· Eusko Jaurlaritzaren ustez, pentsio-sistema publikoari eustea eztabaidaezina, funtsezkoa eta ukaezina da, eta horregatik, baliabideak eta tresnak bilatzeko ardura du, aurreikuspen guztien arabera sistema publiko horrek izango duen presio gero eta handiagoari aurre egin ahal izateko.
· Hori da Plan hau egiteko arrazoia, Gizarte Aurreikuspen Osagarria pentsio publikoak egonkortzen eta bermatzen lagunduko duen tresna izatea.
· Planaren bidez pentsio osagarriak orokortu eta demokratizatzea bilatzen da, eta horretarako gure herriko langile gehienei hedatu behar zaizkie plan horiek, enplegu-sistemen bitartez eta negoziazio kolektiboa ardatz eragiletzat hartuz.
· Horretarako, gizarte-aurreikuspen osagarriaren arau-esparrua eta sustapen-tresnak eskaintzen ditu Planak. Ez du inor ezertara behartzen. Esparru bat ezarri baino ez du egiten, enplegu sistemak hedatu ahal izan daitezen. Behar horrekin ados daude Lan Harremanen Kontseilua, BASEak berak (Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Entitateak) eta foru-ogasunak.
· Planaren helburu zenbakarria, 8 urteko epean, lan-errenten jasotzaileen eta profesionalen %70 sistema osagarriari atxikita egotea da, eta aurreikuspen osagarriaren estaldura-gradua azken soldataren %20 izatea etorkizunean.

Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburua Eusko Legebiltzarreko Lan eta Gizarte Ekintzako Batzordearen aurrean agertu da Aurreikuspen Sozial Osagarriaren Plana aurkezteko.

Lehenik eta behin aipatu dutenez, plana Eusko Jaurlaritzaren gogoeta estrategiko sakon baten emaitza da.

Horren ildotik, pentsio-sistemak erreformatzen ari diren herrialdeetako esperientziak eta nazioarteko erakundeen gomendioak hartu dira kontuan Plana egiterakoan. Halaber, aintzat hartu dira Euskadiko gizartearen eragileek —Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) edo Kooperatiben Kontseilu Gorenaren bitartez— edo sektoreak —Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen Federazioaren bitartez— egindako ekarpenak. Hala bada, elkarrizketa-ordu askoren ondoren egindako Plana da.

EUSKADI ABIADA BIZIAN ZAHARTUZ DOA

Plana erronka bati aurre egiteko jaio da. Erronka horri —alegia, biztanleriaren zahartzeari— gure gizarte osoak egin behar dio aurre. Errealitate hori, berez, ona eta desiragarria da, gizakien bizitza luzatzen ari den seinale baita. Hala ere, halako neurria hartuko duenez, errealitate berri bat plazaratzen digu, eta gaur bertan behartzen gaitu gizarte- eta ekonomia-arloko tresnak eta politikak berraztertzera.

Epe luzeko errealitatea aurreikustea zaila den arren, aurreikuspen demografiko guztiek, baita baikorrenek ere, joera bat erakusten dute: euskal herritarren adin-egituraren ezbairik gabeko aldaketa. Izan ere, 1995ean 65 urtetik gorakoak biztanleriaren %15 ziren; 2025. urtean, ordea, ehuneko hori %25 inguru izango da, eta 2050ean, hipotesi onuragarrienen arabera, %35etik gora izango da.

Horrek ematen duen irudiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko adin-piramideen alderanzketa erabatekoa eta ekidinezina izango da, baita ugalkortasunari eta immigrazioari buruzko eboluzioaren hipotesi baikorrenak kontuan hartuta ere. Datozen bost hamarkadatan erretiratuko diren pertsona guztiak jaio dira jadanik. Adibidez, datu jakina da 2025. urtean erretiratzeko adinera urtero iritsiko direnen kopurua egungoa baino %30 handiagoa izango dela.

