Ikerne Badiola- Komunikazio eta Marketing idazkaria “Ezker abertzaleko zenbait agintariren atxiloketek sorturiko egoerari eman beharreko erantzuna iniziatiba politikoak izan behar” duela adierazi du Ikerne Badiola Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkariak, eta EA esparru abertzaleko gainerako eragile politiko, sozial, sindikal eta ekonomikoekin harremanetan jarri dela iragarri du, “herri askatasunen kontrako eraso zuzen honi eman beharreko erantzun bateratua zehazteko”.

“Ezker abertzaleko zenbait agintariren atxiloketek sorturiko egoerari eman beharreko erantzuna iniziatiba politikoak izan behar” duela adierazi du Ikerne Badiola Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkariak, eta EA esparru abertzaleko gainerako eragile politiko, sozial, sindikal eta ekonomikoekin harremanetan jarri dela iragarri du, “herri askatasunen kontrako eraso zuzen honi eman beharreko erantzun bateratua zehazteko”.

EAko zuzendaritza nazionalak ezohiko bilera egin du Donostian eta, azkeneko atxiloketak direla eta, espainiar Estatuari egotzi dio “ezker abertzalean bide politikoen alde sor daitekeen edozein apustu ezabatu nahi izatea eta, era horretan, gatazka politikoaren behin betiko konponbidea ezinezko bihurtu nahi izatea”.

Agintari abertzalearen esanetan, “parte hartzeko, biltzeko eta adierazteko eskubideak mugatzen eta urratzen dituzten ilegalizazioen ondoren, Garzon epaileak, ‘guztia ETA da’ tesi faltsua baliatuz, ordezkari politikoak atxilotzeari ekin dio bide politikoak eragotziz eta Euskal Herriko normalizazio politikoa urrunduz”. Badiolak “joko zikina egitea” leporatu dio horregatik espainiar Estatuari.

Atzoko erabaki politiko eta judizialen helburua, salatu du Komunikazio idazkariak, EAk defendatzen duen indar abertzaleen batasunaren aurka egitea da, baina, ohartarazi duenez, “EAk bere ahalegin guztiak biderkatuko ditu indar abertzale guztiekin gutxienezko akordioak adosteko, bide baketsuen bitartez prozesu subiranista bat bultzatzearren”.

EAren irudiko, une honetan iniziatiba politikoari eustea ezinbestekoa da eta horregatik harremanetan jarri da esparru abertzale eragile politiko, sindikal, sozial eta ekonomikoekin atzoko operazio polizialari merezi duen erantzuna emateko, EAren iritziz oinarrizko askatasunen eraso zuzena izan baita.

EAk ezohiko Nazio Batzarra deituko du baita ere afiliatuekin batera egoera aztertzeko eta bultzatu beharreko ekimenak zehazteko.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna