Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etxegarairen ahotik dator berria: Frantziak ez die, gaur-gaurkoz, Baiona eta Hendaiaren arteko AHTren obrei ekingo. Horren ordez, egun daukaten trenbidea hobetu eta azkartuko dute. Berri ezin hobea: hobekuntzok 2020rako bukatuko dira, Lapurdiko herritarrei zerbitzu hobeagoa emango diete eta Hendaia eta Baiona arteko bidea 10 minutuan murriztuko dute.
Erabaki hau hartzerakoan, antza, ingurumen zein finantza argudioak kontuan izan dira, ahaztu gabe egon diren presio sozialak eta lortuko diren gizarte etekinak. Datu bat ematearren, AHTren kilometro bat eraikitzeko 40 bat milioi euro behar dira. Hendaia eta Baiona artean dauden 40 kilometro trenbide konpontzeko, berriz, soilik 20 milioi beharko dituzte.
Baina berri pozgarri honek Hegoaldean ere baditu ondorioak. Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako zein Espainiako Gobernuko politikariek euskal jendarteari urteetan eta urteetan gezurrak esan izana aitortu beharra. Inork ez daki Madril eta Euskal Herriaren artean noiz egongo den abiadura handiko lotura bat, noizbait egotekotan. Gaur, baina, denok dakiguna da gure euskal Y-a ez dela Iparraldearekin abiadura handian lotuko. Esanguratsua izan da gai honi buruz euskal zein espainiar erakundeek agertu duten isiltasuna. Inor ez da atera berri honi buruz inongo azalpenak ematera, AHTren balizko onurekin etengabe bonbardatzen gaituzten arren.
Etsigarria da, 20 urte igaro ondoren, Euskal Herrian sekula eraiki ez den obra faraoniko honetan eta diru publiko zenbatezina gastatu ondoren, oinarrizko ezaugarriak finkatu eta adostu gabe izatea: Ez dakigu proiektua noiz bukatuko duten, ez dakigu zein abiadura hartu ahal izango duen, ez dakigu Nafarroarekin lotura egongo den ala ez eta, egotekotan, non eta zein abiaduratan izango den, ez dakigu billeteak zenbat balioko duen, edota bere prezio altua diruz laguntzeko asmoa izango duten ala ez, ez dakigu trenak zenbat geltoki erabilgarri izango dituen eta, ezinbesteko datu bat, jakin ere ez dakigu merkantziak garraiatzeko baliagarria izango den ala ez.
Esan gabe doa, ezjakintasun guzti honen aurrean, faktura zenbat mila milioi euroraino iritsiko den zehaztea ezinezkoa dutela. Gaur da eguna, non Eusko Jaurlaritza ez den gai izan ikerketa ekonomiko independente bat bera ere aurkezteko. Eusko Jaurlaritzak ezin izan du frogatu obra hau, etorkizun luze batean bada ere, euskal jendartearentzat errentagarria izango denik. Edonola ere, denontzat ezaguna den datu objektibo eta eztabaidaezina hurrengo hau da: espainiar Estatuan AHTko linea bat bera ere ez da errentagarria.
Euskal herritarrok pentsatu beharko genuke huts egin duen eredu espainiar hau zergatik nahi diguten Euskal Herrian ezarri. Zergatik berau diseinatzeko eta eraikitzeko eskumenik izan gabe, Eusko Jaurlaritza, aurten, adibidez, 3.500 milioi baino gehiago aurreratzen ari den, obra hau, kosta ahala kosta eta ahalik eta azkarren, egin dadin. Deigarria da, era berean, EAJk obra hau eraikitzeko zuen gogo neurrigabe horrekin harrituta, Madrilgo Gobernuko Soraya Saenz de Santamaria ministroak nola azaldu zuen Urkullu lehendakaria benetan kezkatzen zuena lanak nori esleitzen zitzaizkion zela. Baieztapen oso zorrotza, baina erantzunik gabe geratu zena.
Bigarren ondorioa, beraz, ereduari dagokio: badago kudeatzeko beste era bat eta ez dago Espainiaren modeloa kopiatu beharrik. Xedea etekin soziala izatea bada, ahaztu gabe ingumen arlokoa, zergatik hipotekatu gure oraina eta geroa horrelako azpiegitura erraldoi batekin? Zergatik bideratu guztion diru publikoa, ahalmen ekonomiko handia duten herritarrek bakarrik erabili ahalko badute? Zergatik ezkutatu obra honek dituen eraikuntza gastu erraldoiez gain artapenak berak ere izugarrizko kostuak izango dituela?
Hori dela eta, Europarekin loturarik ez dela izango jakinik eta, bestelako kudeaketa serioago eta sozialki errentagarriagoa egiteko, aurreikusitako AHT zati bat bertan behera uztea posible dela jakinda, hirugarren ondorio hau agertzen zaigu: moratoria bat ezartzea behar-beharrezkoa da, eragile politiko, akademiko eta sozialak mahai baten inguruan eseri, txosten tekniko eta azterketa independenteak eskatu eta guztion artean euskal herritarrentzat irtenbiderik onena adosteko.
Nor bere sinesmenekin ziur egonik, arazo handirik ez luke izan behar beste batzuekin eseri eta, datu objektiboak eskuan, gaiaz eztabaidatzeko eta zerbait adosteko. Ez baitugu imajinatu ere egin nahi, Soraya Saenz de Santamaria ministroak aipatzen zituen interes ezkutu horiek norbaitzuk herritarren interesen gainetik jartzen dabiltzala, ezta?