EAE honako testuinguruan kokatzen da, beraz:

· Adinen egitura berriak aldaketa sakona dakar biztanleria aktiboaren eta biztanleria erretiratuaren arteko ratioan. Datu soil batek argi uzten du hori: 1980. urtean 7 pertsona zeuden lan egiteko adinean erretiratu bakoitzeko, eta gaur egun proportzio hori 4ra jaitsi da. 2025ean erdiraino jaitsiko da, hau da 2raino, eta joera horretan jarraituko du hurrengo hamarkadetan. Horren guztiaren ondorioz, kotizazioa egingo dutenen kopurua gero eta txikiagoa izango da, eta horiek gero eta erretiro-pentsio gehiago mantendu beharko dituzte.
· Bestalde, bizi-itxaropena gero eta luzeagoa denez, gero eta erretiro-urte gehiago ordaindu beharko dira. Beraz, gero eta pertsona gehiagok izango dute erretiro-prestazioak jasotzeko eskubidea, eta urte gehiagotan. Berez, 1960. urtean 65 urteko gizonezkoek 12 urte gehiagoko bizi-itxaropena zeukaten bitartean, itxaropen hori 16 urte baino gehiagokoa da egun. Emakumeen kasuen igoera handiagoa da oraindik, 15 urtetik 21era pasa baita epe berean.

ZAHARTZEAREN PRESIO IKARAGARRIA FINANTZA PUBLIKOETAN

Europar Batasunean zahartzearen kostuak BPGren %3 eta %5aren inguruan igoko dira, pentsio publikoei dagokienez, hemendik 2050era, egungo gastuak BPGren %10 eta %11 bitartean daudela kontuan izanik.

Ez dago, eta herrialde bakar batentzat ere ez da egon, immigrazioak edo lan-merkatuaren hobekuntzak egoera konponduko dutelako ustea izateko aurreikuspen onargarririk, nahiz eta logikoa den bezala, egoera arintzen lagun dezaketen.

EZ DAGO BERMATUTA BELAUNALDI GAZTEEN ERRETIROAN BIZI-MAILARI EUTSI AHAL IZATEA

Testuinguru horretan, inork ez du jadanik ukatzen beharrezkoa dela gizarte-babeseko sistemak errealitate berri bati egokitzeko neurriak hartzea.
Kontuan izan behar da egoera demografiko positibo batekin, eta bat ere arazotsua ez den mendetasun tasa batekin, ere (14 urtetik beherakoen eta 65 urtetik gorakoen proportzioa 14 urtetik 65 urte bitarteko biztanleriarekiko) giza talde askok nozitzen dutela egun errenta-galera nabarmena erretiratzean, lanean ari ziren garaiarekin alderatuz. Adibidez, eskatzen diren 35 urteen ordez, 25 urtetan kotizatu duen pertsona batek jarduerako errentaren %74ko pentsioa kobratuko luke.

PENTSIO OSAGARRIAK: GURE ESKU DAGOEN TRESNA BAT

Testuinguru horretan, sistema publikoa ezertarako murriztu edo kaltetu gabe —izan ere, sistema hori babesten dugu, gure gizarte babesaren oinarrizko eta funtsezko osagai gisa— badugu Euskadin eragin erabakigarria izan dezakeen tresna bat erretiro-garaian diru-sarreren nolabaiteko galera izateko arriskuak gutxitzeko. Tresna hori Gizarte Aurreikuspen Osagarria da. Izan ere, horri esker lortu liteke biharko pentsiodunen ordezkapen-tasa haien aurreko errentaren —hau da, aktiboan jasotako errentaren— %80ra hurbil dadin, eta horrek denboran jarraipena izan dezan.

Horren haritik, gure egin nahi dugu gizarte-eragileek adierazitako iritzi hau: “gizarte-aurreikuspen osagarriak ez du gizarte segurantzaren araubide publikoa ordeztu behar, araubide hori osatu baizik”. Eta abiapuntu hori utziezina da.

