Bake Bidean jardunaldiaren hasiera-ekitaldian, Leioako Unibertsitatearen campusean, ikuspegi etikoa ezinbestekotzat jo du sailburuak arazoari aurre egiteko Joseba Azkarragak, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak adierazi duenez, egokiera erabakigarrian gaude gure etorkizunerako, eta une honetan inoiz baino beharrezkoagoak dira gogoeta politikoa eta bazterketarik gabeko elkarrizketa, gure herriak behar duen bakerantz eta normalizazio politikorantz eramango gaituzten akordioetara iristeko.
Leizaola Elkarteak antolatutako Bake Bidean jardunaldiaren hasiera ekitaldian, Leioako Unibertsitatearen campuseko areto nagusian Azkarragak ziurtatu duenez, oinarrizko printzipio etikoak eta konplexua, dinamikoa eta aldakorra den errealitaterako beharrezko egokitzapena bateratzea da edozein arazoren konponbidea bilatzerakoan geure gain hartu behar dugun erronka. Eta erronka horri egin behar diogu aurre, baita ere, Euskadi bakerako eta normalizazio politikorako bidean jartzeko. Gauza batek iraun behar du tinko, hala ere: geure gogoeten inspirazio iturri eta ezaugarri nagusi izan behar duen indar etikoa. Begirada etikoa ezinbestekoa da Bakearen eta Giza Eskubideen arazoari aurre egiteko, adierazi zuen. Horretaz gainera, ziurtatu zuenez, bakea ez da gerrarik eza bakarrik, gizarte-justiziaren, berdintasunaren eta elkartasunaren oinarrien gainean bakezko elkarbizitza iraunkorra eraikitzeko borondatea ere bada.
Sailburuak eskerrak eman zituen pentsamenduaren alienazioa edo ideien uniformetasuna bereziki gazteen artean sustatu ohi diren garai hauetan kontzientziak astindu, pentsamendu erosoa mugiarazi eta gizartearen eta erkidegoaren arazoen konponbidean gazteen partaidetza eta inplikazioa sustatzera bideratutako ahalegin guztiengatik. Horren ildotik, baieztatu zuenez, era horretako eztabaida eta gogoetarako jardunaldiak ekimen txalogarriak dira, edonolako pentsamendu bakarra ezartzeko ahalegin guztien aurkako txerto osasungarriak direlako.
Horretaz gainera gogorarazi zuen unibertsitatea pentsamendu askearen aitzindaria eta askatasunaren aurka borrokatu duten joera ideologiko eta politikoen aurkako erresistentzia-gunea izan dela beti.
Irakaskuntzaren arlo noblean lan egiten duten hainbat profesionalek jasan behar izan duten jazarpen eta mehatxuzko egoerak salatu zituen berriz ere, hemen, katedra askatasuna ondare sakratutzat eta ideiak adierazteko askatasuna zalantzarik gabekotzat jo beharko liratekeen leku honetan. Unibertsitateko estamentu guztiek bikoiztu behar dituzte banakoen askatasunaren kontrakoak diren ekintza horien aurkako ahaleginak, eta behin eta berriz adierazi, pentsamendu askearen bidetik eta errespetua eta tolerantzia erabiliz baino ez dela posible elkarbizitza, adierazi zuen.
Era berean, adierazi zuen ezinbestekoa dela unibertsitatea aitzindari izatea eskubide eta askatasun zibiko eta kolektiboen babesean. Derrigorrezkoa da unibertsitateko mundua bereziki erne egotea demokraziaren benetako sistema demokratikoaren oinarrizko printzipioen aurkako eraso horien aurrean. Hala, argudiatu zuenez, unibertsitateko kideak ezin dira lasai gelditu eta axolagabe agertu oinarrizko hainbat askatasun besteak beste: adierazpen, pentsamendu eta aukera eta ekintza politikorako askatasunak; legearen aurreko berdintasuna; arraza-, sexu-, edo erlijio-arrazoiengatik diskriminaziorik ez izateko eskubidea; edo bizi duinerako eskubidea nozitzen ari diren murrizketaren aurrean.
Azkarragak premia larrikotzat jo zuen Bakearen eta Giza Eskubideen inguruko eztabaida euskal gazteei helaraztea, eta eztabaida horretan haien partaidetza sustatzea. Aldi berean, adierazi zuenez, gogoeta bultzatu behar da euskal gatazkari buruz, jasaten ari garen biolentzia egoerari buruz eta giza eskubidee guztiek banakakoak zein taldekakoak, guztientzat eta edonon, bazterketarik eta salbuespenik gabe merezi duten errespetuari buruz.
Jatorria: Joseba Azkarraga