-hartzeko bigarren arloa: Lanerako prestakuntza eta enplegua

Bazterkeriaren aurkako Euskal Plana bat dator 2000-2003rako aurreikusitako Enplegurako Erakunde arteko Planak egindako diagnosiarekin, nahiz eta zuzendu beharreko errealitateari buruz ohartarazten du, hona hemen errealitate hori: gizarteratzeko baliabideek eragin handiagoa izan zuten lana aurkitzeko erraztasun handienak zituztenengan, baina oinarrizko errentaren onuradunei buruz hartutako neurriak ez ziren nahikoak izan.

Beharrezkoa da dauden baliabideetako asko giza talde horri bideratzea, arreta pertsonalizatuagoa eskatzen baitu, ondorioz garestiagoa dena, eta errentagarritasun gutxiagokoa, gainera, epe laburrean.

Gizarteratzeko Planaren arlo horretan, 61,097 milioi euroko aurrekontuarekin, ondoren aipatzen diren helburuak jasotzen dira lanerako prestakuntzaren eta enpleguaren arloan:

Lehenengoa: Lan-merkatuko bitartekaritza-sistema eta lan bila dabiltzan langabetuak orientatzeko sistema hobetzea, baztertuta dauden edo egoteko arriskuan daudenen enplegua sustatzeko beharrezkoak diren ekintza positiborako mekanismoak abiaraziz. Eta oinarrizko gizarte zerbitzuen eta orientazio-zerbitzuen arteko lankidetza-protokolo bat eginez.

Bigarrena. Lanerako prestakuntzaren baliabideak gehiago egokitzea laguntza-behar handiena duten giza taldeen beharrizanei.

Hirugarrena: Laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak enpresek kontratatu ditzaten sustatzea, besteak beste, gizarte-ekonomiako enpresek hamabi hilabete baino gehiago lanik gabe daramaten pertsonak kontratatzea bezalako neurriak erabiliz, horien kopurua urtez urte igoz edo arriskuan dauden giza taldeetako herritarren mugagabeko kontratazioa bultzatuz, 1997ko konfederazio arteko itunean jasotzen den bezala.

aEsku-hartzeko hirugarren arloa: hezkuntza

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemak oso eskolatze maila handia dauka derrigorrezko mailetan, %100ekoa praktikan, eta tasa handienetakoa du, baita ere, 0 eta 3 urte bitarteko eta derrigorrezkoaren osteko mailetan. Hala eta guztiz ere, gizarte guztietan bezala, badaude absentismoak, salbuespena diren arren; kasu horien arrazoiak mugikortasuna edo gizarte- eta ekonomia-baldintzak izaten dira.

Horren ildotik, eskolatzerik ezako edo absentismo-kasuetarako esku-hartzeko protokolo bat dago aurreikusita, foru aldundietako eta udaletako gizarte-zerbitzuekiko lankidetzan.

Bestalde, esku-hartzeko Plan Orokor bat prestatzen ari da etorkinentzat, hizkuntzaren eta curriculumaren arloan dituzten beharrizan bereziei erantzuna emateko.

2003-2005 Gizarteratzeko hirurteko Planak hezkuntza-sistemarako dituen helburuek 347,502 milioi euroko kostua dute, eta ondokoak dira:

Lehenengoa: Derrigorrezko mailetan eskolatzea bermatzea, eskola-absentismoko kasuan detektatuz eta konponduz, zonalde ekonomiko behartsuetan bereziki.

Bigarrena: Pertsona guztiek hezkuntza sistemara duten irisgarritasuna hobetzea, beken sistema zabaldu eta hobetuz, azterketen emaitzaren arabera. 2001-2002 ikasturtean unibertsitatez kanpoko 63.042 ikaslek jaso zituzten laguntza horiek.

Hirugarrena: Etorkinen hezkuntza-beharrei erantzun berezituagoa ematea.

