Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta EAko idazkari nagusiak ekitaldi batean parte hartu du gaur goizean Bilbon, bere alderdiko barruko eta erakundeen arteko karguekin.

“Gizarteratzeko eta gizarte-babeseko euskal eredua deitzen duguna sustatzeko eta mamitzeko” Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana azaldu du Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, gaur goizean izandako ekitaldi batean.

Azkarragak adierazi duenez, azkeneko bi legegintzaldietan “gauza asko eta oso garrantzitsuak egin ditugu, Jaurlaritza osoari geure kutsua ematea lortu dugulako. Hori ikuspegi aurrerakoi eta moderno batean laburbiltzen da, Euskadi Sozialaren eraikuntzaz euskal sozialdemokraziak beti izan dituen printzipioetan abiatuta”.

Horren ildotik, Jaurlaritzaren Kontseiluak duela aste batzuk onartutako Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen eta Eusko Legebiltzarraren argi berdea jaso duen Pentsioak Osatzeko Legearen garrantzia azpimarratu du. Horrez gain, Familia Legea ere Legebiltzarrean, zuzenketen fasean, dagoela nabarmendu du. “Euskadi sozial, zibiko eta demokratikoaren alde Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustuaren hiru adibide dira horiek. Euskadi demokratikoa diogu, baina ez gara demokrazia formal edo zurrunaz ari, partaidetzazko demokraziaz baizik”.

Azkarragak adierazi duenez, ekimen garrantzitsu horiek aurrera ateratzeko “borrokatu egin behar izan dugu, bai Jaurlaritzan bai kanpoan, eta batzuek zituzten erreparoak gainditu ahal izan ditugu, pertsuasioz eta irmotasunez. Oso harro egon gaitezke gaur; izan ere, gutxik jartzen baitute zalantzan garatzen ari garen neurriak baliagarri direla Ongizatearen Estatua indartzeko eta bazterkeriarik gabe aurrera egiteko”.

Horren ildotik, “Sail gisa Gobernuari eta gure herriari egin diogun ekarpen handienetako bat pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako borroka politika publikoen ardatz nagusi eta lehentasun bihurtzea eta unean uneko egoera ekonomiko edo politikoen mende zeuden diru-laguntzak herritarren gizarte-eskubide bihurtzea izan da. Horixe bai aurrerapausoa”, adierazi du Azkarragak.

Eusko Jaurlaritzako sailburuak bultzatu nahi duen gizarte-babeseko ereduan, ezinbestean, “hazkunde ekonomikoa pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko eta aurrerapenerako erabili behar da, gizarteko sektore behartsuenak eta familiak bereziki babestuz, justizia, elkartasun eta gizarte-kohesioko irizpideekin”.

Horren ildotik, baieztatu duenez, erreferentziako eredua “Ongizate Estatua da, eskubide zibil eta politikoak bermatzeaz gain, batez ere, gizarte-eskubideak ere babesten dituena; besteak beste, ondasun materialen babesa eta zaintza, errenten bermeak, eta familiaren, osasunaren, hezkuntzaren eta etxebizitzarako eskubidearen babesa, eta gizarte﷓kontingentzien aurkakoa (gaixotasuna, alarguntza, langabezia…).

Azkarragak esan duenez, “nahiz eta dena hobetu daitekeen -eta hori da gure erronka-, gizarte-babeseko sistema aurreratua eta gizarteratzeko sistema egokia eraikitzen ari gara. Izan ere, uste dut gure herriak inor baztertu gabe egin behar duela aurrera. Gurea -adierazi du amaitzeko- eredu aurrerakoia da, ekonomiaren arloan lehiakorragoak izatea bilatzen duena gero eta globalizatuago dagoen mundu honetan baina, betiere, herritarren bizi baldintzak hobetuz eta gizarte- eta lurralde-kohesioa areagotuz”.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna