Alderdien Legea dela-eta Euskal Herrian hainbat eskubide urratzen direla Euskal Herrian epe ertainera bakea lortzeko bermerik ez dagoela uste du Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Joseba Azkarragak. Ez dago ziur indarkeriari amaiera emateko eta normalizazio politikoa lortzeko abiatutako prozesua finkatzea lortu ote den. «Gaur egun prozesu honen une zail eta korapilatsuenean bizi gara».
ETAren atentatuak eta azken hilabeteetako neurri judizialek bakea lortzeko aukerak gutxitu egin dituztela adierazi du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide Fakultatean (Herrialde Katalanak) emandako hitzaldian. Neurri judizial asko Alderdien Legearen ondorioz hartu direla salatu du, eta lege hori indargabetzeko eskatu du. «Alderdien Legeak inoiz zalantzan jarri behar ez ziren eskubideak linboan uzten ditu». Lege horrek demokrazian lekurik ez duela nabarmendu du. «Tamalez, Alderdien Legearen ondorio maltzurra dela medio, adierazteko, biltzeko edo manifestatzeko eskubideak ez aurrera eta ez atzera daude herritar askorentzat».
Dena den, Batasunak ere egin duena baino gehiago egin zezakeela iruditzen zaio, eta behar besteko autokritikarik egin ez izana leporatu dio. «Batasunaren munduak ez du behar besteko autokritikarik eta kemenik erakutsi, eta horrek eremu demokratikoan politika egiteko gaitasuna kentzen dio». Bere iritziz, alderdi politiko guztiak baldintza beretan hauteskundeetara aurkeztu ahal izatea ez da Estatuari edo gainerako alderdiei soilik eskatu behar zaien zerbait, eta Batasunak ere gai horretan zer eginik baduela uste du. «Batasunak ETAri aurrez aurre begiratu beharko lioke eta behingoz politika egiten utz diezaiola eskatu beharko lioke».

Espainiako Gobernuak prozesuan izan duen «pasibotasuna» kezkatzeko modukoa dela salatu du, eta PPk «prozesuaren kontra» duen jarrerak PSOE baldintzatu duela uste du. «Nahigabetzen nauena da pasibotasuna eta ekintza gabezia nahasi direla. Zapateroren hitz politak ez ziren ekintzetan gauzatu, eta ekintzak nahitaezkoak dira konfiantza sortzeko». Espainiako Gobernuak espetxe politikan aldaketaren bat egin izan balu, bake prozesuak aurrera egiteko aukerak izango zituela uste du.
Haren iritziz, alderdi politikoak ere ez dira bake prozesuak eskatzen duen mailara iritsi. Hala, Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko bide bakarra elkarrizketa dela jakin arren, bazterketarik gabeko alderdien mahaia eratzeko gai izan ez direla salatu du. Haren iritziz, gatazka politikoa gainditu nahi bada, «lehenago edo geroago», alderdi politiko guztiak elkartu eta eztabaidatu egin beharko dute. «Zailtasunak etengabeak dira, baina nik espero dut gaindiezinak ez izatea». Irtenbidea askatasun partekatu batetik irits daitekeela iruditzen zaio, baina, Euskal Herrirako edozein proiektuk herritarren oniritzia izan beharko duela adierazi du. «Badakigu ezin izango dugula aurrera egin herritar guztien eskubideekiko errespetua bermatzen ez bada».

Berria

Jatorria: Joseba Azkarraga