Nazio Batuetan uztailean Agenda Globalari buruz —euskal gatazka barne— izango den Konferentzia prestatzeko xedearekin Gatazkak Prebenitu eta Eraldatzeko Europar Plataformak Bilbon egindako bilerari hasiera eman dio sailburuak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak hasiera eman dio gaur Bilbon, Justizia, Lan, eta Gizarte Segurantza sailaren babespean, Gatazkak Prebenitu eta Eraldatzeko Europar Plataformak egin duen bilerari. Bilera horren xedea uztailean, Nazio Batuen New Yorkeko egoitzan gatazka armatuak prebenitzeko eta bakea eraikitzeko gizarte zibilak duen egitekoari buruz izango den Konferentzia prestatzea da.
Topaketa horretan Plataforma osatzen duten Europako ehun erakunde baino gehiagok parte hartuko dute Paul van Tongeren-en zuzendaritzapean, eta euskal gatazka aztertuko dute estreinako aldiz. Aipatutako Plataforma Nazio Batuen Idazkari Nagusi Kofi Annanen gertuko laguntzailea da gatazkak prebenitzeko eta bakea eraikitzeko Agenda Globala izenekoa garatzen.
Konferentziari hasiera emateko hitzaldian Azkarragak adierazi zuenez, gaur egun badirudi gatazka bortitzak munduan ugaltzen ari direla, eta horren ondorioz, inoiz baino “premiazkoagoa” dela Bakerako Giza Eskubideari buruzko eztabaidari ekitea. Bilera hori eta antzeko ekimenak, besteak beste, iaz Donostian bere sailak antolatutako Bakerako giza eskubideari buruzko nazioarteko lehen Biltzarra “bakea bilatzeko lan horretan laguntzeko denok dugun beharraren barruan” kokatu ditu sailburuak. “Bake hori —adierazi zuen— ez da bakarrik bortizkeriarik ez egotea; aitzitik, politika-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-mailako eskubideen gainean eraiki behar da, justizia sozialean eta pertsona zein herrien duintasunean oinarrituta”.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren arabera, “bada garaia gatazkak kudeatzeko era berriak erabiltzen hasteko, konponbide belizistak alboratuta. Konponbideak arazoen sorburuetara joz bilatzeko garaia da. Izan ere, ziur gaude gatazkak sortu eta hazteko testuinguru emankorrak elikatzen dituzten iturburuetara jo behar dugula, horiek konpondu behar baditugu. Sorburuetara jo ezean, eta ez ondorioetara bakarrik, ezin izango da konponbide zuzen eta iraunkor batera iritsi. Eta hori horrela da munduko leku guztietan, baita negarra eta sufrimendua zer den ondotxo dakien herri honetan ere” azpimarratu zuen.
Azkarragak esan zuenez, nabaria da aldaketaren bat izan dela hainbat gobernuk gai horren inguruan duten jarreran. Aldaketa horren arabera, badirudi biolentziaren sorburuetara jotzea bortizkeria hori justifikatzea dela, “arrazoiak aztertzeagatik gatazka horiek arrazoizkoak, zilegizkoak eta ondo oinarrituak direla aditzera emango bagenu bezala”. Hain zuzen ere, Madrilen Demokrazia, Terrorismo eta Segurtasunari buruz izan berri den gailurra aipatu du. Izan ere, haren ustez, han entzun ziren “beste batzuk lehenagotik erabiltzen aritu garen termino batzuk” besteak beste: “arrazoien analisia”, “azpiko eragileak” edo “konponbide politikoak”.
Sailburuak azpimarratu zuenez, ziur zen bakerako eta normalizazio politikorako edozein prozesutan —hemen eta edonon— inplikaturiko eragileen partaidetza beharrezkoa dela, hau da, inor baztertu barik, prozesuaren barruan sartu egin behar da.
Horretaz gainera, ezinbestekotzat jo du bortizkeriaren aurkako borrokan Giza Eskubideak zorrotz errespetatzea. Eta Nazio Batuen idazkari nagusi Kofi Annan aipatuz, gaineratu duenez, “giza eskubideak defenditzea, terrorismoaren aurkako estrategia eraginkorrarekin bateragarria ez ezik, horren ezinbesteko osagaia era bada”.
Era berean, Azkarragak adierazi duenez, “bada garaia Estatuek eta nazioarteko erakundeek neurriak har ditzaten, behintzat, ekintza bortitzen sorrera errazten duten egoerak eta testuinguruak nolabait arintzeko, Nazio Batuen Gutunarekin eta Giza Eskubideekin bat datozen prebentzio politikak egiteko, esku-hartze bortitzak ekidin ahal izan daitezen; hori guztia multilateralismoaren irizpidea aplikatuz, nagusiki”. Gaineratu duenez, ordua da “munduko herritarrek hitza eta partaidetza izan dezaten prozesu honetan guztian”. Horren ildotik, Europar Plataformaren lana goraipatu zuen, izan ere, ezinbesteko bihurtu da “gizarte-erakundeen eta gizarte zibilaren protagonismoa lortzeko gerrako edo gerra-aurreko egoerak prebenitu, kudeatu eta eraldatzeko prozesuetan”, eta horrela “bakean bizitzeko pertsonek eta herriek duten gogoa entzun, kontuan hartu eta errespetatu dadin” lortzeko.
Jatorria: Joseba Azkarraga