Beraz, planaren abiapuntua ez da Gizarte Aurreikuspen Osagarriak, besterik gabe, pentsio nahikoak bermatzeko erronkari aurre egingo diola, baina bai, behar bezala bideratuta eta hainbat gizarte-baldintza betez, pentsio sistema publikoek jasan beharko dituzten tentsioak arintzen lagun dezakeela.

GIZARTE ERRONKARI ERANTZUNGO BADIOTE, PENTSIO OSAGARRIAK OROKORTU EGIN BEHAR DIRA

Gizarte Aurreikuspen Osagarriak garrantzi handiagoko gizarte-funtzioa bete behar dute, eta gizarte osoaren beharrei erantzun. Honako helburu hau bilatzen da: tresna gizarte-helburu eta -erronkarekin lerrokatzea.

Gizarte Aurreikuspen Osagarria orokortzea eta langile gehienei zabaltzea (horrela izan behar dela uste du Eusko Jaurlaritzak, benetako gizarte-aurrerapen eta –justiziaren ikuspuntutik) enplegu-sistemenen (sektoreetakoen eta enpresakoen) bidez edo negoziazio kolektiboa ardatz-eragiletzat hartuz bigarren oinarri gisa.

Hain zuzen ere, lehen oinarriaren (publikoaren) eta bigarren oinarri orokortuaren baturaren bitartez aurre egin ahal izan diote Europako herrialdeek —hau da, Holandak eta Danimarkak— arrakastaz zahartzearen erronkari; izan ere, bi herrialde horiek izan dira Batzordearen balorazio positiboa jaso duten bakarrak, estatuen estrategiei dagokienez.

Badugu esperientzia arrakastatsu bat orokortzeari dagokionez; ez gara hutsetik abiatzen, ez gara ezer berririk edo erokeriarik planteatzen ari, esperimentatzeko aukera izan dugu, eta oso esperientzia positiboa izan da, eta bada. Gipuzkoako GEROAz ari naiz; han, aurreikuspen sozial osagarria sektoreko negoziazio kolektibotik abiatu zen, sindikatu guztiak –eta guztiak azpimarratu nahi dut– eta ADEGI patronala bat etorrita. Egun, 160.000 elkartekide baino ditu, 9.000 enpresa baino gehiagotan banatuta. Gipuzkoan, aurreikuspen sozial osagarria ehuneko hirurogeiko estaldurara heltzen da, eta….ona da.

Gizarte Aurreikuspen Osagarria urruti dago egun langileen gehiengo zabala babestetik. Beraz, onartutako Planean jaso den bezala, Eusko Jaurlaritzak esparru bat zehaztu behar du, epe luzera aurrezteko eta aurreikuspena sustatzeko helburuari jarraiki. Gainera, esparru hori instituzionalizatu behar du, ahalik eta eraginkortasunik handiena lor dezan saiatu eta, aurrezteko gai badira ere, egun aurrezten ez duten lagunak bereganatu.

Behin esparrua zehaztuta, gizarte-eragileen egitekoa izango da enplegu-sistemak ezarri eta hedatzea

ESTRATEGIA

Beraz, estrategia arau-esparrua eta sustapen tresnak zehaztean datza, pentsioen bigarren euskarria —sistema osagarri orokortua— sortu ahal izateko. Sistema horrek, Gizarte Segurantzarekin batera, pentsio nahikoak, eraginkorrak eta seguruak eman beharko ditu etorkizunean.

Erakunde publikoek arlo horretan esku-hartzea egokia da, Lan Harremanen Kontseiluaren diktamenak espresuki onartzen duen bezala; izan ere, “gizarte-aurreikuspen osagarria sustatzeko lana” egitea ontzat jotzen du, “haren helburuarekin bat datorren araubide juridiko egoki batez hornituz”. Behar hori argi eta garbi plazaratu dute, baita ere, enplegu-entitateek eta BASEen Federazioan bazkidetutakoek, foru-ogasunez gain.

HELBURUAK

Plan horren hartzaileak gure herriko langileak dira, duten aurrezteko gaitasun mugatua dela-eta egungo banakako sistemez baliatu ezin daitezkeenak bereziki.

Aurrezteko gaitasun txikiena duten herritarrentzat sistema publikoak jarraituko du estaldura nagusia ematen, eta horretarako finantza-egoera lasaiago eta ahaltsuagoa izango du; izan ere, Gizarte Plan Osagarriaren garapen egokiari esker, sistema publikoaren gaineko presioa murriztuko litzateke, eta errekurtso gehiago askatuko lirateke biztanleriaren sektore ahul eta behartsuenei bideratzeko.

Gure helburu zenbakarria, eta Planarena, 8 urteko epean lan-errenten jasotzaileen eta profesionalen %70 sistema osagarriari atxikita egotea da.
Pentsio osagarriaren garrantziari —hau da, pentsioaren estaldura-graduari— dagokionez, gure Sailaren aurreikuspena aurreikuspen osagarriak azken soldaten %20 estaltzea da, euskal herritarrek, lan-errentak jasotzeari uzten diotenean, bizi-mailari eusteko aukera emango dieten ordezkatze-tasak izan ditzaten.

Alabaina, xede horiek benetan lortu behar dituzten egiazko protagonistak gizarte?eragileak dira. Haien egitekoa giltzarria da etorkizunean pentsio nahikoak eta finantza aldetik iraunkorrak lortuko dituen sistema osagarria eskuratzeko, beti ere, eta hori berriro esan behar da, Gizarte Segurantzarekin batera.

Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Plan horrek ez du ezertara behartzen, ez dio inori ezer inposatzen. Besterik gabe, haien egiteko sozialarekin bat datozen baldintzak betetzen dituzten enplegu-sistemak hedatzeko esparru egokiago bat ezartzen du. Gizarte-eragileek aukera izango dute esparru horrekin bat egiteko, negoziazio kolektiboan horrela xedatzen badute. Bestela esanda: plan hori, beti ere, aldeen borondatearen mende dago.

Beraz, Europar Batasunak gero eta gehiago gomendatzen duenarekin bat etorriz, pentsioei dagokionez hiru oinarrien erabilera biltzen duen gizarte-babeseko sistema baten aldeko apustua egiten dugu:

Ø Lehenik eta behin, eta nagusiki, banaketako Gizarte Segurantza publikoa, pentsio bat bermatzeko funtsezko oinarri gisa.
Ø Bigarren oinarria, enplegu sistemak (sektorekoak edo enpresakoak) eta…
Ø Hirugarren oinarria, banakako sistemek osatua. Planak jomuga enplegu sistemetan jarri badu ere, banakako gizarte-aurreikuspenaren egiteko garrantzitsua onartzen du.

Hala eta guztiz ere, bigarren oinarria garatzen ahalegindu behar dugu nagusiki; izan ere, hor dago defizit handiena edo, nahiago bada, gainditu beharreko ikasgaia.

Bigarren oinarria demokratizatu edo orokortzeko estrategia garatzeko beharrezkoa da, aldi berean, arau-esparru erakargarria sortzea.

JARDUNBIDEAK

Estrategia gidatuko duten jarduera-ildo nagusiak, laburbilduta, honakoak dira:

+ Enplegu-sistemen EZARPENA sustatzea, enplegu-sistemen berezko esparrua zehaztuz eta banakako sistematik bereiziz. Horretarako haien rol soziala (helburuak, bete beharreko baldintzak) aldatu eta berariazko arau-esparrua eman behar zaie.
Enplegu-sistemen ezarpena sustatzea, laguntza fiskal, administratibo eta ekonomikoen bitartez lehentasunezko gune bat sortuz, enplegu-sistemak garatu eta ezartzea erakargarria izan dadin.
Hortaz, Eusko Jaurlaritzak honakoak eskainiko lituzke:

-Enplegu-sistema kualifikatuak ezartzeko laguntza ekonomikoak. Hau da, BASEei diru laguntzak emango zaizkie enplegu-sistema kualifikatuak ezartzeko egingo dituzten informazioko, instalazioko eta abian jartzeko kanpainei dagozkien gastu jakin batzuk estal ditzaten.
-Gizarte-eragileentzako laguntza ekonomikoak, enplegu-sistema kualifikatuak susta ditzaten. Horrela, diru-laguntzak emango zaizkie gizarte-eragileei, enplegu sortzaileen eta enplegatuen artean enplegu-sistemak sustatu ditzaten.
-Enpleguko BASE kualifikatuentzako laguntza ekonomikoak, haien gobernu-organoen prestakuntza sustatzeko.
-Eta laguntza administratiboak enplegu-sistemen ezarpena ezartzeko (aholkularitza, orientazioa, eratzeko eta kudeatzeko eredu estandarrak sortu eta garatzea…).

Dagokien programen eta diru-laguntzen arloko arau egokien bitartez (laguntza ekonomikoen kasuan) heldu behar zaie sustapen-jarduera horiei, edo beharrezko laguntza- eta aholkularitza-zerbitzuen estaldura baliatuz. Nolanahi ere, ezarriko den esparru erregulatzaile administratibo eta fiskala ez bezala (egiturazkoa behar du), berariazko sustapen-ekintza horiek, eta plazaratu daitezkeen beste hainbat (hala nola, bekak, prestakuntza edo ikerketarako laguntzak, etab.) koiuntura-ikuspegi baten arabera planteatu behar dira, planaren indarraldiaren mugen barruan.

Zerga-arloari dagokionez, hainbat proposamen egin dira, honako helburuekin:
· koherenteak izatea bilatzen den gizarte-helburuarekin
· plazaratutako erronka kuantitatibo garrantzitsuarekiko proportzionaltasunari eustea
· orokortzea, finantzei dagokienez iraunkorra izan dadin, ikuspuntu publiko batetik
· errenta-maila guztietako langileen interesak bateratu ahal izatea.

Irizpide horiekin, tratamendu fiskala arrazionalizatzeko ildoak proposatu dira, beti ere gastu fiskalari dagozkion xede eta erabilera sozialari lehentasuna emanez. Gai horiek, noski, foru ogasunek landu eta onartu behar dituzte, haiei baitagokie horren gaineko eskumena.

Laguntza fiskalez gain, ezarpenerako diru-laguntzak aztertzen ari dira, laguntza administratiboez gain, sistema horiek abian jartzeko prozesuak errazteko.

+KONFIANTZA sortzea sektoreko eta enpleguko sistemetan.

Gai horrek berebiziko garrantzia dauka, eta horretarako sistema erraz, eraginkor eta gardenak sortu behar dira, behar bezalako maila profesionala eskaintzen dutenak.

+ Aurreikuspen Sistemaren JARRAIPENA bermatzea.

Kasu honetan azterketa eta monitorizazio iraunkorreko lanabes teknikoa bermatu behar da (Gizarte Aurreikuspenaren Behatokia), erakunde- eta gizarte-ordezkaritzako tresnaz gainera (Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua).

+ HERRITARREI ZUZENDUTAKO KOMUNIKAZIO, KONTZIENTZIAZIO ETA PRESTAKUNTZA estrategia diseinatzea.

Diagnostikotik ondorioztatzen denez, egiteko estrategikoa enplegu-sistema egokiaren bidez eta goi mailako gizarte-estandarren bidez gizarte-aurreikuspen osagarriaren garapen orokorra lortzea da. Hala ere, ezin da alde batera utzi banakako sistemen —hau da, hirugarren oinarriaren— eraginkortasuna eta egokitasuna hobetzeko beharra.
Helburu horren haritik dator proposatutako azken jarduera-ildoa: Gizarte-prestazioen merkaturatzea, bazkidetuei eman beharreko informazioa, kostuen gardentasuna etab. funtsezko gaiak dira, eta garatu beharrekoak horiek ere.

Jatorria: Joseba Azkarraga