Azaldu duenez, ziurtagiri horiek gure gizartean funtsezkoa den zerbitzu publiko baten aitorpena dira, baita epaitegietako eta zerbitzu erkideetako arduradunek eta langileek behar bezala egindako lanarena ere.
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak kalitate-ziurtagiriak entregatu ditu, gaur, Justizia Administrazioari aplikatutako kudeaketa edo etengabeko hobekuntzari buruzko jardunaldiaren amaiera-ekitaldian, bertan Auzitegi Nagusiko presidentea, Manuel María Zorrilla, eta Estatu Espainolako Normalizazio-Erakundearen (Aenor) EAEko ordezkaria, Luz Emparanza, ere bazeudela.
Azkarragak egiaztatu legez, banatutako bereizgarriak gure gizartean funtsezkoa den zerbitzu publikoaren aitorpena dira. ´Justizia elkarbizitzaren funtsezko zutabea da, eta poz hartzen dut garai korapilatsu hauetan gure Erkidegoan ematen den zerbitzua kalitatezkoa dela esatea badagoelako´, aipatu du.
Bestalde, sailburuak nabarmendu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan kalitatea kudatzeko sistemak, bulego judizialetan eta zerbitzu erkideetan gauzatzen direnak, ´aurrekaririk gabekoak dira nahiz Estatu osoan, nahiz gure inguruko sistema ezagunen artean ere´. ´Lan handia eman du beroiek ezartzeak, baina merezi izan du; Justizia Administrazioak erabateko kalitatearen kultura bere egitea oso onuragarritzat jotzea baino ez dago´, azpimarratu du.
Haren iritziz, ´gizartearen eskaerari emandako erantzuna da, herritarrek justizia azkarragoa eta gertukoagoa eskatzen baitute, baina, aldi berean, kalitatezkoa eta gazuak eraldatzeko gaia dena´.
Gogoratu duenez, orain dela hamabost urte hasitako erreforma, baliabide materialen gaineko lehenengo transferentziak jaso zirenekoa (transferentzia horiek 1996an, epaitegietako administrariekin osatu ziren) prozesu sakon eta tinko moduan planteatu zen, hiru mailetan egitaratuta: esparru fisikoak modernitzea eta egokitzea, baliabide teknologiko berriak eta antolatzeko eredu berria. Agerian utzi duenez, ´orain informatika-ekipo modernoez hornitutako egoitza berriak ditugu, baina baliabide materialek ezer gutxirako balioko zuten kalitate-sistemak eta etengabeko hobekuntzako sistemak sortu eta ezarri ezean´, eta, horrenbestez, horren aldeko apustua egin zen hasieratik, ´eskumenen aldiberekotasunaren ondorioz, elkarrizketa, komunikazio eta koordinazio lan handia egin beharko zela jabeturik´.
Dena den, segituan esan duenez, ´kalitatea Justizia Sailarentzat helburu estrategikoa izanik, berori lortzea pertsonen esku dago. Erakunde judizial batek malgua, irekia eta sortzailea izan nahi badu, bere kudeatzaileek ere malguak, irekiak eta sortzaileak behar dute izan, horrela soilik lortuko da´; bidenabar, erakundeak langileen ahalmen guztiak baliatzearen alde agertu da, ´baita langileak partaidetzatik, motibaziotik eta konpromisotik ondorioztatzen den ahalmen osoa baliatzaren alde ere´.
Testuinguru horretan kokatu du ziurtagirien banaketa, hau da, ´zuen epaitegietan eta zerbitzu erkideetan egin duzuen lan onaren aitorpena´, eta, orobat, ´ildo beretik lanean jarraitzeko eragingarri izan nahi dutenak´.
Jatorria: Joseba Azkarraga