Gaur, maiatzak 24, Bakearen Aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da, emakumeok ere indarkeriaren desagerpena ekarriko duen konponbidearen bila ari garela, gatazkak gure gizartearen garapenerako eta hazkunderako aukera bilaka daitezen lan egiten dugula eta gatazka politikoak konpontzen laguntzen dugula gogorarazteko.
Ikuspegi honen arabera, bakearen alde elkarrekin lan egin dezakegula gogorarazi nahi dugu, bai eta laguntza-sareetan sakondu beharra azpimarratu ere.
Eskozia, Gales, Katalunia, Flandria… eta Euskal Herriko emakumezkoak gara eta gure herriek bizi dituzten gatazka politikoen inguruko eztabaidan eta beren konponbidean murgilduta gaude. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu politikoki parte hartzea, gatazkak eta norgehiagokak desblokeatu eta gainditzeko; halaber, ezinbestekotzat jotzen dugu konponbideak bideratuko dituzten ekimenak sustatzea.
Gure herriek pairatzen dituzten gatazka politikoetariko bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu, baina bat gatoz Erresuma Batuarekiko edota Espainiarekiko harreman-marko berri bat aldarrikatzen dugunean eta estaturik gabeko herriei dagozkien eskubideak aitortzen ditugunean.
Gatazka politiko hauetariko bakoitzaren konponbideak ezberdinak izango dira, baina elkarren arteko antza ere badute: guztiak elkarrizketaren, negoziazioaren eta herritarren erabakitzeko gaitasunaren bidez konponduko direla, hain zuzen ere. Horregatik, bat egiten dugu autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko orduan.
Bakea eta normalizazio politikoa ditugu helburu; horregatik, bat gatoz gatazken konponbidea soilik bide baketsu eta demokratikoen bitartez defendatzearekin, giza eskubideen urraketa guztiak gaitzetsiz eta gizabanako guztientzako giza eskubide guztiak aldarrikatuz.
Adierazitako honengatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak proposaturiko ibilbide orriari gure babes osoa ematen diogu, ekimen politiko demokratikoa zilegi delako, elkarrizketan, akordioa lortzeko borondatean eta gizartearen hitzan oinarritzen delako, alegia. Uste osoa dugu bertan aurreikusten diren urratsetan euskal gatazka politikoaren konponbide demokratikoa datzala.
Nekane Altzelai, Carme Porta, Nelly Maes, Leire Ereño, Onintza Lasa, Elisa Sainz de Murieta, Karmele Antxustegi, Idoia Cuadra, Esther Larrañaga, Anna Simo i Castello, Patricia Goma i Pons, Maria Angels Cabases Pique, Marta Cid i Pañella, Marina Llansana Rosich, Maria Merce Roca i Perich, Laura Vilagra i Pons, Georgina Oliva, Jill Evans eta Tatjana Zdanoka. EAko, ERCko eta ALE Europako Aliantza Libreko kide eta hautetsiak
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Eusko Alkartasuna