Karmele Antxustegi. Legebiltzarkidea
Bukatu berri dugu 2003 urtea, pertsona ezinduen urtea Europan.
Pertsona ezindua, horren egoera, behar, eskakizun eta abarri buruz hitz egin digute eta aldi berean, politikariek hartutako konpromisoei buruz ere gauza asko entzun ditugu. Europa, estatu, komunitate autonomo, herrialde eta udalerri mailan hartutako konpromisoez ari naiz.
Espero dut konpromisoak hartzeko erabilitako indar berarekin aritzea konpromisoak burutzean. ´Espero dut´ esan dut, izan ere badirudi edozein talderen urtea Europan pasatuta pertsona edo talde horiekin hartutako konpromisoak bertan behera geratzen direla askotan.
Pertsona izate hutsagatik guztiok ditugun eskubide berberak dituzten pertsonez ari garela izan behar dugu kontuan. Zein da pertsona horien eta gure arteko aldea? Ikusi, entzun, hitz egin, adierazi, garatu eta abarretarako ´baliabide bereziak´ behar izatea da alde bakarra.
Baliabide horiek ere eskubidetzat hartu beharko genituzke, pertsona ezinduok eskubide pertsonalak baliatu ahal izateko derrigorrezko baldintza baitira. Horrekin gogorarazi nahi dut pertsona ezinduak, dena delako ezintasuna duelarik, osasun, hezkuntza, aisialdi, enplegu, etxebizitza-eskubideak dituela. ´Ezintasuna´ onartuta ez duen beste batek dituen eskubide berberak izan behar ditu.
Era berean, Planak, Legeak, Aginduak edo herritarrentzako politikak eratzeko helburua duen beste edozein araudi emateko orduan ANIZTASUNA izan behar dela kontuan gogorarazi nahi dut, gerora hainbatentzako politika berezien beharrik ez izateko. ´Zuloak estaltzeko´ politiken garaia bukatu dela pentsatu nahi dut eta politika integratzaile eta barneratzailearen garaian sartu garela. Baztertze positiboak aldi baterako bitarteko dira eta ez helburu. Helburua gizarteratze eraginkorra eta erreala lortzea da.
Horretarako, 2004 urteari hasiera emateko orduan gure jokabide guztietan ondorengoak kontuan hartzea nahi nuke:
– Pertsona guztiok ditugu eskubide berberak
– Aniztasuna bada
– Aniztasuna aberastasuna da
Ondorioz, eratzen dugun guztiak aniztasun horri erantzun behar dio eta GUZTIONTZAT ERATUTA delakoaren irizpideak bete behar ditu.
Gehienok pertsona autonomoak izateko eta osotasunean garatzeko erabili nahi ditugu gure eskubideak, gure gaitasunak gizarteari eskaintzeko. Hori hala da. Jakin badakit askok ezin izango duela ekarpen ikusgarri eta aktiborik egin baina ez diete, hala ere, dituzten eskubideei uko egin. Eta horregatik behartuta gaude horiek eta horien senitartekoak duintasunez bizitzeko bitartekoak ezartzera. Bide batez, ezintasunen bat dutenen senitartekoei nire esker ona adierazi nahi nieke egiten duten lanagatik, seme-alaba, anai-arreba, bikotekide horren etorkizuna bermatzeko egiten duten etengabeko ahaleginagatik.
Eusko Alkartasunakook euskal instituzioetan garatu ditugun eta garatzen ari garen politika guztietan aniztasuna eta ezberdintasunak aintzat hartzen saiatzen gara. Baina, jakin badakigu, justizian oinarritutako politikak garatu baditugu ere, ezintasunean, sexuan, arrazan edo bestelako egoera baztertzaile justifikaezinetan oinarritutako ezberdintasunik ez duen gizarte justu bat lortzeko lan asko egin behar dela oraindik.
Hori dela-eta egiten dut oraingoan hausnarketa hau idatziz eta, ezaugarri ezberdinak izanda ere, guztiok ditugula eskubide berberak kontuan izatea eskatzen dizuet guzti-guztioi. Beraz, batzuk gure eskubide guztiak erabiltzeko dena delako baliabideak behar baditugu, politikariek eta gizarteak bere osotasunean baliabide horiek lortu ahal izatea ahalbidetu behar dute.
Espero dezagun 2003a egoera ezberdinen ezagutzarako eta ezinduen bizimodua, eskariak eta helburuen inguruko hausnarketarako urtea izana eta 2004a eta ondorengoak pertsona guztien eskubideak betetzeko bermea ezarriko duten politika errealen urteak izatea. Nire itxaropen hau errealitate izango delakoan, nire esku dagoen guztian hala jokatzeko konpromisoa hartzen dut.
Jatorria: Karmele Antxustegi