Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak parte hartu zuen Emakumeari eta Enpleguari buruzko Nazioarteko Biltzarraren inaugurazioan, Gasteizko Europa jauregian Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak azaldu zuenez, lan-merkatu berak aldatu beharko du, eta sektore bakoitzean lanbide-gaitasuna izan behar da gida, giza baliabideen eraginkortasunean oinarritzen den gida, hain zuzen, edozein estereotipo sexista betiko baztertu arte.
Azkarragak parte hartu zuen Gasteizko Europa jauregian Equal ekimenaren baitan egindako Emakumeari eta Enpleguari buruzko Nazioarteko Biltzarraren inaugurazioan; sailburuak ´itxaropenaz eta ilusioaz´ hartu zuen ekimena, esan zuenez, ´profesionalen eta gizarte eta ekonomia eragileen arteko gaurko bezalako eztabaida pluralak duen garrantziarengatik, emakumeak lan-merkatuan sartzeko eta sustatzeko irtenbideak aurkitzea baita bere asmoa´.
Bere ustez, erakundeetako erantzule politikook ´ezin dugu begiak itxita egon gure gizartearen baitan sortzen diren arazoen aurrean´, eta, horregatik, ezin da ahaztu gaur egun oraindik badaudela genero-aldeak lan-merkatuan sartzerakoan. ´Europa osoan daude genero-aldeak, gure erkidegoan ere bai: hala jarduera-tasan, non langabezia tasan daude aldeak´, eta, gehitu zuenez, ´nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan nabarmen gutxitu den emakumeen langabezia-tasa azken zortzi urteetan, Europan bezala, proportzio honi eutsi diogu: 10 langabetuetatik 6 emakume dira´.
Orobat, nabarmendu zuen langabeziari eta jarduerari dagokienez dagoen desberdintasunarekin batera, zereginetan ere badagoela desoreka. ´Ekoizpen-sektoreetan zelan banatzen diren emakumezkoak eta gizonezkoaz, horretaz ari naiz, hau da, lanaren segregazio sexualaz´, eta horrek, aldi berean, bi alde ditu: horizontala, alegia, emakumeak jarduerako sektore jakin batzuetan bildu izana, eta bertikala, agian dramatikoena dena emakumeentzat, hots: emakumeak lanbide-hierarkiako maila jakin batzuetan bildu izana, jarduera-sektorea zein den alde batera lagata. ´Bai bata bai bestea ¾baitsi zuen¾ Europako Batasunean, Estatuan eta EAEn gertatzen dira, eta hezitze eta gizarteratze prozesuan errotzen dira, ohituraz emakumeak lan-aukera gutxiago duten lan espezialitateetara bideratzen baitira´.
Laneratzeko Prestakuntzaren arloari dagokionez sailburuak azaldutakoaren arabera, ´gure Saila ahalegin handia egiten ari da etorkizuneko aukerak dituzten ogibideetara berbideratzen eta birziklatze profesionalean´, baina, hori horrela izanda ere, oraindik ere bai Euskadin bai Europan emakumezkoen enplegu gehiena administrazio, zerbitzuetan eta salmentetan metatzen da, eta zuzendaritza mailako enpleguetan, berriz, emakumezkoen partaidetzak ez du Europako maila gainditzen, hots, ehuneko 30. ´Ordainketa-desberdintasunaz zer esatea ere badago´, sailburuaren hitzetan, ´bataila honen fronteetariko bat da, non uneoro erne egon behar baitugu´.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak honakoa azpimarratu zuen, bestalde: ´gure gura da, gainerako Europako Batasunean bezala, ekonomi-arloan gora egitea´, baina ´era jasangarri batean, enplegu gehiago eta hobeak sortzen, eta, aldi berean, kohesio sozial handiagoa eratzen´. ´Eta hor ¾gehitu zuen¾ euskal gizarteak hil edo biziko eginkizuna dauka, ´berdintasunezko genero balioen transmizioa baliatuta´, esan zuen, heziketa gizarte-berdintasunerako elementu gisa, teknologia berriak edo lanbide-orientazio bera hizpidetzat hartuta. ´Baina dudarik gabe, lan-merkatu berak aldatu beharko du, sektore bakoitzean lanbide-gaitasuna izan behar da gida, giza baliabideen eraginkortasunean oinarritzen den gida, hain zuzen, edozein estereotipo sexista betiko baztertu arte´, adierazi zuen sailburuak.
Bere ustez, ´lan-harremanen eta negoziazio kolektiboaren marku berri batean, kontuan hartu beharko dira gaur egungo lanaren zatiketa sexuala apurtzetik sortzen diren premia berriak. Produktibitatea izan zen XX. mende hasieran enpresaren paradigma, geroago kalitate eta partaidetza kontzeptuek irauli zuten ekoizteko modua, eta gaur egun dagoeneko esaten da XXI. mende hasi berri honetan erantzukizun sozial korporatibarekin lotutako baloreak gailenduko direla. Kontzeptu hori -azpimarratu zuen- filantropiatik askoz haratago doa eta barruko eremuak bere egiten ditu, esate baterako: giza baliabideak, lan segurtasuna eta osasuna edo ingurumena; eta kanpoko eremuak ere bai, esaterako: herritar, tokiko eta munduko ingurunarekiko lotura´.
Joseba Azkarragak egiaztatu zuenez, Enplegua Sustatzeko Erakunden Planean (2003-2006) sartzen dira printzipio filosofiko hauek gogoeta estrategiko batean gauzatu dira: lan-merkatuan gizonek eta emakumeek duten egoera desberdinari buruzko gogoeta, hain zuzen, emakumeek merkatuak eskaintzen dituen aukera guztiak izateko dituzten oztopoei buruzkoa, baita berdintasun-baldintzetan benetan eta eraginkortasunez sar daitezen bultza daitezkeen jarduera-lerroez ere. Horrela, emakumeek lehentasunezko kolektibo bat osatzen dute aipatutako planean, eta horren gainean zenbait esku-hartzeko lerro proposatzen dira: lehenengo eta behin, lan-arloko kultura ez sexista sustatzea, berdintasun-baldintzetan orientazioa eta kualifikazioa ematea, eta benetan lan eta familia jarduera bateragarriak egiten dituzten erabakiak hartzea´.
Jatorria: Joseba Azkarraga