Laugarrena: Espetxeratuen hezkuntza hobetzea, 1994an Justizia Ministerioarekin sinatutako Hitzarmen Markoaren jarraibideen arabera.

Bosgarrena: Irakaskuntza-baliabideei gizarte-etekin handiagoa ateratzea.

Seigarrena: Aniztasunari arreta emateko programen jarraipen sistematikoa egitea.

Zazpigarrena: Hezkuntza-beharrizan bereziak izan ditzaketen adingabeen detekzio goiztiarrerako sistema indartzea, eta gai horretarako behar diren laguntza zehatzei eustea.

Zortzigarrena: Arlo zehatz horietan lan egiten duten profesionalen prestakuntza sendotu eta hobetzea.

Bederatzigarrena: Konpentsazio-laguntzak behar dituzten giza taldeen eskakizunetarako baliabide materialen egokitzapena hobetzea.

Hamargarrena: Koordinazio-sistemen lan-moldeak hobetzea, arreta integralago eta jarraikorrago bat emanez hezkuntza-konpentsazioa behar dutenei.

aEsku-hartzeko laugarren arloa: etxebizitza

Gizarteratzeko Planak jasotzen ditu 2002-2003 Etxebizitza Plan Nagusian jasota zeuden egoera-diagnosia eta aplikatu beharreko neurriak, batez ere laguntza behar duten zonaldeak birgaitzearen eta baztertuta dauden edo egoteko arriskuan daude pertsonen etxebizitzen baldintzak hobetzearen ingurukoak. Planak bere egituraren arabera ordenatu eta garatzen ditu neurri horiek.

Kostua 57,289 milioi eurokoa da, eta ondoko helburuak ditu:

Lehenengoa: Arreta berezia behar duten hainbat giza talderen etxebizitza-egoera hobetzea, alokairuko etxebizitza merkeak eskainiz, eta alokairurako lurra erreserbatuz. Etxebizitza Plan Nagusiaren indarraldian alokairuko 7.500 etxebizitza sozial eraikitzea aurreikusten da, alokairuko 5.250 etxebizitza pertsona eta giza talde behartsuenentzat erreserbatuz.

Bigarrena: zona degradatuetako etxebizitzak leheneratzea.

Hirugarrena: Hutsik dauden 5.000 etxebizitza libre merkaturatzea, alokairu babestuaren bitartez.

Laugarrena: Etorkinak, gutxiengo etnikoak edo oinarrizko errentaren jasotzaileak integratzeko etxebizitzak erreserbatzea.

Bosgarrena: Errenta txikienak dituzten giza taldeei bereziki zuzendutako alokairurako laguntza ezartzeko aukera baloratzea.

aEsku-hartzeko bosgarren arloa: Osasuna

Euskadiko osasun sistemak lortu dituen garapen eta kalitate mailak Europako beste herrialdekoen parekoak dira, baita ekonomikoki garatuenak daudenekin alderatuz ere. Egun, EAEn erroldatuta dauden guztiek dute Euskadiko osasun-sistemaren arreta jasotzeko eskubidea, haien administrazio-egoera edozein dela ere.

Hala eta guztiz ere, estaldura unibertsaleko beste osasun-sistemetan gertatzen den bezala, desberdintasunak izan daitezke osasun-arreta ematerakoan (beharrizan bererako zerbitzuen erabileran, zainketen kalitatean, etab) ezaugarri sozioekonomikoen, etnikoen edo kulturalen arabera.

2003-2005 Gizarteratzeko Euskal Planak ondoko helburuak jasotzen ditu osasun-sistemarako, 16,166 milioi euroko aurrekontuarekin:

Lehen helburua: Osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko programen eskaintza mantendu eta hobetzea, Osakidetzaren Lehen mailako Atentzioaren bitartez. Horren xedea gizarte-bazterkeriako arriskua duten giza taldeen tratamendua hobetzea da.

Bigarrena: Bazterkeria arriskuan dauden giza taldeak eta pertsonak identifikatzea, osasun-zentro bakoitzaren eragin-eremuetan.

Hirugarrena: Osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitzeko programek lortutako estaldura-maila ezagutzea.

Laugarrena: Osasun-arretaren legezko estaldura zabaltzea, bazterkeria-arriskuan dauden pertsona guztiak hartu ditzan. Horretarako, gure ustez adoretsuak eta aurrerakoiak diren bi ekintza gauzatuko dira: legeak garatzea, dokumentaziori gabeko atzerritarren giza taldea euskal osasun-sistemaren barruan arreta jasotzeko eskubidea emateko, eta bazterkeria-arriskuan dauden pertsonen erroldatzea sustatzea, haien lege-egoera edozein dela ere.

Bosgarren helburua zerbitzuak behar dituzten guztiei osasun-sistemarako sarbidea ematea da.

Seigarrena: Euskal osasun sistemari buruz dituzten eskubide guztien inguruan pertsona guztiak informatuta egon daitezen lortzea.

Zazpigarrena: Osasun zerbitzuetarako sarbidean, erabileran eta kalitatean dauden desberdintasunak hobeto ezagutzea, eta osasun sistematik kanporatuta daudenentzako protokoloen bitartez, egoera horiek zuzentzea.

Zortzigarrena: Arreta integral, jarraikor eta kalitatezko bat abiaraztea, gizarte- eta osasun-arazo larriak dituzten pertsonentzat eta horien zaintzaileentzat.

ONDORIOEN LABURPENA

· “Planak marko bat aurkezten digu, hurrengo hiru urteetan gizarte-bazterkeriaren aurkako politikak koordinatzeko balio izango duena”.· “41 helburu daude jarrita; horietara iristeko 115 neurri hartuko dira, 408 ekintzen bitartez betearaziko direnak, eta horrek guztiak 2.586 euroko balorazioa du hirurtekorako”.· “Plan horrek Eusko Jaurlaritzako lau sail konprometitzen ditu (Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila, Hezkuntza Saila, Osasun Saila eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila), hiru aldundiez eta EAEko udalez gainera”.· “Globalizazioko garai hauetan, Planak gizarte-bazterkeriaren ikuspegi globala eta integrala egituratzen du. Besteak beste, ekonomia, osasun, prestakuntza, etxebizitza eta zerbitzu-mailako beharrizanei aurre egiten die, baztertuta dauden edo egoteko arriskuan dauden herritarren sektoreei dagokienez”.·

“Planak sustatzen duen babes-ereduak gure legeen markoa du oinarri (Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legea, Gizarte Eskubideen Agiria) eta eskubide bikoitzeko eredu gisa eratzen da: Oinarrizko errentarako eskubidea eta gizarteratzeko eta laneratzeko eskubidea, Europar Batasunaren gomendioen ildotik”.Joseba Azkarragak azpimarratu duenez “Kasu askotan Estatu espainiarrean aitzindaria izanik, Euskadiko erakundeek pobretasunaren eta bazterkeriaren aurka egindako lanari esker, Euskadiko gizarte-egoera ona da, gure inguruko beste erkidegoekin alderatuz”. Hori esanda, ohartarazi du ez zaigula komeni “lo hartzea, badaudelako pobretasun eta gizarte-bazterkeria nozitzen duten, edo nozitzeko arriskuan dauden, giza taldeak. Lehenengoei buruz, bazterkerian eror daitezen ekidin behar da, eta bigarrenei dagokienez, galarazi behar da kroniko bihurtzea”.Horren ildotik adierazi duenez, “Jaurlaritzari dagokio hori ez gertatzeko lan egitea. Gure ustez, Gizarteratzeko Euskal Plan hau pausu garrantzitsua da bazterkeriaren eta pobretasunaren aurkako borrokan. Beti ere gure gizarteko sektore behartsuenentzako elkartasun eta justiziarekiko konpromisoari eutsiz”, esan du amaitzeko.

Jatorria: Joseba Azkarraga