IKERNE BADIOLA EAko buruzagiak EAJri eskatu dio “Madrili etengabe begiratzeari utz diezaiola eta gainerako abertzaleekin lan egin dezala gatazka behin betiko konpontzeko”.

Rajoyren eta Urkulluren arteko bilerak “agerian utziko du EAJri izugarri gustatzen zaiola atzo bertan euskal independentismoari mehatxu egin zion eta Euskal Herriko ekonomia oztopatzen duen PPrekin Espainian gobernatzen jolastea”, adierazi du Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak.

EAko buruzagiak nabarmendu duenez, “erreferentzi politiko eta erabakigune bezala Euskal Herriari begiratu beharrean, EAJk Madrili begiratzea nahiago du berriz ere, eta modu honetan PPren besoetan erori da, popularrek atzo bertan independentismoari mehatxu egin arren, euskal gizartea autodeterminaziorantz tinko doan agertoki politiko berri honetan oso urduri daudela argi utziz”.

“Madrilek -dio Badiolak- ez du onartzen Euskal Herrian independentismo indartsu batekin ireki den aro politiko berria; horregatik aldatu nahi dute hauteskunde-legea, putxerazoa egin eta herri honetako errealitate soziala eraldatzeko”.

Hori dela eta, EAko agintariak EAJri eskatu dio “Madrili etengabe begiratzeari utz diezaiola eta gainerako abertzaleekin lan egin dezala, gatazka euskal gizartearen nahien arabera behin betiko konpontzeko”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA