Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak Oinarrizko Errentari eta gizarteratze-prozesuei buruz Sailak antolatu duen jardunaldia inauguratu du Gasteizen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak gaur baieztatu duenez, Sailak eta Eusko Jaurlaritzak duten ezinbesteko abiapuntua zera da: gizarte-eskubideen babesa gure gizarte-politiken ardatz nagusi bihurtzen dituen gizarte solidarioago baten alde borrokatzea.
Oinarrizko Errentari eta gizarteratze-prozesuei buruzko jardunaldia inauguratu du Azkarragak gaur goizean Gasteizen. Jardunaldi horren xedea gogoeta egitea da, gure lehentasunezko arreta jasotzen duten kapituluetako bati buruz, hau da, gizarte-babesari eta gizarteratze-prozesuei buruzko gizarte-politikak, horrela aztertuko dugu gizarte-arloan daramatzagun politikek benetako eragina duten gure gizartearen kohesioaren alde. Beti esan dut nazio-eraikuntza guztiz herren geratuko litzatekeela gizarte-eraikuntzarik gabe, adierazi zuen Azkarragak, herria gizarte-justizian eta elkartasunean eraikitzearen aldeko apustua egiteaz batera.
Sailburuaren iritziz, gastu batzuk ezin dira, inola ere, eskaintzaren eta eskariaren legearen pean jarri, ezta ekonomia-bolada on edo txarren mende; aitzitik, gobernuek beraiek bermatu behar dituzte, hau da, gizarte-ongizateko politika egin behar da, ez gizarte laguntzakoa. Era berean, globalizazio modu bakarra ongizatearen estatua desegitea den ideia zabaltzeko interesa dutenak kritikatu zituen. Hori ez da egia: badago, eta bideragarria da, gauzak egiteko modu arrazional eta zuzenagoa.. Azkarragaren ustez, Europaren ikuspuntutik begiratuta, enplegua sortzeko eta, hortik abiatuta, gizarte-sistemari eusteko, beharrezkoa da ekonomiaren giza dimentsioan sinestea, pertsonen aldeko apustua egitea eta denok parte hartzea politika- eta gizarte-egituran, bai egungo Estatuetakoetan, bai Estaturik gabeko herrietakoetan; eta horretarako, elkar-ulertze hori elkarrizketan eta akordioan oinarritu behar da.
Nahiz eta datuekin argi utzi, gizarte-politikei dagokienez, Euskadi Estatuaren aurretik dagoela, Azkarragak esan zuenez, konformismoari itzuri egin behar zaio, eta nahiago du gu baino hobeki daudenei begiratu. Hala eta guztiz ere, erantsi zuenez, errazagoa litzateke herrialde aitzindarien egoerara gerturatzea beharrezko autogobernu-tresna guztiak izango bagenitu, estatutuaren arabera dagozkigun eta gaur arte ostu dizkiguten horietatik hasita, horien artean aipatu zituen Gizarte Segurantzaren kudeaketa zuzena, gizarte babeserako eredu moderno eta aurrerakoia eta enplegu politika guztien transferentzia.
Hala eta guztiz ere, ohartarazi zuenez, haren Sailak ahal duen guztia egingo du Estatuko gobernuek ezarritako eragozpen hori gainditzeko. Hala, gogorarazi zuen haren Sailak 62 milioi euroko aurrekontua duela bere eskumenekoak diren baina transferitu ez diren gaietarako.
Era berean, azpimarratu zuenez, bere arloko kontuetan gizarte-atalak hartzen du gastuaren zati handiena, batez ere, bizitza duin eta autonomo bat garatzeko beharrezkoak diren gutxieneko diru-sarrerak bermatzea eta gizartean baztertuta daudenak lan-merkatu arruntean txertatzea helburu dituen 2003-2005 Gizarteratzeko Euskal Planaren barruan (Oinarrizko Errenta, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, prestakuntza- eta enplegu-politikak…). Horretaz gainera, familien gizarte-babesa aipatu zuen, eta adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak atal horretan egiten duen ahalegina 2003. urtean laguntzak 53 milioi eta erdira iritsi ziren hobetzen eta handitzen jarraitu nahi du.
Azkarragaren ustez, aztertu beharreko beste arazoetako bat kanpoko langileen etorrera da, eta horren aurrean, planifikatzeko eta integratzeko ahalegin handiak egin beharko ditugu denok. Gai horri dagokionez, itsaropentsu agertu zen, eta Espainiako eta Europako lege berriek esplotazioa, diskriminazioa eta ankerkeria giza eskubideetan, justizian eta berdintasunean oinarritutako irizpide errealistago eta solidarioagoen bidez ordezkatzea espero zuela esan zuen, enplegua baina eskubideekin leloan laburbilduta.
Jatorria: Joseba Azkarraga