Eusko Alkartasunak Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalek bakea sendotu eta Estatu frantsesean espetxeratutako euskal presoen giza eskubideak defendatzeko egindako ahalegina babestu du.
Baionan gaur egindako agerraldian ezagutzera eman eta euskal ordezkariek Frantziako Justizia Ministerioarekin egingo duten bilerarako oinarria den testua babestu du alderdiak. Are gehiago, Ipar Euskal Herriko hainbat sektore politiko eta sozialen elkarlana Hegoaldean ere jarraitu beharreko adibidea dela uste du, eta eredugarritzat jo du sinatzaileek bakegintzarekin, bizikidetzaren eraikuntzarekin eta gatazkaren ondorioak gainditzearekin duten konpromisoa.
Hemen testu osoa: Goiz huntan Euskal Herriko delegazioa bildu da prentsaren aitzinean bere bake prozesuaz eta presoen egoera bere ikuspuntua azaltzeko.
Konfinamendutik ateratzen garen garai hontan, presoen gaia mahaiaren gainean ezarri nahi dugu berriz ere.
Bizi izan dugun garai zailak euskal presoen egoera lotsagarri eta onartezina dela baieztatu besterik ez du egin. Zenbait errealitate tristek berresten dute azterketa hori, eta bake-prozesuaren ofentsiba berri bihurtu beharko dugu:
– 2020ko otsailaren 27an jadanik, ministerio publikoaren jarrera salatu genuen Baionako epaitegi aitzinean, esklerosi anizkoitzarekin larriki eri den Ibon Fernandez Iradiren kondenaren etetearen kontra agertu baitzen, epaileek askatzea onartu ondoan.
– Covid 19ak sortu ezohiko osasun-egoera dela eta, Justizia Ministerioak neurriak hartu zituen pandemian zehar kartzelak arintzeko. 6 euskal preso beren adinagatik eta/edo patologiagatik kartzelatik ateratzeko irizpideetan sartzen ziren, baina baldintzetarik bat izanez terrorismoarekin zerikusia duten egintzengatik kondenatua ez izatea, ezin izan zuten neurri horretaz baliatu. Horrek erakusten du, zoritxarrez, ez dugula oraindik salbuespenezko neurriekin bukatu, nahiz eta duela hiru urtetik ministerioarekin daramatzagun eztabaiden ibilbide-orriaren parte izan, eta nahiz eta inplikatutako presoak, ETAren erabateko desarmea eta desegitea eragin duen bake prozesuan sartzen diren.
– Gatazkaren bukaeran aktiboki parte hartu duen Josu Urrutikoetxea, infekzio arriskuan diren pertsonen kategorian sartzen da adinagatik (kasik 70 urte) eta osasun-egoera kaskarragatik. Martxoaren 26an, La Santé-ko Espetxeko mediku buruak, kasu positiboak bazirela ikusiz (bai zaintzaileen artean, bai atxilotuen artean), alerta bat ezarri zuen martxan, eta adierazi zuen Josu Urrutikoetxeak “patologia kronikoak dituela”, Covid 19aren “kutsaduraren aurrean pronostiko txarra eragiten dutenak”, eta “kartzelaratzea bertan behera uztea” gomendatu zuen. Ez dugu ulertzen zergatik ez den hala egin, batez ere epaitzeko ez denean atxilotua izan beharrik. Ez dugu ulertzen ere, zergatik ez den hala Frédéric Haramboure, Jakes Esnal, Ion Parot, Ibon Fernadez Iradi eta Juan Cruz Maiza Artolarentzat.
– Bakartuak, urrunduak, bisitarik gabe konfinamendu garaitik (martxotik), Covid 19ren esparruan gomendaturiko neurrietatik kanpo, hau da osasun-krisi honek nabarmendu duen errealitate tristea. Salbuespena salbuespenean. Patxi Ruiz-en egoera honen isla da. Horrek, berriz ere, alarma jotzera garamatza : salbuespeneko neurriak aplikatzea, kartzelako baldintzak edo urruntzearen baldintzak edo irteera-perspektibarik ez izatea, muturreko egoeraren islada dira, itzulezineko egoeraren islada!
