Oinarrizko Errentari buruzko II. Sinposioa -Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak antolatutakoa- inauguratu du Vitoria-Gasteizen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak iragarri duenez, Gizarteratzeko Euskal Plana bere azken fasean dago, eta berezko eredu bat jasotzen du elkartasunerako, gizarte-babeserako eta aberastasuna birbanatzeko.
Bere zuzendaritzapeko sailak antolatutako Oinarrizko Errentari buruzko II. Sinposioa inauguratu du Azkarragak. Sinposioa gaur eta bihar bitartean egiten ari da Vitoria-Gasteizko Villa Suso Jauregian, nazioarteko aditu entzutetsuen partaidetzarekin. Bere hitzaldian, Gasteizko Legebiltzarrean laster aurkeztuko den Gizarteratzeko Euskal Planaren oinarrizko abiapuntua iragarri zuen: bai prestazio-politikak, bai politika eraginkorretarako programak, giltzarriak dira langileak laneratzeko eta gizartearen kohesioa eta egituraketa hobetzeko. Horien bitartez berezko eredu bat ezarri behar da elkartasunerako, gizarte-babeserako eta aberastasuna birbanatzeko.
Sailburuak azpimarratu zuenez, berezko eredu hori diseinatzerakoan Administrazioa, erabiltzaileak, elkarteak eta irabazi asmorik gabeko entitateak inplikatu nahi izan dira laneratze eta gizarteratze-prozesuetan, haien partaidetza sustatuz; hori horrela egin da proposatzen diren esku-hartzeen artean era askotakoak daudelako: gizarte-trebetasunak eskuratzeko programetatik hasi eta enplegurako orientazio zerbitzu pertsonalizatuetara iritsi arte, Auzolan programa, laneratzeko enpresak eta irabazi asmorik gabeko entitateekin batera sortutako jarduerak ahaztu gabe. Eragile horien guztien inplikazioari esker -adierazi du Azkarragak- akordioaren eta gizarte-hitzarmenaren bidetik lortu ahal izango dira azken helburuak: gizarteratzea eta laneratzea.
Nabarmendu duenez, Gizarteratzeko Euskal Plana gure filosofia eta gure jomuga denaren testuinguruan kokatzen da, hau da, politika eraginkorrak sustatzea; jakina, politika pasiboak alde batera utzi gabe, baina gizarte-bazterketako prozesuak arintzen edo zuzentzen saiatuz; eta, zoritxarrez, bazterketa hori gauzatzen denean, gizarteratze-prozesuak sustatzea. Azkarragaren iritziz, ezinbestekoa da sail arteko politiken garrantzia aipatzea, alegia, arlo bat baino gehiagotan batera lan egitearen garrantzia, batez ere, osasun-, lan-, hezkuntza- eta etxebizitza-arloetan, gauza jakina baita bazterketak dimentsio eta eragile asko dituela. Eta gure bizitzako beste hainbat alderditan gertatzen den bezala, egoera konplexuetarako ez dago erantzun sinplerik.
Hala eta guztiz ere, sailburuak baieztatu zuenez, baliabide ekonomikorik ez izatea da bazterketa-egoeren arrazoi ohiko eta garrantzitsuenetako bat. Hori dela eta -erantsi zuen- beharrezkoa da talderik behartsuenei oinarrizko behar materialak asetzen lagunduko dien bizitza-maila eskuratzen laguntzea. Ildo horretatik, datozen 4 urteetan Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %86ra iristeko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa berretsi zuen.
Gizarte-errenten politikaren eboluzioa eta oraina markatu dituzten urrats garrantzitsuenen birpasa xume bat egin zuen sailburuak bere hitzaldian. 80ko hamarkadan kokatu zuen gizarteratze-politikari buruzko eztabaidaren benetako hasiera. Horren ildotik, nabarmendu zuen EAE aitzindaria izan dela politika horien aplikazioan, eta adibide gisa aipatu zituen Pobreziaren aurkako Plana, 80ko hamarkadaren amaierakoa; Gizarte Bazterketaren aurkako Legea, 90eko hamarkadaren amaierakoa; edo Gizarte Eskubideen Gutuna, 2000ko abendukoa.
Azkarragak berretsi zuen bere sailaren sinesmen bat herritarren eskubideak benetan bermatzeko, ezinbestekoa da kalitatezko bizitza autonomo eta duina bermatzeko baliabide nahikoak izatea. Gizarteratze beteko egoera lortzeko, beharrezkoa da, neurri handi batean, lan-merkatura iritsi ahal izatea, esan zuen amaitzeko.
Jatorria: Joseba Azkarraga