Martin Aranburu, legebiltzarkidea.
Askotan entzun ditugu Mendebaldeko estatuen ordezkari politikoak, kazetariak, iritzi emaileak eta abarrekoak abertzaletasunaren arriskuaz berba egiten. Abertzaletasunak arrazismoa, bazterkeria, etnizismoa eta, zenbait kasutan, gudak ditu ondorio, eta beraz, XIX. mendeko ideologia atzeratutzat jotzen dute. Harrigarria da, behinik behin, abertzaletasuna deituriko ideologiaren azterketa, zeren eta, hipokresia gehientsuena pairatu behar duen ideologia baita.
Salatu nahi dudan hipokresia kontzeptu horren onarpenean datza hain zuzen. Gure burua abertzaletzat jotzen dugunok onartu egiten dugu herri bakoitzak bere identitate propioa dugula, ondoko herrienetik desberdindua, ez hobea, ez okerragoa, baizik eta desberdina.
Desberdintasun horiek hizkuntzan, ohituretan, sinbologian, adierazpen kulturaletan eta beste hainbat elementuetan ematen ditugu aditzera, horrela komunitate edo herri bateko kide desberdinen arteko identitate komuna sortzen dutelarik. Identitate horren defentsa edo indartzea helburu duen ideologia politikoa da abertzaletasuna.
Nortasun bereiziaren kontzientziak alde biko borroka batera eraman ditu herriak: alde batetik, nortasun nazionala betikotuko duen lurraldearen lorpenera, hemen kokatzen dira herrien askapen borroka desberdinak, edo nortasun nazionala betikotuko duen lurraldeari eustera, bertan kokatzen direlarik herrien aldarrikapenen zapalketa sistematikoak. Bi dinamika politiko hauek ezaugarri komun bat dute: herri kontzientziaren defentsa, hau da, abertzaletasuna. Hor kokatzen da hain zuzen hipokresia: nazio-estatuaren defentsarako izanik, onargarria da abertzaletasuna; aldiz, aldarrikapenerako bada, salagarri, arrazista, baztertzaile eta etnizistatzat jotzen dute.
Gibraltarreko lehian Espainiak eta Erresuma Batuak izandako ika-mika adierazgarria da. Euskal Herritik, Kataluniatik, Irlandatik edo Eskoziatik subiranotasuna eta herrien iritziaren errespetua aipatzeak abertzaletasunaren aurkako kritikak pizten ditu Madril eta Londresen.
Harrigarria zen, ordea, Pique eta Londreseko gobernuaren Atzerri ministroa den Straw azken egunetan entzutea, Gibraltarreko auzia konpontzeko helburuarekin bata eta bestea bertako biztanleen iritziaren errespetuaz eta banatutako subiranotasunaz hitz egiten entzutea. Argi dago beren nazioaren defentsan erabilgarri diren termino horiek ekidin beharrekoak direla estatu propiorik ez dugun nazio edo herrientzat. Salagarria da, esaterako, mendez mende Irlandan autodeterminazio eskubidea ukatu duen gobernuak Gibraltarreko biztanleen iritziaren errespeturako eskubidea erabiltzea Espainiaren aldarrikapenak alde batera uzteko.
Salagarria, baina Richelieuk berak esan zuen bere garaian: «Raison d´êtat».
Jatorria: Martin Aranburu