– 2020ko maiatzaren 12an, Parisko Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak baldintzapeko askatasuna eman zion Jakes Esnali. Kasik 70 urte ditu Esnalek, eta erabaki hori agurtu genuen. Baina, beste behin ere ezin izan zen praktikan jarri, Parkete Antiterroristak helegitea aurkeztu baitzuen. Nola justifika daiteke 30 urte baino gehiago kartzelan eman dituen gizon bat preso mantentzeko oztopo hori, baldintzapeko askatasuna lortzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituenean? Alta, erabaki hori, baldintzapeko askatasun eskaeren artean lorturiko erabakirik “ederrena” zen: erabaki hori hartzeko elementu guztiak bake-prozesuak sorturiko testuinguru onuragarri eta itzulezinean oinarrituak ziren. Zoritxarrez, ministerio publikoaren helegiteak bakearen bidean aurrera egiteko itxaropena hautsi du berriz…
2020: Duela hiru urte, 2017ko apirilaren 8an, Euskal Herriko gizarteak, bere aniztasun sozial eta politikoan, ETAren armagabetzeari ekin zion. 20.000 pertsonen aitzinean adierazi genuen: “Desarmatzea iraganaren eta etorkizunaren arteko haustura puntua markatzea da! (…) Biktimen gaiari heldu beharko zaio, biktima GUZTIEN gaiari: bake prozesuaren erdian dira”. Eta azpimarratu genuen ere “ez duela balio, sufriarazteko borondatea beste ezer justifikatzen ez duten kartzelako baldintzak aplika araztea”. “Baldintzapeko askatasun-neurriak sistematikoki errefusatzea, presoei familia-loturak kentzea, zigorrari gehitzen zaion zigor handiagoa besterik ez da”.
Hiru urte geroago, gaurkotasun dramatiko baten dei honek errealitate gordinarekin talka egiten du: Ion Parotek, Jakes Esnalek eta Xistor Haramboure-ek, joan den apirilean espetxean hogeita hamar urte bete zituztenek, Frantziako kartzeletan segitzen dute. Alta, Espainian 1978tik 1989ra bitartean egindako egitateengatik Frantziako justiziak betiko zigortuta, Espainian epaituak izan balira, hau da, atentatuak egin zituzten lekuan, gehienez 30 urteko kondena izanen zuten. Gaur aske izanen ziren… Behin betiko epaitu zituzten Frantzian, 15-18 urteko segurtasun-epearekin. Epe hori nabarmen gainditurik ere, zigorrak antolatzeko eskaera guztiak baztertu zaizkie. Borroka armatua behin betiko bukatu ondotik ere, Aieteko konferentziaren biharamunean, ETAren erabateko desarmearen ondoren, eta baita duela bi urte desegin ondoren ere. Are Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak zigorraren antolamendua onartzen duenean ere, prokuradoreak perspektiba guztiak baztertzen ditu!
Preso horiek kondena heriotzeraino bete behar dutela erabaki ote du podereak? Hala bada, ulertezina eta arriskutsua litzateke! Hala ez bada, orain askatu behar dira!
Borroka armatua bukatu eta 10 urte geroago, ETA desarmatu eta desegin ondoren, gizarte zibilak bere aniztasunean hasiriko lasaitasunerako kudeaketa guztien ondotik, estatuek ez dute ikuspegi boluntaristarik eta hori arduragabekeria hutsa da!
Errepikatzen dugu: Euskal Herrian abiatua den bake-prozesua prozesu interaktiboa besterik ezin da izan. Alde bakarretik bultzatua, “alde anitzekoa” bilakatu behar da. Prozesu honetan, urrats berri bakoitzak aurreko urratsak finkatu eta urrats berrien ikuspegia zabaldu behar du. Dinamika hori gelditzen bada, prozesua erortzen da. Beraz, behartuak gira azken urteetan ireki den bidea segitzea. Eta ez diogu betebehar horri huts eginen, ez baita atzera egiterik, ezta bidearen erdian trabatua gelditzerik ere!
*Oroitzeko, hona hemen Euskal Herriko delegaritzaren osaketa : JEAN-RENÉ ETCHEGARAY, Euskal Herriko Herri Elkargoko Lehendakaria eta Baionako auzapeza (UDI) ; VINCENT BRU, Pirineo Atlantiketako Diputatua (Gehiengo presidentziala) ; FRÉDÉRIQUE ESPAGNAC , Senataria eta Akitania Berriako lurralde kontseilaria (PS) ; MAX BRISSON, Pirineo Atlantiketako Senataria eta Biarritze eslkualdearentzat departamenduko kontseilaria (LR) ; EMILIE DUTOYA, Akitania Berriako lurralde kontseilaria (PS) ; ALICE LEICIAGUEÇAHAR, Akitania Berriako lurralde kontseilaria (EELV) ; MICHEL VEUNAC, Euskal Herriko Herri Elkargoko lehendakari ordea, Akitania berriako lurralde kontseilaria eta Miarrizteko auzapeza (Modem) ; KOTTE ECENARRO- Euskal Herriko Herri Elkargoko lehendakari ordea, Hendaiako auzapeza eta Hendaia Hego kosta eskualdearentzat departamenduko kontseilaria (PS); ALAIN IRIART, Euskal Herriko Herri Elkargoko Lehendakari ordea eta Hiriburuko auzapeza (EHBAI) ; LUCIEN BETBEDER, Auzapezen Biltzarreko Lehendakaria eta Lekorneko auzapeza ; MICHEL TUBIANA, Giza Eskubideen Ligako Ohorezko lehendakaria eta Bakegilea ; ANAIZ FUNOSAS, Bake Bideako lehendakaria ; MICHEL BERHOCOIRIGOIN, Bakegilea ; JEAN-NOËL « TXETX » ETCHEVERRY , Bakegilea.